Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ez da gauza bera

2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Egunotan garai bateko gure auzotik ibiltzea suertatu zait, eta harritu nau ikusteak, aldaketak aldaketa, portaleko kristalezko atean jarraitzen duela aspaldiko oharrak. Ele bitan dator. Euskaraz dio: «Debekatuta dago zaborra gaueko 22:00ak baino lehen ateratzea»; gaztelaniaz, berriz, «Por favor, saquen la basura a partir de las 22:00 horas».

Horrelakoen egiletza sekula aldarrikatzen ez denez gero, ezinezkoa da jakitea zein den oharra paratu zuen artista, euskaldun peto-petoa ote zen, itzultzaile afizionatua eta apur bat bihurria, edo biak batera. Anonimotasun horrek ate asko ixten dizkit, ez baitakit nori galdetu, adibidez, nolatan iraun duen horrenbeste oharrak bertan zintzilik, edota zer izan den eraginkorrago auzotarren ohiturak taxutzeko orduan, mehatxua edo iradokizuna.

Hizkuntza baten zein bestean ulertu egiten da mezua, kartela paratu duena guk zer egitea nahi duen argi esaten baitu. Esateko manerak, ordea, ez dira berberak, eta nork bere burua hobeto ulertzeko bidea ematen duela uste dut. Eta erabateko ergelkeria ez dela pentsatuta, inkesta laburra egin dut ingurukoen artean, batere oinarri eta, beraz, ondorio zientifikorik ez duena, nire jakin-mina asetzetik haragoko beste helbururik gabea.

Askok hitz goxoen alde egin dute. Gauzak mesedez eskatzean dizunak obligazio moduko baten aurrean jartzen zaitu, zer dioen entzutearena behintzat, eskari horrek berekin dakartzan ondorioak kontsideratu beharra, edo antzeko zerbait. Oso erroturik daukagun harmoniaren legeari dei egiten dio joera horrek: muturreko egoeretan izan ezean, oreka baketsua ez apurtzekoa. Zentzukoa irudi lezake fondoak, eta entzuteko modukoa formak.

Nire inkestatuen artean, baina, talde handi batek debekuaren aurrean erreakzionatu zuen. Nahikoa da forma baldar horiekin etorri izanak, esan zidaten, zarama goizeko hamarretan kalera ateratzeko gogoa piztu zien, eta egingo ez bazuten ere, ez zen mezuarengatik izango. Aho biko ezpata da debekua, beraz, denok barruan (ezkutaturik edo agerian) gordetzen dugun nerabea azalarazten duelako, bidezkoa eta beren interesen kontra begitantzen zaien edozein txikikeria Hirugarren Mundu Gerra pizteko aitzakiatzat hartzen dutenena, badakizue.

Hitzak altxor bat dira, eta baita arma bat ere. Bakerako eta gerrarako balia daitezke, bata zein bestea aukera posible bakartzat har ditzagun. Psikologiek ikertu dute fenomeno honen eragina gizakion portaeran, eta beren ondorioen arabera, ikasgelako tontotzat hartzen genuen ikaskide hark, behin eta berriro geure isekak eta irainak jasaten zituenak, tontotzat hartuko zuen bere burua handik urte batzuetara. Eta kontrara, hitz neurtu eta egokien esne-mamitan hezitakoek askoz gehiago jorratuko zuten gerora beren buruarekiko estimua.

Ez dakit ikasgai hauek herriei, bere osotasunean, aplika ote dakizkiekeen. Pentsa dezagun baietz, egin daitekeela. Jo dezagun, esate baterako, geure herri honi buruz hitz egiteko orduan, txikia izatea baino gehiago, anitza izatea esango dugula. Demagun, adibidez, euskararen berri eskatzen zaigunean, munduko hizkuntzarik zaharrena dela azpimarratu ordez, mendez mende egoera guztietara egokitzeko gai izan dela esango dugula. Aldea bada, nire ustez, batetik bestera.

Euskarazko zuri-beltzaren baliokidea ingelesez black and white da. Guk «galdutako objektuen bulegoa» deitzen duguna «aurkitutako gauzen bulegoa» omen da frantsesez. Berdin ulertzen dela esango didazu, irakurle, eta hala da. Baina galdutakoa gorde edo aurkitukoa eskaintzea ez da, nire ustez, gauza bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.