lizar begona

Dena ez da misioa

2025eko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez naiz inoiz oso bideojokozalea izan, baina badut hiri birtualen oroitzapen bakanen bat memorian gordea. Akordatzen naiz lagunen etxeetan Play Station aginteak eskuetan hartuta tipo ortopediko baten mugimenduak kontrolatzen genituela. Hara eta hona eramaten genuen gizona metrailadore handi batekin jendea hiltzera, bankuak lapurtzera, polizia autoen aurretik korrika egitera... Eta, e, lantzean yate pribatuak ere bahitzen genituen edozein misio betetzeko, eta, horretarako barruko aberatsa hil egin behar bazen, danba! tiro lehor bat, eta aurrera. 

Ez genion ezer gehiagori erreparatzen jokoan, nik ez behintzat, misioaren atzetik nindoan itsu. Ze nork jartzen zion ba arreta inguruko dekoratuari? Eta, are, hiri birtuala betetzeko sortutako bigarren mailako pertsonaia horiei? 

Bideojokoan diseinatutako kale bazterretan edo hiri birtualeko edozein izkinatan agertzen diren figuranteez ari naiz; betekizunen peskizan kasik antzematen ez diren pertsonaia digitalez. Esaldi bera mila aldiz mantran errepikatzeko programatuta daude. Jokalari nagusiaren misioetan tarteka agertzen dira, eta aurrera egin dezan informazio zehatza eta errepikakorra ematen dute. Pertsonaia digital horiek NPC dute izena. 

Nik ez nuen terminoa ezagutzen. Baina antza, bideojokoen mundutik dator, siglek Non Playable Character esan nahi dute eta partida batean kontrolatu ezin daitekeen pertsonaia multzoari egiten dio erreferentzia. Errutinak jarraitzen dituzte, hiri birtualean daude testuinguru estetiko/praktikoa emateko eta jokalariaren helburuetan laguntzeko. 

Kuriosoa egin zait Tiktok, Twitch edo X bezalako sareetan aski erabilia den adjektiboa dela jakitea. Ez nuen arrastorik (belaunaldi berrien hizkeratik urruntzen hasi naiz ja?), baina irain gisa erabiltzen omen da nortasunik edo ideia propiorik ez duen jendea kalifikatzeko, automata jarrera duen jendartea definitzeko. NPCak dira beste batzuek esandakoa bakarrik errepikatzen duten pertsonak, komentario klixeak edo esaldi hutsalez betetako elkarrizketak izan ditzaketenak. Eguneroko alienatzailean funtzioak mekanikoki betetzen dituztenak. Lerrotik irteten ez den jendeari esaten zaio enepeze.

Neure buruari galdetu diot batzuetan ez al duen hiri errealak ere bideojoko tankera. 

Onar iezadazue eldarnioa: Demagun mundua enepezez josita dagoela eta norbera dela jokalari nagusia. Eta inguratzen duen oro, aldiz, bere errutina-misioak betetzeko tresna. 

Zentroa (edo jokalari nagusia) norbera denean, eta beste denak (eta denek) norbere ardatzaren inguruan orbitatzen du(t)enean, guztiak hartzen du kutsu utilitarioa. XXI. mendeko misioak argiak dira: autozainketak, osasun mentalak eta ongizatearen aginduak gobernatzen dituzte garaiok. Eta horiek asetzeko funtzio argiak dauzkagu: gimnasioa, lana, asteburuko sozializazio konpultsibo-hertsia eta beste. 

NPCak euren funtzioak robotikoki eta inplikaziorik gabe betetzen dituzten horiek dira, protokolozko «egun on» eta «eskerrik asko»-ez gain, besteenganako segurtasun distantzia mantentzen dute. Linguistikoki sinpleak dira, espresio aldetik bakunak. Eta jokalari nagusiak ez du haiengandik ezer espero, misioa betetzeko behar duena lortu baino ez. Hartu-eman deshumanizatu eta apatiko horretan norbere beharren asetzeak du garrantzia, eta interes-lerro horretatik irteten den oro dekoratu antzua da. 

Agian ez da kasualitatea Z belaunaldia izatea (70 urtetik gorakoekin batera) bakardade ez hautatua gehien sufritzen duen kolektiboa. Izan ere, 2024an Bakardade Ez Hautatuaren Estatuko Behatokiak egindako ikerketa baten arabera, gazteen %69 bakarrik sentitzen dira edo sentitu izan dira noizbait. 

Inoiz baino hiperkonektatuago gauden gizarte honetan, paradoxikoa dirudi bakartasun eta isolamendu sentimendu orokortuak. Baina nago honek baduela ikustekoa gure misio-ikuspegi interesatuarekin, aurrez aurreko hartu-eman hotzekin, saltoki handietako interakzio nakarrarekin, indibidualismo garaikidearekin. Aldamenekoari begiratu gabe egiten dugu bizitza. Baina dena ez da misioa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.