Iraitz Agirre Aranguren.
ARKUPEAN

Estatistiken arabera

2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Adierazle estatistikoek gertaera edo fenomenoen inguruko analisiak egiteko aukera eskaintzen dute, egindakoek eta egin gabekoek zer-nolako eragina duten modu neurgarri, konparagarri eta ebaluagarrian ezagutzekoa. Gertaera bat anekdotikoa edo orokorra den jakin daiteke horrela. Indikatzaileak beharrezko dira, aintzat hartzen ez direnak kontzeptuetara ekarriz kuantifikagarri eta kualifikagarri bihurtzeko.

Emakumeen esperientzia kolektiboen inguruan jarduteko tresna garrantzitsuak dira. Hauen bidez eta genero ikuspegidun analisiak areagotu ahala estereotipo sexistetan eta ezberdinkerian artikulatutako antolaketa sozial patriarkala nabarmen azaleratzen zaigu eta. Gainera, COVID-19aren krisialdia gainerako krisialdi sistemikoetara batu zenetik urtebete baino gehiago pasa den honetan, ikuspegi honetatik aurreikusitako egoera askori izaera ezberdinetako adierazle estatistikoekin eman diezaiekegu forma.

Eurostaten arabera, adibidez, Europako Batasuneko osasun langile eta zaintzaileen %76 inguru emakumeak dira. Baita saltokietako kutxatan lan egiten dutenen %82, garbiketa eta etxeko laguntzan dihardutenen %95, eta zerbitzuen sektorean lan egiten dutenen %84 ere. Eurak dira nagusiki ugalketa eta zaintza lanez arduratzen direnak eta ekonomia informaleko enplegu gehienak betetzen dituztenak. Baita lanaldi partzialak dituztenak ere: %31,3, gizonen %8,7tik oso urrun. Nabarmentzekoa da iaz enpleguan izandako absentzien proportzioa handiagoa izan zela emakumeentzat gizonentzat baino Europako ia herrialde guztietan, eta soldatapeko lanean egindako orduen kopurua gehiago jaitsi zela emakumeen kasuan gizonen kasuan baino.

Soldatapeko lana eta familia bizitza uztartzeko zailtasunak emakumeen osasun mentalean eragin handia izaten ari direla ohartarazten dute datuek. Krisiaren ostean normaltasunera itzultzean, emakumeek etorkizun profesionalarekiko duten konfiantza gizonena baino neurri handiagoan murriztu dela azpimarratzen dute. Antsietate, bakardade eta depresio tasetan, hiru-lau puntu portzentualeko aldea dago emakumeen kaltetan. Eta hiltzaile matxistek astero 50 emakume hil dituzte batez beste, Europako Batasunean.

Fokua gurean jarrita, interesgarriak dira Gaindegiak martxoan publiko egin dituen soldata arrakalaren inguruko datuak: Euskal Herriko soldatapeko emakumeek gizonek baino %11,7 gutxiago jasotzen dute lanorduko, batez beste. Lanorduko soldatetan baino desoreka handiagoa dago, ordea, gizon eta emakumeen artekokotizazio-oinarriaren gainean. 2020ko iraileko datuen arabera, Hego Euskal Herrian gizonen hileko batez besteko kotizazio-oinarri gordina 2.457 eurokoa da; emakumeena, ordea, 2.065 eurokoa (-%16). Emakumeek, oro har, gutxiago irabazten dute ordaindutako ordu gutxiago lan egiten dutelako, okerren ordaindutako sektoreetan lan egiten dutelako edo enpresetako maila altuenetan ordezkaritza txikiagoa dutelako.

Onartuko dut datuen bonbardaketa etengabera ohitu gaituzten garaiotan, estatistikek diote hitzekin hasitako esaldiek ez didatela fidagarritasun handirik sortzen. Eta, hala ere, beharrezko ditugu adierazleak, auzi orokor eta politikoak direnak erdigunera ekarri eta ikusgarritasuna emateko. Kontua da ezberdinkeria horiek aztertzeko baino horiek eraldatzeko indikatzaileak, politikak eta, batez ere, jarrera proaktiboak behar direla. Estatistiken arabera, ordea, ez dirudite asko horretara bideratuta dauden analisiak. Ez baita gauza bera ikusgarri edo adierazgarri izatea, ezberdinkeriak bistara ekartzea edo hauek amaitzeko erabakiak hartzen saiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.