Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Errealaren fikzioa

2017ko urriaren 14a
00:00
Entzun
XXI. mendeko mendebaldearen eremu zurieneko jendeon bizi eskarmentuaren parte da ideologia handiek agindutako utopien ordez izugarrikeriak sortu dituztela; edo, kasurik onenean, norbanakoaren izate diferentzialak eta askatasuna zanpatzen dituzten alper-harri astunak direla. Berdin da bizi eskarmentu hori norberaren buru-gorputzean gauzatutako gertakariengatik datorkigun edo besteengandik iritsitako narratiben bidez —haiei jazotakoetan oinarritu zein fikziozko—: egia gorpuztu kolektibo bat da dagoeneko, zentzu komunaren parte, azken buruan, amankomuneko bizi eskarmentu.

Horixe baitu zentzu komunaren edo pentsamendu hegemonikoaren eraikuntzak: sinetsarazi behar digula humanoon hautatzeko gaitasunetik eratorriak diren auziak berezkoaren arlokoak direla, jainkoen mandatu forman teologiak legitimatuak lehenago, arrazoi eta zientzien zilegiztatzearen bidez izateen naturan kokatuak orain. Horixe du, halaber, zentzu komunaren edo pentsamendu hegemonikoaren eraikuntzak: berezkotze horretara iristeko auziei konplexutasunetik heldu ordez baieztapen sinple eta binarioak proposatzen dituela, bai edo ez, on edo txar, ñabardurarik gabeak.

Nolanahi ere, ideologia handiak ñabardurarik gabe izugarrikeriarekin lotzen dituen pentsamendu hegemoniko horrek premiazkoa du beste pentsamendu makulu bat: gauza inportanteak, egiaz esanguratsu eta humanoontzako ardatz direnak, jendarte egitasmo handietatik —eta, batik bat, eraldatzaileetatik— kanpo jokatzen direla. Jokatzen direla, zehazki, pentsamendu horrek berak egunerokotasun edota eguneroko bizitza izendatu dituen horretan: goizero jaiki beharrean, bulegoaren grisean, etxearen goxoan, parke ertz bateko eguzki izpiak eman dezakeen zorionean, maitearen agurrak eragiten duen desolazioan, terziopelozko beroki eder bat erosteak sortzen duen betetasunean edota konpainia egin diogun bizilagun bakartiaren esker onean. Edo, beste era batera esanda, norberetasunaren eremuan, errealarenean. Horixe baita pentsamendu nagusiak inportantetzat eman nahi dituen auzien jokaleku horri erantsitako beste izena: erreala, bizitza erreala. Pentsamendu ildo hori hain da indartsua, eze sinetsi dugula jokaleku bakarra, esperimentatze, bizitze eremu bakarra, eguneroko bizitza erreal hori dela. Norberetasun estutik harago ibilbide murritzekoa.

Baina oso bakanka izan arren, XXI. mendeko Mendebaldeko eremu zurienean ere gertatzen dira errealaren narratiba horretatik mugiarazten gaituzten mugimendu eta jazoerak, Kataluniako ertz askotariko iraultza kasurako.Gertaera horiek izaten dira diskurtso kritikoen mozorropean zenbat erosotasun ezkutatzen direnen froga. Izan ere, harrigarria da zenbat printzesa sortu diren egunotan ipuinean bezala ilarraren ziztada deserosoa sentitu dutenak, soinpean biskolastika aurreratueneko zazpi lastaira izan arren. Zenbatek egiten duten sen onaren izenean elkarrizketarako dei ekidistantea, eta jarrera hori argudiatzeko zenbatek argudiatu duten inportantea, benetan axola duena, eguneroko bizitza dela, arazo errealak. Batik bat, Espainiako ezkerrean.

Ziur dakigun gauza bakarretakoa da hil artean bizi egiten garela. Baina bizitze horrek hamaika adiera eta zentzu ditu norberaren norberatasun eta baldintzapen indibidual eta kolektiboen arabera —ai, zeinen erraz ahazten ditugun bigarrenok!—. Askoren eguneroko bizitzaren eta errealaren parte da, adibidez, bizirik irauteko. Itsaso bat, hamaika hesi eta hamaika bortxa gainditzeko borrokan ibiltzea. Beste batzuentzat duintasunaren kontrako enplegu baldintzak onartzea jan ahal izateko. Bada egunerokoa eta erreala zama ikaragarria zaionik zakila izan arren emakume sentitzen delako eta den hori izatearen alde etengabe borrokatu behar duelako. Eta bada, den hori izatearen alde egunerokoan etengabe borrokatu behar duenik bere izate komunitarioa, herri nortasuna, hau da, autoerrekonozimenduan eta nor izatean nitasunak adinako garrantzia duen gutasuna, beste bat izatera behartua sentitzen duelako. Azken batean, eguneroko bizitzak eta arazo errealak askotarikoak baitira, desideologizazioaren ideologian zutoindutako pentsamendu hegemonikoak marraztutako goizero jaiki behar, bulegoaren gris, etxearen goxo, parkeko eguzki printza, maitearen agur desolatzaile, terziopelozko beroki asegarri edota bizilagun bakartien konpainia eskergarriaz gaindi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.