Irati Zubia Landa.

Eta zuretzat, zer da itsasoa?

2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Joan den astean Oihana Aranak olatu batek goitik behera busti zuen turista bat ikusi eta zera idatzi zuen. Bat: ilargi beteari bezain zaila edo zailagoa da itsaso nahasiari argazki eder bat ateratzea. Bi: itsasoarena izango da, seguru, dagoen metafora gastatuena.

Ageri da nobeletan, kantuetan, testu sakratuetan. Izan da infernuaren sinbolo eta baita estatuaren bortizkeriarena ere. Izan da kantu herrikoien gaia. Ken Zazpiren Itsasoa gara-rekin egin nuen negar bihotza lehenbizikoz hautsi zidatenean eta Zea Maysen Itsasoa-rekin bigarrenean. Mundu krudela da Tatxersen itsasoa; eta Ithakaren kontzertu batean urratu dezakezu eztarria. Serratentzat etxea zen Mediterraneoa hobi komuna da beste askorentzat. Zehazki, 59.000 hildako erregistratu dira bertan azken hamarkadan.

Cristina Rivera Garzaren arabera, batek itsasoa behar du galdera ezinezkoak betetzeko. Machadorentzat itsasoa zen, hain zuzen, ezjakintasuna: arrazoimenak atzeman ezin duena. Bada bere poemetako batean itsasoaren parean meditatzera jesartzen den erraldoi bat, Benito Lertxundiren antzera. Erraldoiak galderak egiten ditu, baina itsasoak soilik bere pentsamendua itzultzen dio. Itsasoari bost axola gu. Begiratzen diogu edukiz betetzeko eta honek gure zirkunstantziak bueltatzen dizkigu. Horregatik da, akaso, horren metafora erabilia.

Norbere aldartearen zein koiunturaren araberakoa da itsasoarekiko harremana. Sarriren hasierako itsasoak, Izuen gotorlekuetan barrena, epika eta fantasia zuen eta Ulises bidaiari. Lagun izoztua-n, berriz, itsasoa da itsaso mortu bat eta Anariren doinua du. Habanako gaukarietako brisari Ruperrek jarri zion musika alaia. Rona eta kresala lagun minak dira bertan.

Lagunei galdetu eta bakoitzari bere modura egin dio ispilu itsasoak. J-k itsaso harroari botatzen dio errua petralduta dabilenean. Gu pozten gara Merkurio retrogradoa aipatu ez duelako. N-k «035» du tatuatuta orkatilan, bere auzoko kode postala. Bartzelonan itsasotik urrutien dagoen auzoetako bat da. N-rentzat itsasoa da klase-arrakala. Itsasertza dira Barceloneta auzoaren gentrifikazioa eta Zona Forumeko eraikin korporatiboak.

A-ri txikitan kontatzen zioten behinola bazela hondartza Santurtzin eta Zierbenaraino doan paseoari «Las Vegas» esaten ziotela, han ere hondartzak zeudelako. Industrializazioak eta Bilboko portuak jan zuen kosta. Egun itsasoa zikina da eta zarata dakar. Ferryetan heltzen dira turistak saldoka. Bainua hartzera eskuineko margenera joaten da. Itsasoak zorrozten dio ezkerraldearen eta eskuinaldearen muga sinboliko eta ez sinbolikoa. Mejillon Tigrekoek diote herri itsusiak mespretxatu eta politak esplotatu egiten direla.

Nire etxean itsasoa da Donostiako kaia, hondartza baino gehiago. Ofizioz baino gehiago, afizioz bizi dugu. Nahiz eta baduen aitak lan egiten zuen arrandegiaren usaina eta Pasaiako portuarekin kontrastea. Bertan hartzen dute bainua señorek eta egiten dituzte mortalak atzeraka hiriko beste txokoetan jazarriak diren gazteek. Kaian dira lehenengo sardineren otarreak eta egungoen zalaparta morea. Kaiak baditu Aquariuma eta menu garestiak ere.

Kai inguruan igerian hil zen Balentxi, nire amonaren bizilaguna eta nire gurasoak senar-emazte egin zituen apaiza. Auzo erdiak maite eta beste erdiak gorroto zuen. Ez zuten parrokietan nahi eta zaintzen zituen Parte Zaharreko drogazaleak. Kaian dago Aita Mari Zubia izeneko baten bustoa ere. Hainbat marinel salbatu zituen, ez dakit zenbatgarren urtean. Umetan asmatu nuen nire arbasoa zela eta hala kontatu eskolan. One Piece-rekin hasi nintzen itsasoa erromantizatzen eta ikusten duzu, gaur arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.