elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Errealitatea fikzioan

2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Gertatzen da albiste batzuk onak eta txarrak izatea, aldi berean, jasotzen dituenarentzat. Kontraesan horretan aurkitzen naiz —eta ziur ez naizela bakarra— Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearen itxiera dela-eta; ekainaren 16tik aurrera, eta 2025era arte, ez dugu sarbiderik izango bertan, obrak egin behar dituztelako eraikinean. Eskerrak liburuen maileguari eutsiko dioten Komikigunean, Errege Katolikoen kalean, KM-tik oso gertu. Beste zerbitzu batzuk —hala nola ikerlarien kontsultak— Villa Asuncionen eskainiko dituzte. Eta orain arte KM-ko aretoan egiten ziren ekitaldiek Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan izango dute tokia.

Hala ere, KM-ren falta jende askok nozituko du: bertan azterketetarako prestatzen aritzen diren ikasleek, prentsa irakurtzera joaten diren adinekoek, ikertzaileek, lan intelektualen bat garatzen ari diren jubilatuek, etxebizitzari dagokionez prekarietatean dauden etorkinek... Izan ere, komunitate anitza biltzen da Kulturunean. Duela urte batzuk esan ohi nuen tokiak zeukan akats bakarra horrenbeste jenderekin sortzen den itxi usaina zela. Bestenaz, nik neuk noizbait izan dudan estropezua zera izan da, goiko apaletara iristeko eskailera hartu izanagatik jasotako errieta —ez nuen irakurri eskailera bertako langileek bakarrik erabil dezaketela—.Gainontzean, KM-ko langileek eskaintzen duten arreta eta erakusten duten efizientzia mailarik gorenean daude.

Ia hiru hamarkada daramatza KM-k zabalik; 1993an inauguratu zen, Eli Galdos ahaldun nagusi zela; proiektua lehendik zetorren, Imanol Murua diputatu nagusi eta Xabier Lete Kulturako diputatu izan zirenetik. Horrenbeste urte —eta bezero— pasata, ez da harritzekoa konponketa eta egokitzapen lanak egin beharra KM-n. Berritze partzial gisa aurkezten dute oraingo obra, 2018an Denis Itxasok—Kulturako diputatua zela— KM erabat berritu eta eraldatzeko proposatu zuen proiektutik bereiztearren, itxuraz. Publizitate dezente eman zitzaion asmo hari; oker ez banago, eraikinaren aurrean ipini zituzten propaganda paneletan apenas ageri zen libururik.

Aspaldiko liburu bati heldu diot Joan Mari Irigoien hil den honetan; haren lehenengo nobelari: Oilarraren promesa (Gero, 1976). Iniziatikoa izan zen niretzat hura zentzu honetan: erakutsi zidan garai hartan pil-pilean zeuden arazoek izan zezaketela sarrera nobelan, nahiz eta fikzioarekin nahastu. Kontakizunaren hiru gertakari geratu zitzaizkidan itsatsita. Bata, don Justo gramatikaria pinuekin maitemintzen denekoa: «Eta, hala, Sanmarkeko mila urtetako pago zahar guztiak errotik moztu, etapinuak aldatu zituen, pinus insignis hosto-ilunak, doluzko zapi bat bezala zabaldu zirenak lehenengo aldiz Liputzeko eskualdean». Bestea, don Justiniano Azpileko alkategaiak herria hiriari saltzea —Altza Donostiari, alegia— proposatzen duenekoa: «(...) munduan dena aldatzen ari da, eta guk ere egokitu beharra dugu. Horretarako, ordea, dirua behar da! Easako alkatearekin hitz egina naiz, eta bera prestlegoke diru-laguntza emateko, gure herria Easaren legepean eta agintaritzapean jarriko bagenu». Hirugarrena, egunkarietan«Pisos en Alza» iragarkiak azaltzen hasten direnekoa, mantra bihurtuta: «Más pisos en Alza. Cómodos plazos».

Nobela batean errealitate gordineko hiru gertaera eztabaidatu horiek topatzea mugarri izan zen niretzat: literatura ez zen jada urrutiko istorio asmatuetara mugatzen; literaturak bazeukan zeresana inguratzen gintuzten eguneroko gai eta afera hurbilekiko. Oilarraren promesa-ri zor diot deskubrimendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.