Inaki Galdos

Erakarleak eta erakarriak

2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Benetan hauteskunde garrantzitsuak igandean Galizian ospatuko direnak. Asko ala gutxi, badirudi aukerak egon badaudela BNGko Ana Pontonek gidatuko lukeen gobernua osatzeko, are gehiago pasa den asteburuan Feijooren PPk amnistia hizpide egindako hanka-sartze nabarmenaren ondoren. Izugarri berri ona izango litzateke hori. Zatiketa gogorren eta emaitza txar dezenteren ondoren koalizioa berrindartzea lortu dute Ponton eta enparauek, besteak beste Joxe Manuel Beiras, Martiño Noriega eta beste kide ohi askoren babesa lortuz. Eskuina, urduri, mamuak astintzen ari da, Unión do Povo Galego alderdiaren (BNGko enbor nagusia) komunismoa dela, terrorismoaren aldeko jarrerak direla eta abar luzea. Gainera, nobedaderik ere ez honetan, hautagaiaren, eta oro har Bloquearen, irudi berria, mezu moderatu eta transbertsal(ago)a, makillajea besterik ez direla etengabe esaten.

Gogoeta interesgarri baten aurrean kokatzen gaitu azken kontu horrek, eta ez bakarrik Galiziara begira; Kataluniara eta Euskal Herrira ere bai. Izan ere, ez baita gauza bera begi bistan dauden aldaketa horiek taktikoak diren jakitea, estrategikoak diren edota neurri batean ideologikoak ere bai. Egia da duela gutxira arte Italiatik inportatutako berbarekin aggiornamento esaten genuen fenomenoak boto uzta ederrak ekarri dizkiela aspaldion zenbait alderdiri, printzipioz berri ona dena, baina kontua da ezagutzea zein izango den etorkizunera begira paradigma aldaketaren ondorioa. Eta kezka sortzen du horrek, beste behin hemen adierazi genuenaren hariari tiraka, sarri iruditzen zaigulako jende berria erakartzearen erakartzez ez ote den hiru herriotako abertzalegoa bera erakarria geratu, kateatuta, botoa ematera erakarri diren horien markoetan. Beste era batera esanda, ez ote duten botoa aldatu, euren ordezkari berrien jarrera aldaketarekin oso eroso daudelako, baina ideietan fitsik aldatu gabe.

Kataluniako independentismoa gorenean zegoenean sortu zen subjektu independentista berria eraikitzen hasteko proposamena, Euskal Herrira ere hedatu zen teoria. Horren arabera, arrakasta izatekotan, desabertzaletu egin behar zen emantzipazio nazionalaren ideia. Aberririk gabeko estatua defenditu zuenik ere izan zen. Izan zen urte haietan horren guztiaren arriskuaz gaztigatu zuenik ere, esanez ideiak porrot egiten bazuen —eta hala gertatu da— nazioa bera izango zela oso egoera ahulean geratuko zena. Independentziaren grina desagertuta, fase berri batean murgildu dira orduko sutsuenetako gehienak eta duela 92 urte inguruko Madrilgo no pasarán haren kapitulu berritua dute orain lelo ia nagusi, eskuin muturraren oldarraldiaren aurrean. Hori eta politika sozialak, batzuk ez propagandak agindutakoak bezain loriatsuak, portzierto. Eta hala behar du, hori ere egin behar dute, baina, onar dezagun, han-hemengo abertzaleek inoiz baino boto uzta handiagoak dituztenenean entzuten ari gara gutxien naziogintzari buruz, aberrigintzari buruz.

Pilotalekuetan ere fenomeno paradoxiko bertsua ari da gertatzen. Indarberrituta ageri dira oso egoera latzean zeuden bi modalitate, Zesta-punta eta Erremontea, eta eskuzko txapelketetan ere jendetza ari da pilotalekuetara hurbiltzen. Berri onak, inolako zalantzarik gabe; baina olatuak olatu, gutxi dira, publikoki behintzat, hausnarketa deserosoak egiten ausartzen direnak. Ikusle berrietako zenbat dira benetan pilotazaletu direnak eta zenbat moda berriek edota parranda egarriak bultzatuta joaten direnak, garai batean Lasturrera bigantxetara bezala kasu? Oraingo giro ona ukitu nahi ez delako, ez al da neurririk hartu behar epe luzera, aparra jaisten denerako, pilotari kalte egiten ari diren hainbat kontutan (materiala, joko zikindua...)? Iruñeko Labriten behin pilotazale ospetsu batek esan zidan ziur zegoela irteeran inkesta bat egin eta gehienek ez zutela asmatuko esaten festibaleko pilotarien izenak eta partiduetako emaitzak. Pozgarria zela jendetza ikustea, baina ez hainbeste betekaden zergatia. Beldurra ziola ajeari. Antzerako sentimenduak ditut nik sarri politikan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.