Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Duina

2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Noizbait duintasunaren neurgailua salgai jarriko balitz, etxe guztietan ondo zainduta edukitzeko tresna litzateke. Garai batean ama birjinaren irudia etxez etxe txandatzen zen bezala, kandelak eta eskapularioak jarriko genizkioke tresnari, duintasuna ahalik eta finen antzeman zezan. Ama birjinaren eta santuen irudiak gero eta gutxiago dabiltza etxez etxe, eta neurgailu imajinarioa ere hortxe, gure baitan egotetik ezingo dugu atera. Alta, teknologiarekin gertatzen den bezala, geure barruan dugun duintasun neurgailuari ere eguneraketak etengabe egitea komeni zaigu, duina dena edo ez ongi hautemateko.

Gure neurgailua ederki dabil kanpora begira jartzen garen oro. Har dezagun hizpide urruneko Iranen gertatzen dena: Mozhgan Ilanlu zinemagilea zigortu dute sarean paratutako hainbat argazkitan beloa ez eramateagatik. Zigorra ez da nolanahikoa, duintasunaren eskalan bost zigor mota jasoko ditu: 200 euroko isuna, bi urtez erakundeetan parte hartzeko debekua, debekatua izango du baita ere herrialdetik ateratzea, 74 zigorrada eta bederatzi urteko kartzela-zigorra. Eta hau guztia, gure duintasunaren eskalaren orratza erabat etzan dadin, Teherango kaleetatik belorik gabe ibiltzeagatik izan da. Aztoratu gaitu erabat albisteak, ziurrenera oraindik ere barrenak astintzen dizkigulako larruz egindako zigor batez emakume bat publikoki torturatuko dutela jakiteak. Erdi Aroko zigorrak asalda gaitzake baina beharbada urrun gertatu izanak lasaitu ere lasaitzen gaitu, agian duintasun-neurgailuak gure inguruko eraso matxistak eskala txikiagoan hautematen dituelako. Noizbait antzematen baditu, noski: ikusten ez dena ez baita existitzen, ezta sentitu ere.

Gugandik gertuago, arkatzaren traza finaz marraztu da azken egunetan duintasuna Erresuma Batuan. Eliza anglikanoak barkamena eskatu dio LGTBI+ kolektiboari bere aurkako arbuio, mespretxu eta etsaitasunagatik. Barkamenaren eta kondenaren historial zabala dugu gure herrian, eta ezinbestekoak iruditu izan zaizkigu bi hitz horiek hamarkada luzeetan zehar. Barkamen hitzak duen indarra eta sinbolismoa izugarria da baina motz geratzen da mendeetan zehar ezarri izan den jazarpen eta etsaitasuna nolakoa izan den ikusita. Duintasunaren traza fina marraztu du eliza anglikanoak: barkamena eskatzeaz gain, sexu bereko bikoteen ezkontzak bedeinkatuko ditu. Duintasunaren marra fina marrazteko arkatzaren ondoan borragoma sendoa dute, halere: zure sexu bereko bikotekidearekin bide zibiletik ezkondu beharko zara, baina gero otoitz eginez gero, elizak bedeinkatuko zaitu. Self service, horixe.

Bost urte eman dituzte bileratan Canterburyko batzarkide hauek azkenean sexu bereko bikoteak ez ezkontzeko erabakia hartzeko; bost urte, burua lehengo lepotik dutela berresteko. Baina autobedeinka zaitez, arren.

Eztarrian trabatzen zaigu duintasuna etxera begira jartzen garenean: egunkari honetan bertan izan zen albiste nagusi igandean Euskal Herrian dagoen langile falta. Duintasuna desagertzeraino hitz egiten du batek baino gehiagok: gazteek ez dute lanik egin nahi. Beharbada noizbait gazteago izan ginenen begietatik ikusita esaten dira hitz hauek, eskaintzen diren lan baldintzak kontuan hartu gabe. Bada lanik egin nahi ez duen gazterik, lan egin nahi duen ez hain gazteak bezainbeste. Baina nor dago prest edozein baldintzatan lan egiteko? Bizi-kalitateaz hizketan betetzen zaigu ahoa baina lau sosen truke lan egitera behartu nahi dugu bat baino gehiago. Ez du balio garai batean edozein baldintzatan lan egiten zenuela esateak, esaldi hori minetik eta atsekabetik esaten baitugu. Gure egin genuen duintasun falta ez dute ondorengoek pairatu behar. Duintasun falta da konpondu behar dena eta ez gazteen lan egiteko gogo-neurgailua sortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.