Espainiako Konstituzioaren ospakizunari tiroa kontrara atera zaio aurten: bi manifestaziozezen-larrutik kanpora; marka da gero. Lehena 155. artikuluaren aplikaziotik zuzen-zuzenean eratorria, gainera. Bruselako zeru kopeta beltzari asfaltoaren gaineko marea horiak jarri zion ifrentzua. Lehen ere manifestazio erraldoiak egin izan dira Europar Batasuneko erakundeak biltzen dituen hirian, baina beste tankera batekoak arlo sozialekoak, sekula ere ez halako jite politiko nabarmenekorik.
Jean Rey plaza izan zuten helmuga kataluniarrek, eta niri gogora beste plaza bat, Grand Place. Eta segidan Mario Onaindiaren nobela: Grand Placen aurkituko gara (1983). Ez daukat Onaindiaren ondare politikoa manipulatzeko inolako asmorik, baina oroitaraziko dut Onaindia ere exiliaturik egon zela Bruselan, 1977an, zortzi urteko kartzelaldia bete eta gero. Extrainaturik, orduko hizkeraren arabera.
Parisko bilkurak Montparnasse geltokian zuen abiapuntua, eta horrek ere beste exiliatu bat ekarri dit gogora. Polixene Trabudua mitinlari jeltzaleak 1936ko gerratik ihesi Parisen igarotako aldia ez zeukan ahazteko: II. Mundu Gerraren bukaera bertan ospatzeko zoria izan zuten han erbesteraturik zeuden hainbat euskal herritarrek. Crónicas de amama (1991) memoria liburuan dauka jasota pasarte historiko hori. Exilioak ziklikoak izaten dira eta kronikoak erresuma batzuetan: Irundik Portboura bitarteko lerro pirinearra lekuko.
Hau idaztean oraindik ezin jakin nola joan den Pariskoa. Bete ote da 10.000 lagun biltzeko aurreikuspena? Aurretik ondo landu dute bidea antolatzaileek: Frantziako espetxeetako bira eta bisitak, Iparraldeko mila hautetsiren sostengua, Frantziako ehundik gora pertsonalitateren babesa, Parisko Kontseiluak bake prozesuaren aldeko mozioa onartu izana...
Mixel Berhokoirigoin Bakegilea bizi mintzatu zen hilaren 5ean Euskadi Irratian, Maite Artolak egin zion elkarrizketan: Frantziako Justizia Ministerioaren ordezkariekin izaten ari direnak elkarrizketatik haratagoko «negoziaketak» direla, eta badutela baimena «Eliseoaren eta Matignonen» aldetik, hau da Emmanuel Macron presidentearen eta Edouard Philippe lehen ministroaren aldetik.
Irmotasun horrekin erantzun zion Berhokoirigoinek egun batzuk lehenago azaroaren 29an, Jonan Fernandez Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak Euskadi Irratiko saio berean esandakoari: alegia, zazpi euskal presori erregimen berezia kendu izanak ez duela esan nahi Frantziako Gobernuak aldaketa funtsezkorik egin duenik eta Madrilen aldamenean jarraituko duela presoen aferan.
Argudioetan sakonduz, perla hau bota zuen Berhokoirigoinek: «Bakea ez da gure afera bakarrik, Frantzia osokoa da. Sobera sufritu dugu gure gaiak lokalak bezala tratatu direlako: gai unibertsalak dira, lokalki tratatuak. Ez dugu lokalismoa esportatzen. Unibertsaltasuna deklinatzen da lokalki». Hegoaldeko erakundeen jarreraz galdetuta zehazki Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarreraz horrela borobildu zuen Bakegileak erantzuna: «Ez da jendartea instituzioen aurka. Denek behar dugu irabazi». Beraz, instituzioek ez dutela zertan mesfidati izan jendartearekin.
Aurreko baieztapen horiek beren tamainan ulertzeko gakoak Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak idatzitako Luhuso, ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburuan topa daitezke. Zehatz-mehatz daude hor kontatuta gertaera horren inguruan izandako atzera-aurrera eta zalaparta guztiak. Bakegileak, apirilaren 8ko data iragarri zutenean, ohartu omen ziren Hego Euskal Herrian gauzak partekatzeko arazo batzuk zeudela. «Haien arabera dio Esnaolak horren arrazoi bat zen oro har gizarte zibilaren rola biziki modu desberdinean baloratzen dela Iparraldean eta Hegoaldean». Zer pentsa jartzekoa, ala?

ARKUPEAN
Enbaxada ibiltari bi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu