Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Buruko gaitza

2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Noraezik gabe zebilela antzematen zitzaion. Ibiltzeko modu traketsarengatik baino, begiratzeko moduarengatik nabaritu nion gaitza aurrez aurre jarri zitzaidan emakumeari. Alzheimer gaixotasun bat, are abizen bat, izateari utzi zion goiz horretan bertan, eta geroztik, Carmen datorkit burura haren oihartzuna jasotzen dudan guztietan. Haren begiratzeko modu galdua, zehatzago esanda. Eta haren zaurgarritasuna.

Dotore jantzita zetorren, dotoreegi agian astelehen buruzuri baten goizeko zortziak jo baino lehen Bilboko Kale Nagusian ibiltzeko. Besotik heldu ninduen semaforoaren ondoan, eta begietara begiratuz galdetu zidan ea asteartea ote zen: «Asteartea al da gaur, gazte?». Begiak bustita zituen, eta bat-batean otu zitzaidan hezetasun hori ez zela berria, urteetako hotzak eragindako lanbropetik begira ari zitzaidala. Astelehena zela esan nion, eta harritu egin zen, eta baita aztoratu ere, astelehenetan berak zapatila gorriak janzten zituelako eta, «ikusten, gaur zapata beltzak jantzi ditut», esan zidan. Bizkor hitz egiten zuen, bizkorregi esaten ari zena, bere luze-zabalean, ulertu ahal izateko. Astelehen horretan berandu iritsi nintzen lanera, asteko egunak oinetakoen kolorearengatik bereizten zituen Carmenekin geratu nintzelako, lantokiaren aurreko bankuan eserita, udaltzainak etorri eta gero, Basurtuko Ospitalean, harekin egon nintzelako bere semeetako zaharrena heldu bitartean. Mediku eta erizainek niri eman zidaten Carmenen gaitzaren berri, senitartekorik ezean ni nintzelakoan gertuko bakarra. Gertukoa. Denbora horretan guztian Carmenek kontatu zizkidan kontuetatik erdia ere ez nuen ulertu eta erdi horren erdia ahaztu dut honezkero. Edonola ere, ongi gogoratzen dut halako baten non geunden, ni nor nintzen eta berak zenbat urte zituen galdetu zidala eta lanbroak ezkutatuko bazter horiek are ilunago iruditu zitzaizkidala. Ikarazko bere begirada baino ez dut gogoratzen, baina hori oso ondo gogoratzen dut.

Bihotzean min egin zidan goiz horretan bizi izandakoak. Geroztik beste hainbaten berri izan dut, batzuk inguru hurbilean, eta berdin-berdin, bihotzean min egin izan didate. Alzheimerra, baina, ez da bihotzeko gaitza, EITBk urtero bultzatzen duen telemaratoiaren leloak behin eta berriro horixe azpimarratzen badu ere. Leloaren helburua komertziala eta zintzoa dela ulertuta ere, deseroso egiten zaidala aitortu behar dut. Bihotzean min egiten duen buruko gaitza da alzheimerra, eta esaldi biribiletatik harago, badago hori horrela izendatzeko arrazoi argia: buruko gaitzak, dementziak, depresioak eta buruko gorabehera oro izendatu behar ditugu noizbait ulertuko baditugu. Izendatu, hau da, izena eman behar diegu, hitz goxoagoen gerizpean ezkutatuta, edo gaitzari berari beldur diogula adierazten duten metaforak erabilita mesede txikia egiten baitiogu gaixoari berari eta, okerrenera iritsita, haren ardura ia osoa hartu behar duten hurbilekoei.

Hitz-jokoak edo perifrasiak erabiltzen ditugu gure beldurra ezkutatzeko. Ez da bakarrik buruko gaitzekin gertatzen (minbizia hitza ez aipatzeko zenbat txiribuelta ez ote dugun egingo!), baina horietan bereziki nabarmena ukazioaren estrategia. Depresio bat antzematea zaila da, baina laguntza eske hurbiltzen zaigunari «denok izaten ditugu gure gorabeherak», edota «gauzak beste modu batez hartu behar dituzu» esanez erantzuten diogun aldiro are zailago bihurtzen da.

Hautsitako beso bat nola artatu behar den badakigu, are pandemia baten nola jokatu ikasi egin dugu, baina buru-barruko desoreken aurrean, geu gara noraezik gabe geratzen garenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.