elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Emakume, mandazain eta batelariak

2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Mando baten gainean zangalatrau, zurezko tramankulu bat bi aldetara zabaltzen dena —alforjen antzera— eta haietako bakoitzean bidaiari bana, gizonezkoa bata, emakumezkoa bestea —eguzkitako aterki eta guzti hau— eta mandoaren aurretik, hura gidatzen, andrazko bat. Cacolet deitzen zaio tramankulu horri eta Baiona inguruan dago kokatua eszena, XIX. mendearen erdialdera. Hurrena, hiru arrain saltzaile ageri dira, Donibane Lohizunen; saskiak buruan dituzte haietako bik, hirugarrenarenak erakusten digu jeneroa, han barrenean dagoen txalupatik jaso berria; laster abiatuko dira hirurak, ziztu bizian, kantak dioenez Santurtzitik Bilborako bidea egiten zuten sardineren antzera. Eta hor daude, beste koadro batean, XVII. mendetik hasi eta kanpotik etorritako horrenbeste idazle eta pintoreri arreta piztu zieten Pasaiako emakume batelariak.

Kasu honetan, batelariak, arrain saltzaileak eta cacolet-eko gidariak Feillet ahizpen eskutik datoz: Hélène (1812-1889) eta Blanche (1815-1886) Feillet, Parisen jaioak biak, Baionan bizi izandakoak eta Miarritzen hilak. Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan zabaldu berri den erakusketan daude ikusgai haien lanak, izenburu honen pean aurkeztuta: Emakume margolari aitzindariak XIX. mendeko Euskal Herrian.

Aitzindari eta ibiltari. Baionatik Bilborainoko paisaiak eta jendea jaso zituzten beren marrazki, litografia eta akuareletan, eta baita argitaratu ere liburutan: Album des deux frontières (bitxia izenburua) eta Guide du voyageur de Bayonne à St-Sébastien, besteak beste. Argitalpen horien egilea Charles-Henri Hennebutte izan zen, Blancheren senarra, editore baionarra. Izan ere, topiko petral hori alderantziz jarrita, esan dezakegu bi emakume handi hauek, bi gizonezko handi izan zituztela atzean: Hennebutte batetik, eta aita bestetik, Pierre Jacques Feillet, litografoa bera.

Paisaiari dagokionez, Feillet ahizpak, korronte erromantikoaren barruan kokatu arren, ez ziren mugatu itsasbazter eta mendi bukolikoetara; hor daukate, adibidez, Tolosako La Esperanza paper fabrika, Gipuzkoako industrializazioaren hasierako mugarritzat jotzen dena. Jendeari dagokionez, azpimarratzekoa da emakumeari ematen dioten tokia; tranpatxoren bat ere egiten zuten horretan; adituek diotenez, batzuetan, marrazkia Blancheren eskutik zetorrenean, Hélène agertzen zen eszenan, bertakoekin nahastuta, eta alderantziz, Hélènek Blanche sartzen zuen. (Aitzindariak Orson Wellesentzat ere?). Horrela egin zuten, esaterako, Azkoitialdeko bikote bat marrazterakoan edo cacolet baionarreko bi koadroetan. Jolas hutsa ala anekdotaz haratagoko intentzioa? Aitzindari izatearen kontzientzia eta harrotasuna agian?

Emakume mandazain, arrain saltzaile eta batelariez gain, arropa garbitzaileak ere aurkezten dituzte Feillet ahizpek; baita apaiz batekin kontu isiletan ari diren jantzi dotoreko parea ere, eta hauekin kontrastean, bi urketari lanpetu joan-etorrian. Sumatzen zaie margolariei kostunbrismoaz gaindiko begirada zorrotza, gizartearen barrunbeei buruzko ikuspegi ohartua.

Hélène eta Blanche Feillet jaiotzerako Humboldtek argitaratuta zeukan Euskaldunak (1801). Eta hor azaldua zuen bere harridura Euskal Herrian emakumeek egiten zituzten lanengatik, gizonezkoen pare. Kanpotik bisitari etorritakoen begirada horiek —Feillet-tarrenak, Humboldtenak— gure herenamonekiko harrotasuna sentiarazten digute. Eta ohartarazten, aldi berean, bilakaera ez dela dena aurreranzko bidean joan, atzeranzko aldiak eta geldotzeak izan dituela 150-200 urtetan zehar. Tokitan egon behar genuke bestela...
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.