elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Barruko kronika/k

2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ondo bidean, etzi arratsaldean Bilbon izan behar genuen, urtero bezala, presoen eskubideen aldeko manifestazioan. Beti lez, apur bat galduta itzulerako autobusa hartzerakoan, ez baita txantxetakoa 300 inguru autobusen desfilea. Aurten 216 herri eta auzotan barreiatuko da, halabeharrez, hainbat forma hartuko dituen mobilizazioa: giza katetik hasi eta musika saioetaraino. Garaiz eta irudimentsu ibili direnak Iparraldeko Bakegileak: Argi dugu! lelopeko giza katera deitzen duen pankarta non jarriko eta Biarritzeko itsasargian.

Igandeko egunkarietan ez da izango Manifestazio jendetsua-ren gisako titularrik. Eta, hala ere, ez ahal da galduko horrenbeste urtean zehar egin den mobilizazioaren arrastoa. Taxuzko gizarte batek ezin du ametitu euskal presoen gainean ezartzen den zigor estra hori, dela urruntzearen bidez, dela gradu gogorrenetan katigatuta edukitzeagatik. Presoen afera ez da haien familia eta lagunengana mugatzen; ezta haien ingurune politikora ere. Presoen gaiak, herritartasuna alderdi komunitariotik ulertzen duen guztia ukitzen du.

Zenbat kartzela urte jasan ote ditu euskal jendeak, arrazoi politikoengatik, joan den mendeko 60ko hamarkadatik hona? Zigor urte horiek denak biztanleen artean banatu, eta zenbateko koefizientea aterako litzateke? Ba ote da Europan beste herrialderik maila horretara iritsi denik edo langa gainditu duenik? Irlanda, agian?

Kontua da presoen afera ez dela espetxetik irtetean bukatzen; kartzelaldiak soka luzea dakar arrastaka. Presoen kopurua jaitsi ahala, preso ohienak gora egiten du, eta kolektibo horren arazoak azaleratzen dira. Preso ohiak artatzen dituen Harrera elkarteko kide Jon Ugartek adierazitakotik (BERRIA, 2021-01-02), lagin esanguratsu batzuk: «25 urte barruan eman dituen batek ez du baliabiderik bere burua defendatzeko». «(…) 60-70 urte bitarteko 300 preso ohi inguru daude(la) iristen ez direnak kotizaziopeko pentsioa jasotzeko adinako kotizaziora». «Gero eta gehiagok adierazten digute psikologoaren beharra».

Kartzelan sortutako edo kartzelaren inguruan eraikitako euskal literaturak apal batzuk hartzen ditu, dagoeneko, liburutegietan. Azken obretako bat Karlos Gorrindoren Funanbulistaren beldurra (Erein, 2020) da. Hamasei urtean zehar —1980tik 1996ra— bizileku izan zituen espetxeen karakterizazioa egiten du idazleak oinarrian, hasi Carabancheletik eta Palentziaraino, tartean Puerto de Santa Maria, Herrera de la Mancha eta Langraiz, besteak beste. Kartzela beti kartzela, baina badago aldea toki batzuetatik besteetara. Carabancheli buruzko atala irakurtzean, gogora zetorkidan 70eko hamarkadan han preso egon zen lagun batek esaten zuena: «Carabanchelen mukiekin ere negozioa egiten da». Kontrastean, Gorrindok Puerto de Santa Mariako kartzelari buruz dioena: «Puertoko erregimen kartzelarioa, asaldura domestikoa baino areago, ongi pentsaturiko eta planifikaturiko kartzelako erregimen suntsitzailea zen».

Nolanahi ere, Gorrindo ez da mugatzen espetxe bakoitzeko ezaugarriak kontatzera; aitzitik, toki horietan bizi izandakoaren kronika egiten du, barruko kronika, eta hor, nola ez, presoen arteko harremanak bihurtzen dira hizpide nagusi; harreman sarritanzail eta gatazkatsuak. Gorrindoren testigantzak tabu bat hausten du: ETAko kideen monolitismoarena.

«(…) ETAko gidaritzak ere disidentziak isildu eta desitxuratu egin ditu beti». Horixe Joseba Sarrionandiak Gorrindoren liburuari egin dion hitzaurrean —Testigantzaren balioaz— dioena. Beste hau ere bai: «Batzuen testigantzak ukatzea errealitatea osorik ikusi nahi ez izatea da». Eta ideia borobiltze aldera: «Nahi badugu iragana konprenitu ezin da Errelato bat inposatu, beste ikuspegiak entzun behar dira». Alegia, kronikak pluralean behar ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.