Laurogeita hamarrak aldean, eta askotan sinesgarritasun ahotsarekin bere buruari galdezka topatzen dugu; baina, baina zelan joan zaizkit niri urteak? Zelan bizitza? Eta begiratu! Hona heldu eta laugarren belaunaldia hazten ikusteko denbora ere izan dut; horrexek ematen dit neurria, bestela...
Batzuetan, bizitzan izan dituen gazi-gezak kontatzeari ekiten dio, gero eta gutxiago alabaina, zeren egunekoa bizitzea gusatzen baitzaio gure amari. Egunekoa bizi eta gaztarokoaz gozatu, Bilbotik bizikletaz mugitzen zenekoa, zinemara eta txokolate hartzera joaten zenekoa, inolako pisurik gabe eta lagunak eta etxekoak babestuta bizi zenekoa. Istorio gozoak, arinak, kolorez beterikoak, familiak mugaz bestalde zegoen lehengusuaren bitartekoa izendatu zuen artean. Joan-etorriek bizitza aldatu zioten eta, erabat arrotz eta ezberdin zuen gizartean murgilduz batera, aldaketak andratu egin zuen neskatila. Hiritik herrira, erosotasunetik lanera, bere burua zainduta ikusetik besteena zaintzera…. Matxinada! Ez zait arraroa egiten bere gogoetetan handik aurrerako urteak neurrigabetasuneko gazi-geza bihurtzea, ezta atzera begiratzeko salto egitea, ezta egunerokoa grinaz bizi nahi izatea ere, ez zait arraroa egiten ilobak eta bilobak izatea gehienbat, malenkonia punttu batekin irribarrea lapurtzen diotenak. Urte gogorrak belaunaldi batek bizi izandakoak, bestelako gizartearen alde etengabe borrokatzen ziren bitartean, funtsezkoari loturik eta aldi berean beldurrik gabe sor zitekeenari aurre eginez lortu zuten bizirautea, eta ia arnasarik gabe lan egin bitartean, seme-alaboi bidea erakutsi ziguten, eta guretzat amestutako etorkizuna lortze aldera ez zuten amorerik eman. Ez dakit zein puntutaraino aseturik sentitu garen gutariko bakoitzak lortutakoaz, baina ez daukat zalantzarik euren gogobetetasunez, lana zuzen burutu dutelakoan.
Eta orain, urteek gainezka egiten diotenean, berriro rolak aldatu eta zaintzaileak izatetik zaintza behar izatera pasatu direnean, gaurko gizarte honen gogortasunaz ohartzen naiz. Begi bistakoa da tresnak zein baliabideak biderkatu egin direla, onartu beharrekoa ere gure erakundeek eroso eta egokitasunez egoteko zenbait aukera eskaintzen dizkietela; halere, ezin aldendu zerbaitean huts egiten diegun sentsazioa. Nagusien gizartea ei gara, baina gazteei begira dagoena. Arin eta gogor jokatzea da arrakastaren bidea, lanak eta aisiak denbora ito egiten dute, eta bizitzeko geratzen zaigun denbora bizi izan duguna baino laburragoa daukagunoi, gazteen gorantzako bideari so gauden bitartean, ondoan ditugun adinduei, ezin begiak gainetik kenduz joaten zaizkigu egunak, horrela behar duelako izan, antza.
Begiratze horretan izaten da, hain zuzen ere, zorretan nagoen sentimenduak nahigabetzen nauenean; eta haiei hainbeste kostatu zitzaiena, garena eta duguna, etengabeko eskerrak ematea eskatuko lukeela esan gurako nioke. Orduan, sentimendu hori adierazteko trebetasuna ez zigutela erakutsi konturatzen naiz, eta faltan botatzen dut; sakon. Beste garai batzuk omen, edo euskal sena agian; nahiko lan burua eta gorputzaren garapena bermatzen, bihotzarekin sartzeko! Maitatuak sentitzen ginen, halere. Horregatik, gaur daramagun bizitzaren erruz behar lukeen guztia ez diegula tajuz itzultzearen sentsazioak bihotzak korapilatzen didanean, berak bazekiela pentsatu nahi dut, bazekiela, intentsitatea gorabehera, neuk ere maite nuela, maite dudala, eta barrua lasaitu egiten zait.

ARKUPEAN
Amarenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu