Magikoa iruditzen zitzaigun, aitaren errementariaren atetik, bertatik bertara ikusten geunden neska-mutilei burdin zatia tresna bihurtzeko prosezua. Magikoa, hauspo erraldoia ikatza bizten, eta tin-tin, tin-tin, bat burdinean bestea ingudean, perfektua iruditu arte; gurdientzako gurpila, gurpilentzako iltzea, arearentzako punta edo sartagina, dena delakoa, prest! Arratiako esaera batek dio «ekine baragarrie» dela, eta ekina da sua, ura eta errementariaren lanarekin batera burdinorea lanabes ederra bihurtzeko bidea.
Horrela joan zaigu uda, tin-tin ezberdinen artean. Batzuk, ingude gaineko kolpe antzuen bitartez, honen eta bestearen gaineko zalantzak eta errezeloak zabaldu nahian ibili dira. Zelan da posible eurek hainbeste batzartoki izatea eta guk apenas? Eta korua? nor eta erantzuna ondo dakien hamaika turno egindakoen lagunen bat; barregarria bezain tristea. Tin-tin, tin- tin eta kanpotarren ganorabakokeria? Hemengoen izerdiaz aprobetxatu eta urrik emon gabe bizi omen dira zenbait. Legeak errua! Beharrizan gorrian daudela dioen legeak, pertsonaren duintasuna defendatzeko gizarte solidario batek sortutako legea errudun. Tin-tin, tin-tin Eta Katalunian hegoaldekoei koipea emoten independentziaren jarraitzaileak egitearren! Fede islamiarra erakusteko hitzarmen arriskutsuen bila? Zaharrak berri Espainian; Zergatik ez euren kolkora begiratu? Erreza da; zenbatzea besterik ez daukate lurraldean zehar dauden hitzarmen eta antzekoak, ahaztu barik Erregeen arteko anaimaitasuna. Koipeaz ari?
Tin-tin interesatuak ere izan ditugu. Azken datuen arabera, Espainian hezkuntza «ondo» ei doa. Gaurtik gaur, Espainian eskola uzten dutenen kopuruak, Euskadin baino hiru aldiz handiagoa izan arren, behera egin du eta seguruenik Wertek asmatutakoarekin..... akabo frakasoa! Bada bide horretatik hemen parra gelditzeko, bi eskolatan matrikulatu behar izango ditugu ikasleak! Exusss! Sasierrementariak! Eta interesbakoa espainoleen armadarekiko desamodioa. Espainolak ez omen daude prest armak hartzeko, ezta aberria defendatzeko ere. Militarren artean konsternazioa nagusi. Ai ama! Izandako Ardor gerreroa kixkalita eta etorkizuna, sortutako errautsak baino beltzagoa. Mellillan ei daude espainol patriotenak eta esan gabe doa Nafarroan, Euskadin eta Katalunian daudela, hurrenez hurren, Espainiarekiko abertzaletasuna Afrikako probintziak baino urrunago sentitzen dutenak.
Herria bitartean Kataluniatik eta Eskoziatik datozkigun tin-tinei zuhur. Itxaropenezko Tin- tinak, Herrien borondatea islatuko dutenak. Benetan hunkigarria Bartzelona gorri-horiz bete zuen hamaikako V erraldoia. Eta beharbada egondako mila buruk mila aburu izan arren, jendetzak bozkaketarako bidea zabal eta legitimaturik utzi zuen. Eta agintarien txandan honezkero, kontsultaren legea onartuta dekretoaren zain. Andaluziarrentzat balio zuenak izango du balioa Kataluniarentzat? Ikasi ote dute zerbait Konstituzionalean gaelikoen Herrialdearengandik?
Hori lezioa eman dutena! Eskozian, ezetz esan diote burujabetzari, ez dutela Londresetik at bizi, elkarrekin jarraituko dutela, baina erabakitzeko aukera izan dute. Zorionak! Demokrazia Herriak bere etorkizunarekiko erabakia errespetatzean datza eta Britainia Handian aspaldi ikasita dute hori; beraz, erabakitzeko eskubidea garaile. Katalunian eta Euskadin ere horixe bera baino ez dugu helburu: gure Herriaren etorkizuna modu demokratikoan erabakitzea. Halandaze, aurrera eta ekin diezaiogun! Badakigu eta, ekine baragarrie dela.

ARKUPEAN
«Ekine baragarrie da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu