Karlos Aizpurua Etxarte.
ARKUPEAN

Berrikuntza soziala

2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Asturiaseko Santo Adriano herrian izan ginen apirilean. Ondare kulturalaren kudeaketa komunitarioari buruzko jardunaldiak antolatuak zituen La Ponte-Ecomuséu-k, eta beste esperientzietako hainbat ordezkarirekin batera deitu gintuzten. Bertsozale Elkartearen ibilbide, antolaketa eta egitasmoaz aritu ginen, bertsotan asturiarrez aritzeko tailer bat emateaz gain.

Jardunaldien ardatza baliabide kulturalen kudeaketa komunitarioa izan zen; komunitarioa, kudeaketa publikoaren edo pribatuaren alternatiba edo osagarri gisa ulertuta. Antolatzaileen arabera, munduko beste eskualdeekin alderatuz gero, kudeaketa komunitarioa estatu espainiarrean gutxi hedatuta dago. Eredu bakan batzuren aditzerik bazuten, ordea, eta horiek izan ziren haienera gonbidatu zituztenak; besteak beste, Zeraingoa eta Bertsozale Elkartearena. Bertakoei adierazi bezala, lehendabiziko urratsak gogoan, Euskal Herriko beste ordezkari batzuk ere izan zitezkeen gonbidatu: ikastolak, AEK, Laborantza Ganbara, Egunkaria eta abar.

Estatu espainiarreko hainbat kasuri buruzko azalpenak entzun ostean, kudeaketa komunitarioa- ri buruz aritu ginen gogoetan. Hiru izan ziren ondorio nagusiak. Lehendabizikoa, kudeaketa komunitarioaren berri gizarte osoari eman behar zaiola, proiektuaren inguru hurbiletik haratago. Herri mugimenduetako jendeek antzeko hizkera, sinbolo eta ohiturak dituzte; mugimenduetatik landa ulergaitzak gertatzen ohi direnak. Eta ondorioz herri mugimenduen lanaren zati handi bat ezezaguna zaie erakunde publikoei, unibertsitateei, alderdi politikoei zein gizarteari oro har. Eta ezezaguna zaienez, ezin ulertu baliabide kulturalen kudeaketa publiko edo pribatuaz gain bestelako kudeaketarik posible denik. Jardunaldietako kasuak akorduan, argi geratu zen kudeaketa komunitarioa publikoa edo pribatua baino eraginkorragoa izan daitekeela, nahiz eta usu oihartzun mediatiko apala eduki ohi duen.

Ildo horretatik bigarren ondoriora iritsi ginen. Hots, oihartzun mediatiko eta iritzi publiko eskasa gainditzeko hizkera komun baten beharra. Ohituta gaude «berrikuntza» unibertsitateen edo teknologia enpresen ondare legez entzutera. Eta ahaztuta dugu berrikuntza erabakigarri eta beharrezkoenak gizarte mailan gertatu ohi direla, nahiz eta komunzki ez diren horrela aurkezten. Santo Adrianon aurkeztutako esperientziek hainbat alderdi zituzten komunean: berrikuntza sozialak ziren. Batetik, aterabide berriak ematen zituzten produktu, zerbitzu, eredu edo prozesuak ziren. Bestetik, esperientziok ohi baino modu jasangarriago eta bidezkoago batean betetzen zituzten kulturaren zaintze, kudeatze edo hedapeneko helburuak. Gainera, hainbat behar soziali erantzuten zieten; hezkuntza, jakintza, parte hartzea, kulturazkoak... Eta azkenik, berrikuntza prozesuetan jendea eragile aktibo gisa ari zenez, harreman mota berriak sortarazten zituzten, gizartearen ekiteko gaitasuna hobetzen zutenak.

Hala ere, kudeaketa komunitarioa gauzatzen duten erakundeek gutxitan dute beraien burua «gizarte berritzailetzat» edo «teknologia sozial berrien sortzailetzat». Aldiz, horixe bera dira berez. Aldea datza lorpen horiek zientzia edo teknologia mailan beharrean, gizarte mailan gertatzen direla.

Horrek hirugarren ondorioa ekarri zigun: herri mugimenduek kontzeptuen unibertso komun baten arabera aritu behar lukete, teknologia enpresek edo erakunde publikoek egiten duten bezala. Hala balitz, errazagoa litzateke herri mugimenduen egitasmo bateratuaren balioaren komunikazioa, eta mugimenduok gizartean duten benetako eragina modu eraginkorrago batean erakustea, kasu bakoitza bakarka azterturik ezinezkoa dena. Batzeak dakar indarra; diskurtsibak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.