Gaur egun, eguraldiaren iragarpenarekin ematen duten abisu horietakoren bat gogorarazten du arrisku horia esaerak, baina duela urte batzuk —eta gazteleraz esanda betiere—, peligro amarillo Ekialdetik zetorkeena zen, Txinatik batik bat. Milioika asko ziren ordurako txinatarrak, eta prentsan erabiltzen zuten modura, arrisku horiak txinatarren inbasio izugarriren bat iradokitzen zuen etorkizunerako; gainera, komunistak ziren, Mao Zedong beldurgarriaren aginduetara. Peligro amarillo eta Pérfida Albión —Erresuma Batuarekiko— frankismoaren xenofobiari egozten nizkion nik, baina hara non, biak ere gutxienez XIX. mendean hedatutako esaerak omen dira, Mendebaldeko beste herrialde batzuetan jaio eta erabiliak: la Perfide Albion eta le Péril Jaune frantsesez; the Yellow Peril ingelesez. Gaitzizen xenofoboak ez ziren frankisten asmakizuna.
Kontua da Mao hil —1976an— eta berekin eraman zituela onenak —eta txarrenak— emanda zeuden Iraultza Kulturala eta Guardia Gorriak, Mendebaldeko ezkertiar maoistak —txinatarrak- umezurtz utzita. Banbuzko oihala—Altzairuzkoa ez bezala— ez zen bat-batean erori, baina zarratadak azaldu zitzaizkion, eta haietatik ihes egindakoak izango ziren hemen ezagutu genituen lehen txinatarrak, jatetxea jarri eta guretzat exotikoa zen sukaldaritza ekarri zutenak. Gero bazarrak etorri ziren, eta dagoeneko haiek iragartzen dute jai egutegia: sansebastianak sukaldari jantzi eta danborrekin, kaldereroak kapela eta metalezko lepokoekin, inauteriak mozorroekin... Eta, horretaz gain, edozer gauzaren bila zoazela ere edozein denda motatara, ezinezkoa da Made in China-ri ihes egitea.
Kontrako bidea ere egon da, alegia, hemengo enpresak hara joatea soldata murritzek eta merkatuaren handiak erakarrita. Batzuek buelta egin dute jada, soldata merkeen pagotxa bukatuta eta merkatuaren anabasan galduta. Entzun izan dira zurrumurruak: espioitza eta pirateria industrialean iaioak direla txinatarrak.
Hala ere, dena ez da enpresa eta industria kontua bakarrik. Judas Arrieta artista hondarribiarra duela dozenaren bat urte joan zen Beijingera, eta han garatu du bere bidea urteetan. Arrieta baino hogei bat urte lehenago joan zen Rafa Egiguren idazlea Txinara, eta horrek ezaugarritu du bere obra. «Euskal idazlerik txinatarrena»; horrela aurkeztu dute Egiguren Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin berri dituzten jardunaldiotan: «Ekialde urruna, hurbiletik. Euskal txinatarrak». Juan Gorostidi Donostiako Tai Txi Txuan eskolako zuzendariak ere parte hartu du jardunaldi horietan, Jesus Ferrero idazlearekin eta Iñaki Preciado Idoeta itzultzailearekin batera. Guztiak Txinako kultura eta zibilizazioa gerturatu eta ulertarazteko ahaleginean.
Negozioetara itzulita, ordea, bada azkenaldian txinatarren boterea mehatxu bihurtzen duenoperazio bat: Zubietako erraustegia eraiki eta 32 urtez ustiatzeko osatu duten enpresa taldearen barruan, Urbaser multinazional txinatarra da liderra. Horrek eramango du gipuzkoarrok 35 urterako hipotekatuko gaituzten lanetatik sortutako mozkinen zati handi bat.
Ingurumen Gunea deitzen diote orain Zubietako azpiegiturari eta Balorizazio Energetiko Planta (sic) erraustegiari; izen eufemistikoak konnotazio txarrak ezabatu nahian. Nolanahi ere, arrisku horia ez, alarma gorria pizten du afera osoak. Hori desaktibatzen hasteko lehen pausoa markatuta dauka Markel Olano diputatu nagusiak: herenegun Donostiako kaleetara atera ziren milaka lagunen aldarriari kasu egin eta, behingoz, inposizioaren ordez akordioaren bideari heltzea.

ARKUPEAN
Arrisku horia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu