elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Azoreetako ehiztariak

2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Kaskatua dago Robert Redford, baina ondo eusten dio Cate Blanchett sasoikoaren aktuazioari Truth (2015) filmean. Cate Blanchettek Mary Mapesen papera jokatzen du, eta Redfordek, berriz, Dan Ratherena; CBS telebista kate estatubatuarreko albiste ekoizlea lehenengoa, aurkezlea bigarrena, 2004an albiste-bonba horietako bat zabaldu zuten: George Bushek zer-nolako amarruak erabili zituen gaztetan, Vietnamgo gerrara joan beharra ekiditeko.

Filma yankiegia da estiloan, zintzoak eta gaiztoak pastoraletako urdin-gorriak bezala markatzen dituen horietakoa; bukaeran, musika arranditsu epikoak jartzen dio azpimarra kazetari protagonisten balentriari. Ez dirudi James Vanderbiltek aparteko ekarpenik egin dionik zinemagintzari, zuzendari gisa sinatu duen lehen film honekin.

Eta, hala ere, Truth oso momentu egokian dator, memoria haizeberritzeko. Egia da George Bushek informazio horiek zabaldu ondoren ere irabazi egin zituela berriro presidentetzarako hauteskundeak 2004an, baina bere irudia ukituta geratu zen: kontraesan betea agerian, nazioartean bultzatzen ari zen politika ezin gerreroagoaren —Irakeko inbasioa eta guda— eta soldadu garaiko suhartasun militar exkaxaren artean.

Berriki Tony Blairrek barkamena eskatu du 2003an burutu zuten Irakeko inbasioarengatik, argudiatuz —hori bai— inteligentzia zerbitzuen datu okerretan oinarritu zirela (alegia, irakiarrek omen zeuzkaten zorioneko arma kimiko haiek ez zirela existitzen). Saddam Husseinen erregimena eraisteak ze ondorio ekarriko zituen aurreikustean ere erratu egin omen ziren (kalkulu txar horrek dagoeneko 150.000 inguru zibil irakiar hiltzea eragin du 2003az geroztik). Iraken egindako esku hartzeak Estatu Islamikoaren sorrerarekin zerikusia izan dezakeela ere onartu du Blairrek.

Oroimenean ezabaezinak dira Azoreetako performance lotsagarri haren irudiak, Durao Barroso anfitrioi zutela, Bush, Blair eta Aznar bildu zirenekoak, 2003ko martxoan, Iraken hasiko zuten sarraskia iragartzeko; Francoren cacería bateko gonbidatuak izan zitezkeen, helburua, betiere, giza ehiza izanda. Horiek horrela, eta hala ere, «kosta egiten» omen zaio Blairri barkamena eskatzeaSaddam Hussein hiltzeagatik.

Irakeko presidente ohiaren figura zuritzeko inolako asmorik gabe, ez dauzkat ahazteko hura urkatzera zihoazenean atera zizkioten irudiak (2006ko abenduaren 30ean); mugikor batekin hartutakoak, norbaitek —omen— ezkutuan; tximista baino azkarrago zabaldu ziren mundu osora. Irakeko presidente ohiaren inguruan muntatutako kanpaina laidogarriaren puntu gorena zen hura.

Aurretik, 2003ko bukaeran, bizarluze eta tximajario erakutsi ziguten gizona, bere sorlekuan, Tikriten, atxilotu zutenean. Ordurako emanda zeukaten sententzia: 2003ko apirilean arratsalde oso bat pasa genuen telebistaren aurrean Bagdaden Saddamen estatua nola botatzen zuten begira; hura mundu guztirako erretransmisioa izan zen, gidoi —hori ere yankiegi— jakinbati jarraituz egina.

Hasteko, soldadu batek bandera estatubatuarra txano gisa jarri zion irudiari burutik behera. Leninen eta Stalinen estatuen eraisketek izandako balio sinbolikoa kopiatu nahi izan zuen Saddamenaren gidoigileak, bide batez estatuarengan gizonari egin asmo ziotena erakutsiz.

Horiek denak gogora ekarri eta kontrapisu ñimiño baten neurrian geratzen da Truth pelikula, Bush gaztaroko bekatuengatik salatuta. Blair bere burua zuritu nahian dabil, Chilcot txostenak ezer esan baino lehen. Hirugarrenak, Aznarrek, nahikoa lan dauka Rajoy Kataluniaren aurka xaxatzen. Gizateriaren aurkako krimenengatik epaituta egon behar luketen hiru ehiztari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.