Asterixen hamabi probetan gogorrenetako bat zen A-38 inprimakia lortzea. Zilindrik germaniarra borrokan garaitzea edo piztiaren leizean sartzea baino zailagoa. Inoiz labirinto burokratikorik zeharkatu baduzu —eta uste dut honetan ez dela ia inor libratzen— badakizu zertaz ari naizen. Orotariko inprimaki fisiko eta telematikoak, aurretiko zitak, ilarak, klabe pin permanente eta inork ulertzen ez dituen baina «tramitatzen ari diren» gauza mordo baten aurrean, saihetsezina da horrek denak erresilientzia neurtzeko baino beste zerbaitetarako balio duen galdetzea.
Tesitura horretan dago Sada, Sara Mesaren azken eleberriko protagonista. Lehen lan eguna du, interina gisa, administrazio publikoan. Itxuraz perfektua den engranaje bati batu zaio. Arazo bat du, ordea: ez du piperrik ulertzen eta ez du ideiarik ere ea zer demontre tokatzen zaion egitea. Saiatuta ere kosta egiten zaio barne prozedura infinituak zertan, baina bereziki zertarako diren ulertzea. Egoerak David Graeberrek bullshit jobs deitu zion fenomenoa dakar burura. Nik lan purtzil gisa itzultzeko libertatea hartu dut.
Lan purtzilak zentzurik gabeko lanak dira; hain dira absurdoak, ezen langilea bera ere ez den oso gai horien helburua justifikatzeko. Izaera inutila ez dago espresuki produktibitaterik ezari lotuta. Sistemak berak sortutako trabak kudeatzeko funtzioa dute, horregatik dira absurdoak. «Norbaitek denok are lanpetuago ibiltzeko asmatu balitu bezala da», dio Graeberrek. Eta ez da ari langileaz bakarrik, denok galdu dugu denbora lan purtziletan.
Ez ulertu gaizki. Purtzila sinple behar lukeena konplikatzen duen sistema da, ez langilea bera. Nire amaren ahotik entzun izan dut hori. Lanbide Heziketako lehen gradua egin zuen okindegitik atera ahal izateko eta idazkari gisa eman ditu berrogei bat urte (parentesi bat: uste dut nire lagunen ama gehienek ikasketa horiek hautatu izana fenomeno soziologiko zehatz bati dagokiola). Burokraziak zentzurik baduela azaldu dit, bereziki amigismoak eta azpijokoak saiheste aldera. Nahiz eta horretan, hiritar xehea baino, handi-mandiak arituagoak diren. Alabaina, ama eta haren lankideak sistemak berak jarritako trabak surfeatzen ikusi ditut maiz. Ahal zutena egiten, batere erraz jartzen ez zien makineria baten aurrean. Zenbat aldiz esan dugun, nire lagunek eta nik, «literalki bizitza salbatu dit» inprimaki bat lortzen lagundu digunean. Tristea da norbere bizia inprimaki baten menpe sentitzea.
Lan karga ez da neurriz gain puztutako aparatu baten ondorio bakarra. Administrazioa bera tanke blindatu bat bilaka daiteke. Arrakala digitalaren adibidea jarri dit amak. Idazmakinaz hasi zen bera lanean, perforista gisa, ikasleek ordenagailuak ukitzen ez zituzten informatika fakultatean. 1986-87 inguruan heldu zitzaion teknologiak dena erraztuko zuen promesa. Egun, jende mordoa dago baliabide material zein ezagutza faltagatik mundu digitaletik kanpo eta, beraz, oinarrizko eskubideei dagozkien eskakizunak egiteko aukerarik gabe.
Sara Mesak duela urte batzuk idatzi zuen beste liburu bat, Silencio administrativo. Carmen izeneko emakume itsu batek kale egoeratik ateratzeko errenta minimoa eskatu nahian pairatzen duen amesgaiztoa kontatzen du. Carmenek dena ematen du egiten dizkioten eskakizunei men egin ahal izateko. Betetzen ditu paperak, betetzen ditu epeak. Mareatzen dute, baina jotzen ditu ate guztiak. Batek espero luke beste aldean egotea norbait. «Itxaron, mesedez», edo behintzat, «vuelva usted mañana» esango diona. Baina, 1836an (duela ia 200 urte, e) Mariano José de Larrak Vuelva usted mañana artikuluan azaldu zuen: ate hori ez da sekula zabaltzen.
Buroerrepresioa deritzo bide administratibotik egiten den estatu indarkeriari. Tramite administratiboen bidez eragiten den bazterkeria, beldur, ziurgabetasun eta indarkeria horri guztiari. Nik ez dakit honetan zein den sakatu behar den tekla, bete beharreko formularioa. Nik ez dakit sikiera elektronikoki sinatzen negargura sentitu gabe. Argi dudana da itxaron-zerrenda honek aspaldi pasatu zuela krudelkeriaren muga.