elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Dardarka

2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Zebra-bidearen ertzean, semaforoa berdean jartzeko zain, etorri zait aurrez aurre gizon gazte beltz bat, gaztelania makarronikoan galdetuz ea non dagoen autobus geltokia. Hortxe bertan; pauso batzuk atzera egin eta erakutsi diot geltokiko sarrera. Eskerrak eman dizkit eta... inpentsan bota diot: «Ba oraintxe poliziak sartu dira hor». Izan ere, bost ertzain abiatu berriak ziren autobus geltokiko sarreran behera. «Ah! Arazorik ez, dena legal!» erantzun dit lasai. Total, bete-betean harrapatu nauela; harrapatu aurreiritzi automatikoan; azal zuriko gizona izan balitz ez niokeen abisu hori emango; ez behintzat badaezpadako ohartarazpen modura. Laster konturatu nintzen bidaiariak eskutik tiraka zeraman trolley handi dotorea ez zela ihesean, klandestinoki, doanaren estilokoa.

Hurrengo egunean, yogako saiotik bueltan, hara non ikusten dugun hiriko autobus markesina baten aulki azpian mutil bat, erdi etzanda lurrean, jantziak erabat bustita, dardarka. Zer gertatzen zitzaion galdetu eta bularrean, bihotz inguruan, ipini zuen eskua, han min zuela adierazi nahian. Gutariko batek berehala deitu zuen 112ra. Beste biok mutila lurretik altxarazi eta lasaitzen ahalegindu ginen. Ingeles kaskarrean ulertu genuen elkar: 21 urte, Etiopiakoa. Anbulantzia iritsi zenean, hango langileek berehala artatu zuten, ondoezari buruzko galderak egiten zizkioten bitartean. Larrialdietako zentralarekin harremanetan jarri ziren eta handik esan zieten ezaguna zutela mutila: aurreko egunean ospitalean egona zela. Mahuka altxa, eta bai, Osakidetzako eskumuturrekoa zeraman. Ospitalera berriro ez, baina gertueneko anbulatoriora eramango zutela. Ez dakit bihotza fisikoki nola izango zuen, baina animikoki jota zegoen mutila.

Harrezkero saiatu naiz, zer gerta ere, hirian horrelako kasuetarako zer irtenbide dauden bilatzen, besteak beste SOS Arrazakeriako kide bati galdetuz. Donostian Caritasek Hotzaldi aterpea irekitzen du gaua pasatzeko, hamabi orduz. Udalak La Sirena aterpean ehun pertsonarentzako tokia eskaintzen du, baina izotz arriskua dagoen gauetan bakarrik; gainontzean beste bi leku dauzka udalak, berrogeita hamasei lagunentzako guztira. Kaleko Afari Solidarioetako boluntarioek bi urte daramatzate egunero otorduak prestatu eta ematen, dagoeneko ehun eta berrogeita hamar laguni; jangela sozial bat zabaltzeko eskatzen ari dira udalari. Donostian 220 etxegabe daudela kalkulatzen du Kale Gorrian-ek. Datuei begiratuta, bistan da egiturazko egoera dela hau, non eta Donostia bezalako hiri eder, aberats —edo, zehatzago, garesti esan beharko genuke?— eta, ustez, zibilizatuan.

Azkenaldian nori ez zaizkio begiak busti —edo zuzenean negarra lehertu— Ekialde Hurbileko lurrikarek eragindako sarraskiaren irudiak ikustean? Han edonor bihurtu da etxegabe, bizirik irteteko zoria izan dutenen artean. Turkia eta Siria aipatzen zituzten hedabideek hasieran, herrialde kaltetuak izendatzerakoan. Egunkari honek, ordea, beste herrialde bat sartu zuen, hain zuzen ere, Turkia eta Siriaren artean dagoen Kurdistan. Lurrikara Frantzian eta Espainian gertatu izan balitz, eta epizentroa, demagun, bi herrialde horien arteko muga ofizialean, Espainiako eta Frantziako sarraskiaz hitz egingo lukete hedabide ia guztiek, Euskal Herria eta Katalunia desagerraraziz. Ekialde Hurbileko dardarizoari buruzko informazioak, behin berriro ere, Kurdistan ezabatu duen bezala.

Laster urtebete Errusia eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenetik. Zelenskik tournée-a egin berri du Europan zehar hegazkinak eskatzeko, han eta hemengo tankeak jaso ondoren. Panorama horren aurrean, inon diren armatzarrak eskuratu behar horrekin, nork ez du dardara sentitzen? Eta ez juxtu Gorka Urbizu eta Berri Txarrak-en despedidako Dardara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.