elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Fotogramen arrantzan

2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Renferen tranbian, Goierri aldetik Donostiarantz. Leihoa harrapatzeko zortea izan dut. Errenkadan doaz irudiak. Eguerdiko eguzkiak bete-betean harrapatzen dituenek estilo hiperrealista hartzen dute. Itzalak lausotzen dituenek inpresionismotik pasatu eta surrealismora jotzen dute. Martutene pare horretan etxe serio eder bat, joan den mendearen hasierakoa; fatxada bat leiho-ate luzez beteta dauka; bestean pare bat bakarrik ageri dira, eta beste bi argamasaz estalita daude, horma bihurtuta. Leiho tapiatuak kontraesan hutsa dira. Argia barrura sartu eta barrutik bista luzatzeko den zulo bedeinkatua zikiratzea da hori. Nik leihoari ezarrita daramat bidaia, kanpoko fotogramen arrantzan.

Eta hartan, ohartu naiz tranbia barruko eszenei ihes egiten ibili naizela. Esaterako, bizikleta sendoa alboan, Glovo-ko motxila erraldoia bizkarrean eta mugikorra etenik gabe martxan daramatzan emakume gazte horri. Edo pasilloan traba eginez doan bikoteari: zakur nahiko handi eta bihurria, eta harekin tekelan doan jabea, prekaritatearen ispilu; gizonak bonbona bat jasotzeari buruz ere hitz egin du norbaitekin telefonoz, kale gorrian bizi ez den seinale. Alboko konpartimentuan azal beltzeko jendea ibili da denbora guztian: lehendabizi bi emakume gazte eta gizon bat ziren; gizona ondo maiztutako liburua irakurtzen; jaitsi dira bi emakumeak Tolosa pasatuta; igo da gizon bat, azal beltzekoa hau ere, eta haien tokian eseri da. Gero, Donostia baino lehen betiere, jaitsi dira bi gizonezkoak geltoki berean.

Gogora, izenburuarengatik, Jon Maiaren Treneko koplak (Karidadeko Benta); eta gaiarengatik, bete-betean, Belarrimotzak (Hezurbeltzak). Kantu bat gara disko-liburua (Elkar, 2021) esku artean darabilkidan honetan, ez da harritzekoa lotura egitea. Maiaren azken argitalpen horiartelana da. Joxan Artzeren Isturitzetik Tolosan barru (1969) aitzindari hura oroitarazten du nolabait. Atzera eta aurrera darabilkit Maiarena, orain irakurri, hurrena entzun, gero Maite Mutuberriaren ilustrazioak arakatu... Ustekabean harrapatu nau beste batzuen ahotsetan ezagututako hainbat kantaren hitzak Maiarenak direla deskubritzeak. Muestrario nabarra da berea zinez, baina lehen begiradatik haratago, eta Maiak berak sorkuntzen inguruan ematen dituen argibideekin —sekretu izan zitezkeenak eta guzti—, puzzlea osatzen doa, pieza bakoitzak bere tokia hartzen du, koherentzia erabatekoz. «Ederra da, kantutegi honetan zehar, epopeia sentimental bat bizi ahal izatea»; Xabier Amurizaren hitzak liburuari Sarrera eta irteera ematen dion atalean. Izan ere, Maiak epikatik lirikarako teklatua —eta alderantzizkoa— jotzen ditu naturaltasun osoz.

Gaur abenduaren 28a balitz, iradokizun bat botako nioke Maiari: XXI. mende pandemiko honetarako gabonetako koplak sortzea. Ze, orain ere, badago zer kantatu eta goraipatu Gipuzkoa alde honetan, Europako Hiriburu izendatu baitute Donostia, zehazki, 2022ko Gabonetako Europako Hiriburu, Genovarekin batera (Donostia Sustapena, 2021-12-13). Eguberri «solidarioa, inklusiboa, berritzailea, originala eta tokiko sektore ekonomikoei laguntzekoa» bultzatzen omen duelako udalak eman diote izendapen hori Donostiari. Helburu horiek denak nola betetzen dituen Gipuzkoako hiriburuak? Ba, «Gabonetako argiztapenaren bidez eta Urumea ibaiaren ondoan Gabonetako Azoka bat jarriz Europa erdialdeko merkatuen estiloan». Eta, Sustapenekoek jaso ez badute ere, egunkariren batek «Alderdi Ederreko noria» ere aipatu du merituen pakete horretan. Tranbian dabiltzan prekarioak eta leihotik kanpora begira despistatzen garenok ere barruan sar gaitzake letragileak, hala baderitzo. Susmoa daukat Donostia Sustapenekoak ez ote diren asko ibiltzen Renfeko nahiz Euskotreneko tranbietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.