Inaki Galdos
ARKUPEAN

FMLN eta Bukele

2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
El Salvadorrera iritsi eta berehala konturatu ginen sekulako ilusioa zegoela hurrengo urtean izango ziren hauteskundeen inguruan. Denbora dezente falta zen 2009ko presidentzialetarako baina ordurako nonahi ikus zitezkeen Mauricio Funesen aurpegiarekin sortutako kamiseta, kartel eta abarrak. FMLN alderdiak aukeratutako hautagaia zen kazetari gazte hura, ospe handia zuena. Azkenean ARENA eskuin muturreko alderdia garaituko zutela pentsatzen zuten gure inguruko ia guztiek, izan Tacubako kafe-biltzaile bat, San Santa Teclako kazetari bat, Tecolucako alkatea edota San Salvadorreko apaiz bat. Jakina, gurekin Euskal Herritik joan zirenek ere bai, hura guztia guk baino askoz hobeto ezagutzen zutenak, urte luzetako lanaren poderioz.

Handik urte batzuetara itzultzean, martxan zegoen ezkerreko gobernu berria, oraindik indartsu baina zenbait zantzu kezkagarri ezkutatu ezinik. Adibidez, harrigarria iruditu zitzaigun ordurako ministerioetan ziharduten hainbat pertsonaren eraldaketa erabatekoa, diskurtsoan eta jarreran besteak beste, aurreko bidaian ezagutu genituenetik. Bilera haietan lagun izan genuen adiskide batek aitortu zigun bera ere atsekabeak hartzen hasia zegoela gertukoak izanak zituen zenbait jenderekin. Hala ere, olatuak iraun zuen, eta bost urte geroago ere (2014) FMLNk irabazi zituen hauteskundeak Salvador Sanchez Cerenen eskutik, gerrillako komandante ohia. Ordurako Funes alderditik urrunduta zebilen, ustelkeriagatik Nikaraguara hanka egiteko prest.

Hiriburuan zuen arantza alderdi gorriak, kontrako bidea egina baitzuen: 2006an alkatetza lortu bai, Violeta Menjivar hautagaiarekin, baina handik hiru urtera galdu. Estrategikoki plaza garrantzitsua zela iritzita, sekulako ahaleginak egin zituzten hurrengo urteetan hautagai egoki baten bila, 2015ean Nayib Bukele gaztearengana jo arte. Alkatetzan gestio ona egin zuenik ez du inork ukatzen, baina aldi berean gero eta nabarmenagoa zen bere estiloa, bere jokamoldea, bere hainbat erabaki ez zeudela ondo uztartuak FMLN bezalako alderri klasiko -eta zaharkitu- batekin. Horregatik erabaki zuten botatzea, agian handik kanpora bereak egin zuela pentsatuta ere bai. Frenteko ideologo nagusienetakoa den Roberto Lorenzanak onartua du ez zutela asmatu alkate gazte haren kanporatzea herriari azaltzen; beste batzuek diote egia dela ez zutela asmatu, baina botatzen. Bukeleren handik aurrerakoa jakina baita: alderdi berria sortu, 2019an presidentetza irabazi eta herenegun egindako hauteskundeetan sekulako babesa lortu.

Orrialdeak eta orduak emango dituzte hedabideek orain Nayib Bukele nor den azaltzen. Bere populismoa zertan den, bere autoritarismo nabarmena, eta abar luze bat. Gogoeta eta azterketa interesgarri asko eskainiko zaizkigu, hau ere munduan hedatzen ari den fenomeno baten testuinguruan kokatzen besteak beste. Baina gutxi, gutxiegi, ARENA eta FMLNren hondamendiak azaltzen, bereziki bigarrenarenak. Eta iruditzen zait hor jarri beharko genukeela fokua batez ere. Zer gertatu den oso errotuta zegoen eta besteen aldean boto-emaile ideologizatu eta jantziagoak zituen alderdi baten gainbehera gertatzeko, izen ona zuten hainbat alkate hutsaren hurrengo babesarekin geratzeko. Jaitsiko da Bukeleren olatua ere, baina Frenteari sarraskia bere jendeak eragin dio, ustelkeriarekin, nepotismoarekin, aldaketa ezarekin nazka-nazka eginda zegoen jendeak. Zoritxarrez, lehen orduetan ikusitakoagatik behintzat, ez dirudi gogoeta horri ekiteko asmo handiegirik dutenik.

Hemengo ezkerrak ere egin beharreko gogoeta, portzierto, errazegi zuritzen baitira hango bekatuak eskuinaren kontra (ustez) daramaten borroka itzelaren aitzakiarekin. Baina aspaldi bukatu ziren Pakito Arriaran eta beste ehunka euskaldun hara eraman zituen mistikaren garaiak. Baita Nikaraguara ere, baina hori beste kontu bat da, isil nadin beste inor haserretu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.