Inaki Galdos

Ez da itzuliko

2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Pilotalekuetan bezala, gorrien eta urdinen arteko borroka da Ameriketako Estatu Batuetako alderdi nagusien lehia. Hemengo logikaren arabera, agian kolore gorriak demokratak ordezkatu beharko lituzke eta urdinak errepublikanoak, baina alderantziz da. Bide batez, oso berria da banaketa kromatiko hau han eta, dirudienez, arrazoi hutsal samar bategatik gauzatua: alderdiaren izena, republican eta kolorearena, red, berdin hasten dira. Pilotalekuetan bezala, han ere egiten dira posturak horrelako paradetan eta dirua pare antzean dago orain, denbora luzez Donald Trumpen alde nabarmen egon ondoren. Baiki, izan da azpitik Joe Bidenen alde merke jokatzeko betarik. Dagoeneko ez hainbeste. Hori bai, inkestek oraindik ere joeratxo gorriagoa dute. Baina Trump ez da itzuliko.

Hango euskal jatorriko jendeari galdetuz gero, guk ezagutzen ditugunei behintzat, ez dugu arrasto handirik aterako gaiaren inguruan. Espainiako Gerra Zibiletik hasi eta frankismoko urte gatazkatsuetan jarraitu, beti egon dira uzkur hemengo politikaren inguruan bustitzeko. Gai eta une historiko oso zehatzetan salbu, beti muzinka. Bada, hangoarekiko ere antzerako jarrera daukate, eta politikagintzan murgildutako euskal jatorriko jendea egon den —orain ere badagoen— arren, ia ezinezkoa da gisa horretako solasaldi bat entzutea, oso konfiantzazko giroan ez bada. Komunitatearen batasuna zaindu nahi dutela esaten dute beti.

Giro honetan, guk ezagutzen dugun far west-eko diasporan, hiru taldek osatutako sailkapena egin ohi dugu erdi txantxetan. Hasteko, alboan beste inor ez daukatenean mihipekorik gabe hitz egiten digutenak. Demokratak dira hauek eta badakite Europako euskaldunen konplizitatea izango dutela normalean. Talde handiena, hala ere, oso hurbileko lagunak izanda ere gai tabu honen inguruan inoiz ahoa zabaltzen ez dutenek osatzen dute. Trumpen jarraitzaileak dira hauek, boto emaileak bai gutxienez. Hitz-jario handia beste gai askotan, isiltasuna honetan; horrexek salatzen ditu. Bada haatik hirugarren talde bat indarra hartzen ari dena: garai batean ez bezala presidente ohiarekiko kamusada ezkutatu nahi ez dutenak; lehen babesa eman zioten arren orain aski dela diotenak.

Nazio osoan asko hazten ari den fenomenoa da hori eta horregatik diogu Trump ez dela Etxe Zurira itzuliko. Adibidez, alderdi barrutik Trump bera zein Marjorie Taylor Greene edota Matt Gaetz bezalako beste nazkagarri batzuen jarrera salatzeagatik baztertu eta egotzi zituzten hainbat errepublikano, Adam Kinzinger eta Liz Cheney kasu, burua —eta hitza— altxatzen ari dira harro, eta gero eta oihartzun handiagoa izaten. Primarioetan arerio nagusi izan duen Nikki Haley-k ere ez dio Trumpi oraindik babesik eman bere hautagaitza erretiratu eta gero. Ezta beste errepublikano garrantzitsu askok ere, adibidez Mike Pence lehendakariorde izan zuenak. Ez dirudi, gainera, New Yorkekoarentzat kontua hobetuko denik. Diru bilketa ere ez dihoakio oso ondo eta emaile asko haserre dago jasotako dirua bere auzi partikularretan xahutzen ari delako. Agerraldi publikoetan esaten dituen astakeriak gero eta jasangaitzagoak dira askorentzat eta botatzen dituen esaldi ulertezinek kezka piztu dute bere egoeraren inguruan.

Baina emakumeen partetik etorriko zaio zigorrik handiena. Legealdi erdiko 2022ko hauteskundeetan ere ikusi zen hori: espero zituztenak baino emaitza hobeak lortu zituzten demokratek emakumeen bultzadari esker. Dagoeneko konturatzen hasi dira hainbat estratega errepublikano urrutiegi joan direla zenbait gaitan, duela aste batzuk Alabamako hauteskunde batean hartu zuten jipoi izugarria testigu, in vitro ernalkuntza medio. Bai, pilotalekuetan bezala, busti egingo naiz: partida hau urdina da. Askok oraindik diotenaren kontra, Trumpenak egin du. Eta agian hurrengo batean, orduan bai, hango hainbat adiskide, orain mutu daudenak, hasiko zaizkigu esaten bazela garaia gizon malapartatu hura historiaren zabortegira botatzeko. Irribarre kokin batekin erantzungo diegu. Supituan ahaztuko zaie ia guztiei non egon ziren bezpera arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.