Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Ez hain publikoa

2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzako kultur koordinatzaile izendatu nindutenean, 2014ko apirilean, argi nuen bolada gogorra etorriko zitzaidala eta askok neure burua molde jakin batean sailkatuko zuela. Urteak neramatzan Euskadi Irratian eta Gaur8-n idazten (atzerrian ere ez nion utzi zutabegintzari), eta gustura jarduten nuen iritzigintzan, betiere nire ahotsetik. Baina izendapen harekin, uko egin nion prentsan idazteari eta irratian kolaboratzeari. Ez bateraezintzat jo nuelako hedabideetako jarduna kultur hiriburutzako ardurarekin, ezpada hedabide zenbaitek egin zidaten jazarpenak beldurra sartu zidalako gorputzean. Une hartatik aurrera Ameriketako pelikuletan atxilotzen ari diren errudunaren sindrome etengabean bizi izan nintzen: «esaten duzun oro zure aurka erabili ahal izango da». Bertso-saioei ere uko egin nien: Arrazolako edo Aiako abuztuko saio zoragarriei, edo Iruñeko Hizkuntza Eskolako lehen mailako bertso-saio maitatuari, besteak beste. Beldur nintzen ez ote zituzten nire errimak komatxo artean bahitu eta nire aurka erabiliko egunkari edo irratiko albistegi baten izenburuetan.

53/1984 legearen arabera, Espainiar estatuko langile publikoek oso noizean behin baino ezin dute parte hartu hedabideetan. Lege horren arabera, langile publikoek euren eginkizun zehatzetan sartzen ez den gauza gutxi egin dezakete gizartean: master eta mintegietan irakasle, hautaketa-prozesuetako epaimahaikide, ezohiko probetako aztertzaile, sorkuntza artistiko, zientifiko, literario edo teknikoko autore (bertsotan, beraz, bai!), eta oso noizbehinkako komunikatzaile edo iritzi-emaile. Medikuek badute osasungintza pribatuan aritzeko baimen berezia ere. Hortaz, funtzio zehatz hori duten komunikatzaile publikoak salbu, administrazio publikoen langile publikoek ez dute astero irratian aritzerik edo hamabostean behin prentsan idazterik, ez bada horretarako baimen berezia eskatzen diotela euren administrazioaren organo gorenari… eta inguruan bilatuta, ez dut aurkitu halako eskaeren adibiderik, ziurrenik jakina izango zelako ezezko erantzuna.

Nik neuk langile publiko batzuk behartu egingo nituzke hamabostean behin egunkariren batean zutabe bat idaztera. Buru-erraietan zer duten publikoki kontatuko baligute, seguru nago aiseago ulertuko genituzkeela euren erakunde publiko edo sailen jite eta jardunak; noizbehinkako elkarrizketa bateko makillajeak ez baitio balio hamabostean behin aurpegia eta ideiak erakutsi behar dituenari. Tamalez, gizartearen polarizazioak eta, agian, hedabideen bezero goseak ere, langile baten dimisiorako gutun bihur dezakete pertsona horrek berak, adierazpen askatasuna dela medio, bere jardun publikoarekin lotuta ez dagoen gairen baten inguruan idatzitako artikulua. Izango da iritzia ematea arrisku-kirola dela langile publikoentzat, edo agian korporatibismo kontua baino ez?

Hauxe da Arkupean atalean idatziko dudan azken zutabea. Aurrerantzean herritarren kultur eskubideak bermatzeko zeregin publikoari helduko diot gogo betez, eta lan egingo dut Laisekaren omenaldian «oilar» izugarria kantatzen entzun ninduen, elizako organoa jotzen jasan ninduen, edo lehenengo aldiz katximorro jantzita dantzan ikusi ninduen herriaren alde... baina langintza horrek aurrerantzean iritzi ez hain publikoa izatera eramango nau. Eskerrik asko, BERRIA, bozgorailua jartzeagatik euskara, kultura eta oro har gizartea loa kentzeko gai bizi dituen gizaki hilkor honen burutazio zoroei. Eskerrik asko nire 3.600 letraguneko iritziak hamabostean behin irakurri, txalotu, gorrotatu, osatu, baliatu, zuzendu eta konpartitu dituzuen irakurle guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.