Miren Aranguren Etxarte.
ARKUPEAN

Borobildu dira ertzak

2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Lehengo batean, EITBko teleberri saioan, bere buruaz beste egiten duten pertsonen inguruko erreportaje bat atera zen. Erreportajean, azken urteotan komunikabideek aditzera eman zutena adierazi zuten; gizon gehiagok egiten dutela bere buruaz beste, gizon kopurua emakumeena baino ia hiru bider handiagoa dela eta gazteen artean goranzko joera sumatzen dela. Baina azken urteotan emakumeen kopuruak gora egin duela eta suizidio horien atzean arrazoi sozioekonomikoak direla nagusi aipatu zuten. Ene bada, gutxi bagina arrazoi ez-naturalengatik hiltzen garen emakumeak!

Berehala jo nuen horren inguruko informazio gehiago jasotzera, emakumeon kopuruak zergatik egin zuen gora ulertu nahian. Googlen hitz gakoak sartu eta gero, ez zen harritzekoa topatu nuena; emaztea edota bikotekidea hil eta gero, bere buruaz beste egiten duten gizonei buruzko berri mordoxka zegoen. Ezer berririk ez. Zoritxarrez, oso ohituta baikaude antzekoak entzutera. Ohituegi akaso. Eta nerabezarotik manifestazio feministetan hainbestetan entzundako ante la duda yo la viuda leloa etorri zitzaidan burura, tristurari barre txiki batekin aurre eginez. Ezin izan nuen horri buruzko informazio asko bildu, baina honako hausnarketa hau egitera bultzatu ninduen.

Boterea, izan ere, hiltzeko boterea ere bada. Eta esan ohi daboterea duela hil dezakeenak. Baina boterearen legitimazioa lortzeko, botereduna saiatzen da hiltzeko duen gaitasuna lurperatzen. Ez baita oso atsegina botere posizioetan daudenek onartzea, hiltzen uzten ohi dutela populazioaren zati bat. Hiltzeko boterea, bizitzen uzteko boterearekin trukatzen dute. Bada, Foucault-ek bota zuen galdera egokia: bizitza bada sustatu nahi dena, nola da posible botereak, haren etsaiak ez ezik, haren hiritarrak ere heriotzara kondenatzea?

Gorputzak banaka diziplinatu eta kontrolatzeaz gain, jendartea osotasunean kontrolatzeko ahalegina egin du botereak. Gorputzak estatalizatu ditu, estatuaren eta konpainia handien monopolio izatera pasatu gara (oso argiki azaldu digu hauxe azken artikuluan Tere Maldonadok). Bizitza zaintzeko aitzakian, heriotzaren mehatxupean, bizitzera kondenatu nahi gaituzte. Horrela, biopolitika, bizitza ardatz duen politika, nekropolitika bilakatzen da; heriotza erdigunean duen horretan, alegia.

De la necropolítica neoliberal a la empatía radical liburuan irakurri ditut honako hauek: politika neoliberalaren helburua baztertutako horiek bukatzea da, eta kapitalak aurrera egin dezan parean dituen traba guztiak akabatzeko prest dago. Eta traba horiek, errentagarriak ez diren/garen pertsona orok osatzen ditugu. Eta, gaur egun, askok osa dezakegu ez-errentagarrien poltsa hori. Baztertuta sentitu ez arren, guztiok izan baikaitezke baztertuak. Jada, ertzik ez da gurean. Guztiok egon gaitezke jomugan ez badugu kapitalaren mandatua betetzen. (Valverde, C., 2015)

Emakumeok asko dakigu horretaz. Erailak, bortxatuak edota baztertuak izateko mehatxupean bizi gara, eta ondo aski ikasi dugu mandatu patriarkal eta kapitalistak zeintzuk diren, nahiz eta, zorionez, beti ez ditugun betetzen. Uda honetan festaz festa jazo diren eraso sexistak dira horren adibide. Edota Turkiatik abuztuaren erdialdean iritsi zitzaigun Hande Kader aktibista transexualaren erailketa. Etxegabetzeagatik bere buruaz beste egin dutenena izan daiteke beste adibide bat. Hainbeste ditugu... zoritxarrez.

Eta, zorionez, badakigu zein den egoera hau iraultzeko goldea: elkartasuna eta osatze feminista. Clara Valverdek bere liburuan empatía radical delakoa aldarrikatzen du. Kontzeptuak maitemindu egin nau. Baztertutakoari begietara begiratu, eta errotiko lotura kolektiboak egiteko beharraz ari da. Bizitza eta heriotza politizatu eta erdigunean jartzeaz. Ari gara.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.