Iraitz Agirre Aranguren.
ARKUPEAN

Alde egotetik egitera

2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Berdintasunaren ideala eta diskriminazio ezaren printzipioa banaezinak diren bezala, botere harremanak eta erresistentziak ere eskutik doaz. Azken hau boterearen kontrako dinamikekin lotzen dugu askotan, erresistentzia politikoa zibilizazioaren historian ez ezik gure herriaren genealogian ere funtsezko elementua izan baita. Baina statu quo-ari eusteko sortzen diren fenomeno guztiak ere biltzen dira erresistentzien baitan. Statu quo-a momentu konkretu batean ezarritako eredu eta baldintzei deritze, egiteko modu zein egitura horiek sortu zituztenentzat oreka edo harmonia egoera bezala hartzen dena. Zerbait aldatzen denean, beraz, asaldura egoerak gertatu ohi dira. Gauzak bere horretan utzi nahi direnean statu quo-ari eutsi nahi zaiola esaten da, normaltasunetik eta kontrolatzen dugunetik kanpo ezer gerta ez dadin.

Gauzak hobeto egiteko erak aldatzea ezinbestekoa dela errepikatzen den garaiotan, eta statu quo hori ezbaian jartzearen ideia asko txalotu ohi den arren, zerbaiten alde egotetik horren alde egiterako arrakalak ez dira makalak izaten.

Aldaketekiko erresistentziak modu aktiboan edo pasiboan gorpuzten dira. Gutxiegitan era esplizituan, eta etengabe inplizituan. Bai behintzat berdintasunaren eta ez-diskriminazioaren inguruko diskurtsoak ondo artikulatuta ditugun espazio eta harremanetan. Zuzeneko etsaitasunaren edo gutxiespenaren ordez, gorputz hizkerak, prozeduren zailtzeak, arreta gutxiago eskaintzeak, inertzia etengabeetan kateatzeak edo baliabideak lortzeko zailtasunek esaten dena eta ez dena baino areagoko zentzua eta esanahia hartzen dute. Erresistentziak maila indibidualean gorpuzten dira, baina marko kultural eta sozialean elikatzen eta iraunarazten. Eta noski, desberdinkerian oinarritutako egiturazko harremanak erreproduzitu egiten dira erakundeen kulturarekin batera. Tartean, genero harremanak.

Azken hamarkadetan emakumeon nortasun kultural eta sozialari dagozkion erreferentziak eta ereduak aldarazten joan gara, izerdi asko botata gainera, zentzu komuna deritzona borroka askoren ondorio izaten da-eta. Dibortzio eskubidea, enplegurako jauzia, ugalkortasunaren kontrola edo askatasun sexuala tarteko, besteak beste, orain arte gizonen neurrira egindako espazio eta denboretan kokatzen goaz etengabe. Eredu kultural berdinzaleagoak, eta, beraz, feministagoak sortzen ari gara, baina maskulinitatearen kasuan jauzia tamainakoa ez dela sumatzen dugu. Historiako aldaketa sozial eta politiko guztietan inplikatuta egon arren, feminismoari lotutako kontuetan ez ditugu modu bertsuan parte hartzen ikusten.

Berdintasunaren alde gaudela esan dezakegu, baina berdintasuna ez diskriminatzean datza, eta horrek arauak, praktikak eta usteak ezbaian jartzea eskatzen du. Diskurtso berdinzaleek ez dute ezer eraldatzen praktikan mugimendurik ez badago. Zuzentasunaren izenean ondo disimulatzen ikasi dugu beharbada, baina erresistentzia gorpuztuekin dihardugu egunero. Erresistentzia modu honek, gainera, badu berezitasun bat: lortu ez dena —berdintasuna— erabiltzen dela ezer egin behar ez dela justifikatzeko.

Desberdinkerien errealitateak ez dira ausaz gertatzen, zerbaiten emaitza dira; egiten dugun edo egiten ez dugunaren ondorioa. Injustizia horiek salbuespen gisa ikusten jarraitzen den bitartean, horrekiko dugun ardura gainetik kentzen dugu. Pasibotasuna bera erresistentzia aktibo bihurtzen da horrela.

«Nola liteke gurean desberdinkeriak egotea?», galdetuko du norbaitek harriduraz. Baina nola ez da, ba, desberdinkeriarik egongo, berdintasunaren alde gaudela esatetik egiterako pausorik eman ez bada?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.