Julen Azcona
ARKUPEAN

Badakit su hori nondik datorren

2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ez nuen jakin zer esan, Nafarroan dauden etorkin eta errefuxiatu LGTBI+en aldeko Fenix elkarteak antolatutako jarduera batean galdetu zidatenean ea zein gomendio eskainiko nien jatorrizko herria utzi eta Euskal Herrian bizitza berri bat eraiki behar izan duten pertsonei. Hitzaldia erreferente lokalei buruzkoa zen, kulturan lan egiten dugun pertsona LGTBI+ nafarrekin enkontru bat, nolabait sareak indartzeko helburuarekin. Elkartearen kidea den Jared izan zen hitzik gabe utzi ninduena. Esperientzia migratzailea itzaltzen den su batekin konparatu zuen: denok dugu barruan argi bat, esan zuen, izaera bat, irribarre bat, munduan ibiltzeko modu berezi bat, eta oso zaila da xarma hori mantentzea, gauzak egiteko gogoak izatea, kilometroak eta kilometroak egin, ozeanoak zeharkatu, eta hizkuntza eta kultura eta ohitura desberdinak dituen herri berri batera iritsi eta gero, gerratik, gosetik, biolentziatik, pobreziatik ihes eginez.

Zer erantzun halako testigantza baten aurrean? Badakit su hori zer den, nondik datorren. Uler dezaket haren galerak sortzen duen kaltea. Edonork gogora dezake barneko sua hiltzen zitzaiola sentitu zuen egoera bat. Aldi berean, zaila da irudikatzea zer den familia, lagunak, lana eta paisaia betirako uztearen erabakia hartzea, atzera ez begiratzea eta, ondoren, herri berri baten errefusa sentitzea. Xenofobia. Arrazakeria. Niri noizbait sua itzali bazait beste arrazoi batengatik izan da. Eta beti izan dut babesaren bila korrika egiteko aukera, familiaren etxera, bikotekide baten besoetara, lagunengana, herriko plazara. Beti erortzeko leku bat, beti sostengu bat.

Suaren metaforak argudiorik gabe utzi ninduen, erabat hutsik. Baina galdera eginda zegoen, eta batek ezin du ihardespena emateko bost, hamar segundo baino gehiago luzatu. Berdin dio erantzuna ona ala txarra den. Zerbait esan behar da, begiak zure gainean jarrita daude, eta ni arteari eta kulturari buruz hitz egiten hasi nintzen, pentsamenduaren botereari buruz, aske bihurtzen gaituena.

Berehala, txorrada bat esaten ari nintzela konturatu, eta segituan beste erantzun bat aurkitu nuen, hor bertan egon zena denbora guztian, agerian ezkutatuta. Komunitatea da erantzuna. Asoziazionismoa. Fenix bezalako elkarte baten existentzia bera da salbatzen ahal gaituena. Fenix jaio baino lehen, LGTBI+ komunitateko etorkinek Nafarroan bakarrik zeudela sentitzen zuten. Orain, erreferentzialtasun leku bat dute, aholkua eskatzeko, jarduera eta hitzaldietan parte hartzeko edo, besterik gabe, lagunekin denbora on bat pasatzeko.

Iruñean izan genuen enkontruan, nazionalitate askotako jendea bildu ginen: Maroko, Kolonbia, Peru, Honduras. Jaenekoa den eta Iruñean lanean dabilen gazte bat ere hurbildu zitzaigun. Hitzaldiaren ondoren, taldeak askari txiki bat prestatu zuen eta berriketan aritu ginen ardo batekin. Esperientziak eta telefonoak trukatu genituen. Berrogei kiderekin baino gehiagorekin, Fenixek bi urte daramatza Nafarroan gizarte inklusiboago baten eta giza eskubideen sustapen eta defentsaren alde lan egiten, kontuan hartu gabe sexu-orientazioa, genero identitatea edo adierazpena, arraza, erlijioa, klasea, nazionalitatea edo iritzi politikoak.

Duela gutxi, lortu dute lehen aldiz areto bat alokatzea Iruñeko erdigunean. Elkarteari izena ematen dion hegaztia bezala, kideak noizbait galdutako suak utzi zuen errautsetatik berpiztu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.