Garazi Kamio Anduaga.

'La Côte Basque 1965'

2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

Ez naiz hizkuntzarekin erratu. Ospearen aparretan igerian ibili ondoren zulorik beltzenerako bidea hartu behar izan zuen idazle bati kopiatu diot izenburua. Irudimen falta izango da, beharbada. Edo agian deigarria egin zaidala Truman Capotek gure kostaldearen izena hartu izana bere gainbehera ekarri zuen liburuaren aurrerapen kapituluan.

Tiffany’seko bitxien eta harribitxien arteko gosariek eta hertsiki lotuta zetozen kritikek egin zuten ezagun Capote, are gehiago, irakurlearen baitan sortzen den iruditeriarako gaitasunak Audrey Hepburnen itxura zeluloidearen lurraldean hartu zuenean. Idazmakinan sortutako lanak pelikularen tankera hartu zuen eta guztiok dugu buruan Hepburnen argazkiren bat, zuri-beltzean, ustezko eta itxurazko dotoreziaren paradigma erakusten.

Egin zen ezagun Truman Capote eta gizarteak sortu zion bidetik pausoz pauso ibili zen bitartean argi zuriaren azpian bizi izan zen. Behinola, bidezidor bat hartzea otu zitzaion eta Estatu Batuetako gizarte elitistarekin topo egin eta zilipurdika abiatu zen maldan behera, inork laguntzeko imintziorik egiten ez zuela. La Côte Basque 1965 argitaratu zuen, ustez sekulako ospea lortuko zuen bere hurrengo liburuaren aurrerapen bat. Abiatu zen Truman Capote idazketaren maldan gora eta gailurra erdietsi zuenean ireki ziren bere liburuaren orrialdeak, Moisesen taulak nola. Ez zuen agindurik idatzi, baina hauen hausturak, bai: garaiko New Yorkeko gizarte elitistaren miseriak kontatu zituen bere lanean, zehazki Manhattan auzoan zegoen La Côte Basque izeneko jatetxearen inguruan gertatzen zirenak. Haserretu ziren jainkoak eta akabo Trumanen aparretako bizitza.

Gure kostaldeak ere La Côte Basque izena hartzen du gure hizkuntza arrotz zaien horientzat. Kostalde honetan hasi zen aukera berri bat duela egun gutxi hainbat migratzaileentzat. Zubi bat zeharkatzeak uretan itotzeraino ekartzen duen buruhausteak leundu ahal izan ziren milaka lagunek Irundik Hendaiarako bidea korrika, marea bizian, egin zutenean. Arraza guztietako norbanakoek luzatu zituzten zangoak ibaia eta ustezko muga zeharkatzeko. Abagune polita izan zen nortasun agiririk gabe batera eta bestera ibiltzeko, hainbat arrazoi tarteko.

Euskal argazkilari batek, poliziarik gabeko zubia zeharkatu zuen migratzaile baten irudia argitaratu zuen. Euskal kostaldea erdibitzen duten polizia-kontrolen aurkakoa da ustez euskal gizartea. Ustez, diot, memoria eskasia ederki barreiatzen delako edozeinen baitan eta ahotik atera bezain pronto hitzak desagertzen direla ere jakitun baikara. Izan ere, argazkilariak zentzugabeko kritikak jaso behar izan ditu migratzaile baten argazkia argitaratzeagatik. Konplize izatea egozten diote hainbatek eta bada Espainiar Estatuko poliziari gertatutakoa erakutsi dionik ere.

La Côte Basque-ko otordu literarioaren kontua ondo garesti atera zitzaion Truman Capoteri. Manhattan auzoko jatetxe hark izena bera ere elitista zuen antzera, gure kostaldea elitista bihurtzen ari da zentzu guztietan: turistentzat diseinatze bidean dauden hiri eta herrietan eta baita zentzu moralean ere. Gizarteari kritika egin ostean eta honek ederki zapaldu ondoren, Truman Capotek esaldi gogoangarri bat idatzi zuen: latorriz egindako potoek soinu handiagoa ateratzen dute hutsik daudenean beteta daudenean baino. Garunekin gauza bera gertatzen da. Arrazoi.

Gaur, lerro hauek argia ikusi duten egunean, Korrikak Arabako, Nafarroako eta Gipuzkoako errepide eta herriak igaroko ditu. Irribarre andana sortuko du nonahi, baita La Côte Basque-n edo auskalo non dabiltzan nortasun agiririk gabekoengan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.