Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Etxe barrukoak

2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Historia behin eta berriro errepikatzen dela diotenen ezkortasunarekin ez naiz eroso sentitzen, ezta denborak oker ia guztiak zuzenduko dituela defendatzen dutenen xalotasunarekin ere.

Joan den astean irakurri nuen Londresko klub edo elkarte elitistenetako baten, Pratt's izenekoan, sesio bizia dabilela emakumeak bazkide gisa onartu ala ez erabakitzeko. Ez zaigu arrotza egiten eztabaida hori, tamalez. Klub jabeak gutun bat idatzi die bazkideei, esanez 166 urteko historian oinarrizko bazkidetza ez dela batere aldatu eta garaia heldu dela eguneratzen hasteko (sic). Hala, lehen aldiz emakumeek aukera izango dute bazkide gisa bere burua aurkezteko, betiere, klubaren beraren onartze-prozedura guztiak gainditzea lortzen badute. Gutunak zalaparta eragin du kideen artean, klubaren berezko izaera aldatzeko arriskua ikusten baitute askok. Ez dira edonolako kideak, gainera: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioarekin deseroso daudenen artean, besteak beste, Parlamentuko kideak daude, enpresa-gizon ospetsuak, tradizio luzeko familia aberatsetako semeak, eta abar.

Beefsteak izeneko gisa bereko beste klub baten ere antzera dabiltza urak, nahasi samar, beldur baitira klub batzuen «ausardiak» (sic) beren arauak ere kolokanjarriko ote dituen. Athenaeum izenekoan, 2002. urteaz geroztik emakumeak bazkide gisa onartzen dituen bakarrenetakoan,70 bat kide elkartu dira aldaketa «modernizatzaile» gehiagorik onar ez dezaten eskatzeko Batzorde Kudeatzailean, klubaren izaera baketsua (sic, berriro) babestu nahi dutela esanez. Bide beretik doaz gisa bereko gizonen elkarte ia guztiak, bere kideen arteandiplomatikoak nagusi direnTravellers Club-en, adibidez, edo White's izenekoan, non harrotasunez esaten duten Elizabeth II.a zenaren salbuespenarekin, sekula ez dela bertara emakumerik sartu (garbiketa-lanak egiteko izan ezik, noski).

Erabat garaiz kanpokoa iruditu zait kontu hau guztia, Historian oso atzean baztertuta beharko lukeen zerbait, baina oraingo eztabaida honek oso gertuko oihartzunak eragiten dizkit, aldi berean. Berehalaxe, alardeen denboraldia hasiko da eta horrekin, aldeak alde, eztabaida bertsua izango dugu. Gurean tradizio handikoak diren elkarte edo sozietateetan sesio hauxe bera izan zen duela urte batzuk, antzeko argumentu eta antzeko polemikarekin. Orduan ere, oraintsu Erresuma Batuan bezalaxe, esparru pribatuko auzia dela entzun genuen eta, beraz, gizarte-eztabaida gisa ez elikatzeko eskatu zen, etxe barruko kontuak etxean garbitu behar omen dira eta. «Bertakoa» izan behar omen da bat (bertako kidea, bertako herritarra) iritzi ganorazkoa izateko kontu horietan, baita orotarako eta nonahikoak diren eskubideen inguruan bada ere. Jakin nahi nuke (eta zintzoki diot jakin-mina dudala) zenbat aldiz gertatu behar den eskubide-urraketa bera esparru pribatuan, halako batean auzi publikotzat hartua izateko.

Adiskide batzuekin eztabaidatu dugu kontu hau. Harritu samar zeuden batzuk, erabat anakronikoa iruditzen baitzitzaien, nahiz eta, botere-harremanen erresistentzia kontuan hartuta, neurriren batean ulertzeko modukoa dela esan. Egia da eliteek pribilegioei eusteko joera handia dutela, boterea heredatu duten eta gainerakoengandik bereizteko erabiltzen duten ondasuna baita.

Historia, agian, ez da errepikatzen, baina gaur egungo eztabaidek oso aspaldidanik ditugunen antz handiegia dute nolabaiteko arau komuna ez ikusteko. Kontua ez da esparru pribatuan nola bideratzen ditugun eztabaida hauek, horrelakoak behin eta berriro itzuli ez daitezen esparru publikoa nola berregiten dugun baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.