Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Badaezpada

2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Gure amona zena, zuzenean baino, zirri-zarra eginez berba egiten trebea zen, eta, niri behintzat, askotan kosta egiten zitzaidan zer esan nahi zuen asmatzea. Hitz eta esapide aski bitxiak erabiltzen zituen, esan nahi zuena iradokiz, izendatuz baino. Esaldiak biribildu gabe uzten zituen, entzuleak bere parte jar zezan edo. Zalantzarik gabe amonari maizen entzundako berba badaezpada zen, gerokoak dakarrenaren ziurtasunik ez denean, zer gertatuko ere, aldez aurretik kontuak ateratzen direla adierazten duen aditzondoa.

Diktaduraren ondoko urte latzetan bizi izan zen amona, eta agian horregatik, nahitaez ikasiko zuen lerro artean hitz egitearen artea, baita xuxurlatzearena ere, sekula hitz zehatzak ez ahoskatzea garrantzizkoa, hil ala bizikoa, izan zitekeelako. Hitzak, nahita edo ohartu gabe, aukeratu egiten ditugu, eta denboraren poderioz hautaketa horrek bilakatuko garen pertsona-moldea ematen digu, testuingurura egokitzeko prozesuaren baitan. Laborantza-lur mota bakoitzak produktu batzuk baino ez ditu ematen, zapore bereizgarria txertatuz, gainera, eta berdin-berdin, gure esperientziek hazpegi propioa ematen digute. «Badaezpada» horrek ez zuen ezertxo ere esaten, baina den-dena islatzen zuen aldi berean.

Aurrekoan bere zutabe mamitsuan Onintza Enbeitak zioen lehortearen aurrean gutxi eta gaizki prestatu dugula geure burua, eta orain ikusten ari garela berandu gabiltzala erronkari eusteko. Orain dela gutxi arte soilik beste leku batzuetan gertatzen ziren fenomenoen aurrean gu ukiezinak ginelakoan edo, ez gara arduratu ur-kontsumo zentzuzkoa zertan den ulertzen eta horretara egokitzen, eta orain, nonahi ageri diren argi gorriekin zer egin asmatu ezinda gabiltza. Gure baserrietan beste lurralde batzuetako laborantzak sartzen ari dira, klimaren patroia aldatzen ari baita hezetik lehorrera. Azokan frutak eta barazkiak luxuzko produktu bilakatu dira, eta azken datuen arabera, joan den urteko martxoarekin alderatuta, lekaleen eta barazki freskoen prezioa %28 igo da, ia %6 hilabete bateko aldean. Eguraldia berez aldatu egiten da, baina geu ari gara klima eraldatzen, eta alde handia dago batetik bestera. Hobe genuke geuk ere geroak zer dakarren batere ziurtasunik ez dugula ohartzea, zantzuak aski argiak baitira.

Oxfordeko Unibertsitatean, Gizateriaren Etorkizunaren Institutua izenekoa dago, zeinean urteak daramatzaten ikertzen zein den gizakiak espezie gisa bizirauteko duen arriskurik handiena. Diziplinarteko zientzialari-talde bat da, Nick Bostrom filosofoa buru duena, eta arrisku existentzialen zerrendak argitaratzen dituzte. Eskala kontua da: gaur egun zeharo kezkagarria zaiguna planetaren biziraupenaren mailan kokatzen badugu, apika, ez da horren larria izango, eta, aldi berean, egunean egunekoari begira ari garen bitartean, entzungor egiten ari gatzaizkio horren begien bistakoak ez diren beste alarma gorri batzuen zaratotsari. Pandemiak edo gerrak, arriskutsuak izanik ere, mendean hartzeko modukoak direla diote ikerlari hauek, berritasunak berritasun, aspaldidanik ezagutzen ditugu eta. Arrisku tradizional horiek institutuaren zerrendetan behera kokatzen dira orain, eta klima-aldaketa eta kontrolik gabeko teknologia-aurrerabideak gailendu dira nabarmen.

Bidegurutzean gaudela ohartarazten digute: haurren mailan erantzukizun moralari dagokionez, baina helduen gaitasun teknologikoarekin. Izan ere, historian lehen aldiz gu geu gara munduarentzat arriskurik handiena, egitez edo ez-egitez.

Badaezpadarik gabeko kontsumitzaileak gara, esne-mamitan hazi gara eta, jainko-jainkosek aukeratutako ume kapritxosoen gisan, den-dena beti eskura izango dugula pentsatu izan dugu. Amonak behin eta berriro zioen moduan, badaezpada gehiago hitz egin beharko genuke benetan garrantzitsuak diren gaiei buruz; izan ere, geroak guretzat dakartzan galderak ulertzen asmatzen ez badugu, emaitza, literalki, katastrofikoa izan daiteke. Jokoan dagoena ez da txantxetakoa: oker bagaude, gizateriaren azken mendea izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.