lizar begona

Antzinako bihotz

2023ko azaroaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihotz gorriak, bihotz beltzak, zuriak. Arantzaz inguratutakoak, bihotz arrosak bling horiz. Bihotzak eta Kupidoren gezia, labana batez zeharkatutako bihotzak. Muxu baten puntakoak, bihotz-begiak, bihotzak bitan, bihotzak sutan. Oparitarako lazoaz bildutakoak, tiritadunak, baina batez ere gorriak; bihotz gorriak.  

Irakurri dut munduko bigarren emoji-rik erabiliena bihotz gorria dela, malkotan barrez lehertzen ari den aurpegi hori mitikoaren atzetik. Ezin dut burutik kendu. Apur batez pentsatu dut, eta egia da, jabetu naiz sare sozialak eta Whatsapp mezuak bihotzez josita daudela. Egunero batez beste zenbat ikusiko ote ditudan galdetu diot neure buruari: txatetan bizioz trukatzen ditudan musu bihoztunak, argazki askoren izkinatxoetan ikus daitezkeen bihotz txikiak, edozein argitalpen gustatzen zaidanean ere, horra nire bihotz osoa, nire atsegin dut gorria. Hain-hain dugu semiotikan asimilatua eta iruditegi kolektiboan txertatua eta esplotatua, ezin baitugu bi borobil eta erpin zorrotzeko sinboloa maitasuna ez den beste ezerekin lotu.

Ezin diot pentsatzeari utzi. Historiaren zein puntutan iritsi ginen organo bat Maitasun Gorenaren sinbolo izendatzera? Eta noiz eta nork erabaki zuen organo hori bihotza izango zela? Ez al zegoen beste organo ederragorik?

Historiaurrean, Neolito Berantiarreko labar-pinturaren batean agertu izan dira forma bereko ikurrak, baina ez omen zuten maitasunarekin loturarik, irudi begetalen baten errepresentazioak zirela uste da (huntza, nenufarrak edo haziak izan zitezkeen). Antzinako Egipton ere zeramikazko ontzi ugaritan aurkitu izan dira. Azken horiek, ordea, organoaren forma anatomikoarekin irudikatuta agertzen dira. Orduko hartan ez zen oraindik amodioaren sinbolo; arrazoimenaren eta sentimenduen gorputz-atala zen, nonbait.

Jakin-gosez, historiako bihotz zaharrenaren bila menturatu naiz. Erdi Aroko ilustrazio iradokitzaile batekin egin dut topo. Thibaut delako baten Udarearen erromantzean (Li romanz de la poire) azaltzen den miniatura batekin. Esaten da XIII. mendeko frantses zaharrean idatzitako Roman de la Rose kontakizun-poeman oinarrituta dagoela, zeinetan maitasun erromantikoaren ideia xehatu eta goratzen den. Thibauten ilustrazioan, belauniko dagoen gizon batek bere maitaleari madari baten itxura duen bihotza eskaintzen dio. Hori da omen, orain ematen diogun formarekin ezagutzen den bihotzik antzinakoena.

Hurrengo mendeetan udare hura hedatu egin zen. Besteak beste, XV. mende erdialdean karta-sorta frantseseko lau sinboloetako bat bilakatu zen (diamante, pika eta hirustekin batera) eta eskuizkribuetan, armarrietan, hainbat ezpataren heldulekutan, beirateetan eta bestelako eliza ikonografian ere agertzen hasi zen. Baina bihotzaren goren aldia XXI. mendean izan zen, San Valentin egunak ikurra kultura popularrean txertatu zuen maitasun erromantikoaren sinbolo gisa. Gaur arte. Egun ezagutzen dugun like-a izateraino.

Pentsa orain zenbat eta nola trukatzen diren. Lehen behin eta betiko ematen zen Bihotza Hizki Larriz; bat eta bakarra. Zauritu, gaixotu edo arantzatzen zenean ere, munduarengandik babesten zen kosta ahala kosta. Munduak berak ez baitzuen entenditzen maitatzeko beste erarik. Udare formako sinbolo zaharra maitaleari belaunikatuta emateko irudia zerebroan iltzatua zuen gizartea ginen. Eta segitzen dugu izaten, hein handi batean. Baina hainbeste-hainbeste bihotzen artean, eredua galtzen ari garelako susmoa dut, belaunaldi berriek gero eta iparrorratzik-gabeago maitatuko dute akaso. Ezberdinago, akaso. Anitzago, akaso.  

Baina kantak dioen bezala, antzinakoa da bihotza eta muin-muinean, agian, beti izango zaigu apur bat ezezaguna. «Zenbat mamu dauzkazun / Nola ikaratzen zaren, gauean / Zer, zer diozu, Bihotz / Ez zaitut konprenitzen / Zure hitza arrotza zait, bitxia / Bihotz, antzinako Bihotz / Ez al zara zaharregi / Eta ilun, eta itsu, barregarri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.