Oihane Amantegi (L)

Biolentoa da

2025eko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europa ligako gizonezkoen futboleko finala atzo jokatu zen Bilbon. Berdin du —berdin erabat— futbolean interesik duzun ala ez, bai ala bai jakin behar izan duzulako atzo jokatu zela Bilbon Europa ligako gizonezkoen futboleko finala. Eta bai ala bai diot, ez delako modu humano posiblerik egon egun hauetan abstrakziorik egin eta hiria egunero bezala ibiltzeko. Areatzan paseatu bazara, ikusi dituzu muntatuak ekipoetako zaleak hartzeko karpak; tranbia hartu baduzu, ikusi dituzu katedral itxurako leihoak futboleko eszenaz apainduta; kaleetatik ohiko egunerokotasuna egin baduzu, ikusi dituzu finala jokatuko duten bi ekipoen jokalarien argazkiak. Eta beste hainbeste irudi, seinale eta enparau, zerbaitek gertatu behar zuela esaten zizutenak, futbolean interesik izan ala ez.

Hirian bakarrik ez, inguruetan ere nabaritu da tamainako espektakuluak utzi duen eragina. Asteon, asteartetik osteguna bitarte, hegazkin komertzialek 160 operazio egin dituzte Loiuko aireportuan; eta ez Loiun bakarrik, gertutasuna dela-eta Forondan, Hondarribian eta Santanderren ere ohi baino bidaiari mugimendu handiagoa nabaritu baita egun hauetan. Eta hori gutxi balitz bezala, jet pribatuak gehitu zaizkio festari; hegazkin komertzialek baino hamalau aldiz gehiago kutsa dezaketen elitearen luxuzko kapritxo horiek. Bilboko aireportu nagusian, adibidez, 174 iritsiera eta irteera erregistratu dira egunotan; 174, bai, egundo ez da Loiun hainbeste mugimendu egon hegaldi pribatuei dagokienez.

Eta hegazkinotan etorri direnek kaleak, plazak eta parkeak nahi bezala ibil zitzaten, moztu egin dira kaleak, itxi egin dira metro geltokiak, lehenago bukatu dira eskoletako klase eta eskolaz kanpoko ekintzak, aldatu egin dira autobusen ohiko ibilbideak, eta abar, eta abar. Guztiz baldintzatu du finalaren aitzakiak hiria, beste edozein zilegizko manifestazio edo kale-hartzek izango ez lituzkeen baimen, erraztasun eta ohoreekin baldintzatu ere. Hainbeste legitimatu dira kirol bakar baten inguruko erritu eta jokamolde guztiak, ezen ia babesgabe begiratzen diogun egunotan gure musturren aurrean gertatu den erakustaldiari.

Izan ere, biolentoa da futbol maskulino profesionalak nola okupatzen dituen espazio publikoa, espazio diskurtsiboa, espazio mediatikoa eta espazio sinbolikoa, apenas gertatzen dena beste ezein kirol-praktikatan —eta zer esanik ez praktika kulturalei buruz ari bagara, esaterako—. Uda garaian, oporraldia dela-eta apenas dagoenean albisterik futbolaren inguruan, orduan ere futbolari lotutako berriek irekitzen dituzte kirol tarteak, zer eta fitxaketak, entrenamenduak eta antzerako ustezko gai garrantzitsuak jorratzeko. Interes ekonomiko basatiak tarteko, espazio gehiegi aitortu zaio futbolari; eta gehiegizko espazio horrek jendartearen interes orokortuari erantzuten diolako aitzakian, naturaltzat hartutako inbasioak indarrez desplazatzen ditu beste zaletasun, motibazio eta filia asko eta asko, beren lekua izateko borrokatu behar dutenak. Futbolaren lekua ez, futbolaren lekua guztiz asumituta omen dago. Hori horrela, jendeak futbolarekiko eta bere taldearekiko sentitzen duen atxikimendu pertsonal legitimoak ez luke inolaz ere oztopatu behar kirol honi eman zaion zentraltasunaren eta boterearen inguruko eztabaida.

Eta botere hori biolentoa da. Biolentoa ekonomikoki, futbol maskulino profesionalaren inguruan mugitzen diren dirutzek aspaldi urratu zituztelako dezentziaren mugak, non eta gutxieneko soldatak eta pentsioak lortzeko borroka egin behar den honetan. Biolentoa arlo sinbolikoan, jokalarien errepresentazioek ideal ukiezin bati men egiten diotelako eta estadioetan gauzatzen diren errituek arau eta kode belikoegiak dituztelako sarri. Eta biolentoa indarkeriaren adierazpen fisikoenean ere, noski, gaurko eta biharko berripaperetan Bilboko kaleetan gertatutako istilu eta borroken ingurukoak leitu beharko ditugulako. 

Epikari buruzko errelatoak egiteko, gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.