Susmoa nuen laster egingo genuela topo, udaberriak ekarri dizkit hainbat seinale. Eguraldiak giroa udazkendu zuen igandean. «Igande hitza oso itsusia iruditu zitzaidan, ez soilik iradokitzen duenarengatik, batez ere, iradokitzen ez duenarengatik», hark idatzi zuen moduan. Pena da jendearen heriotza data bai, baina urtebetetze eguna ez gogoratzea. Eta berak 89 beteko zituen joan den astean. Gainera, historiako emakume idazleen inguruko liburu horietako bat heldu da nire eskuetara. Hantxe ageri da, Alejandra Pizarnik, 173. orrialdean. Poeta argentinar handia, poeta madarikatua, berak miretsitako hainbat bezala.
Mesfidantza sortu ohi didate emakume gogoangarrien bildumek. Inportantea da historiak bazterrean utzi dituen ahotsak loriatzea, horretan datza, finean, aitortza. Gainera, ez luke marketin ona izango Bere bizitzarekin ahal zutena egiten zuten hamar emakume bezalako titulu batek. Alabaina, ondo egiten ez diren rankingek Forbeseko zerrenda bilakatzeko arriskua dute: emakume arrakastatsuak erakutsi eta punto. Erreferente izango bazara, ez dago minarentzako, porrotarentzako eta zauriarentzako tokirik. Horrek ezin du funtzionatu Pizarnikekin.
Mina dago bere luman, «denok gaudelako zaurituta, nik ez nuen erabaki galdera-ikur forman jaiotzea». Bizi izan zen «erlojuari bergira». «Gogoa izateko gogoa»falta zitzaion. «Argia itzali zuten»beregan, nahiz eta ez guztiz, dio, «oraindik sufritzeko gai naiz eta». Bere lagunek azpimarratu dute enfant terrible figura horrek ito zuela. Imajinatzen dut besteek baimentzen diguten formetan bizi garela, eta berak ere hauspotu zuen irudi hori. Batzuetan, badirudi bere obratik ezin dela kapa ilun horretaz harago ezer erreskatatu. Halakoak ere gertatzen dira historiako emakume gogoangarrien zerrendak egitean, Sylvia Plathi gauza bera egin zioten, eta hori badituela poema alaiak. Zure kasuan, Alejandra, idatzi zenuen «ahots ugari»zinela.
«Ezinegona hitz ederretan», horrela deskribatu zuen haren idazkera euskarara itzuli zuen Asier Sarasolak. Ni ez naiz gai izan beti haren hitzak sostengatzeko. Gaztetxotan irakurri nuenean pentsatu nuen tipa kexati bat zela. Aurrerago, bere testuetan osatu nuen nire minen lubakia. Ez nuen asmatu, ordea, sufritu gabe nola irakurri. Oraindik ere ez dut argi triste zaudenean poema eta kantu tristeak bidelagun onak edo okerrenak diren. Beste batzuetan, deserosotasuna eragin dit sufrimendua modu estetikoan (eta ez zertan ederrean) erakusten duen arteak. Minaren aurrean hunkitzean zerbait txarra egiten ariko banintz bezala da. Gaur, adiskidetu naiz zurekin, Alejandra.
Izan zinen ume itsusi, lodi eta androginoa, aurpegia granoz beteta. Anfetaminak eman zizkizuten argaltzeko eta sekula ez zenituen askatu. Heldutan segitu zenuen ñoña izaten. Maitemindu zinen leporaino. Diozu ez zenuela maitasunaz idatzi —«Nork idatzi du maitasunaz? Nik ez. Nik maitatu egiten dut»— eta gezurra da. Behin, Café Tortonin (Buenos Aires) intelektual kultureten bilera batean muxu bana eman zenien gizonei kopetan, eseri baino lehen. «Medikuaren aginduz da», bota zenien, «lesbianismoa sendatzeko eta hori».
Argia zinen, Alejandra, «lúcida» diote zure lagunek. Mundutik aparte bizi zinela zirudien, baina nik uste dut enteratzen zinela denaz. Kontua da mundua jasangaitza zitzaizula. Ez zenituen ulertzen bizitza erreal delako horren joan-etorri eta tramite absurdoak. Egunean zortzi orduz lan egitea edo nola existitu zitekeen jende alaia. Bizirik bazina, Soy Una Pringada aurkeztuko nizuke. Bibra antzekoa duzue.
Zerbait ederra idaztea zenuen anbizio. «Bere fede guztia hitzetan jarri zuen», dio zure lagun minak. Hitzekin bakarrik aski ez zela ikustean ezin izan zenuen jasan. Maite zenituen boligrafoak eta koloretako papeleria ederra. Cortazarren gutun batean irakurri dut. Sortzen didazu samurtasuna, Alejandra.
Zara eredugarria ez den eta liluratzen nauen norbait. «Hondoraino», idatzi zenuen arbeltxoan suizidatu baino lehen, eta hondoratu zinen. «Askoz haratago» ere idatzi zenuen behin, poema baten izenburuan. Lehen lerroan, galdera bat: «Eta aurrea hartuko bagenu, irribarrez irribarre, azken itxaropenera arte?». Eta amaieran: «Ba hori da egiten duguna, aurrea hartzen dugu, irribarrez irribarre, azken itxaropenera arte». Une batez, utzi zenion galdera ikur izateari.