elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Fotokazetaritzari aitorpena

2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Publizitateko bi panel biki erraldoi kalean. Erakusten duten irudia hauxe da: perfilez, sonbrero kordobesez jantzitako emakumea, eskuan daukan kopa edatera doala. Tío Pepe jerezaren iragarkia da —alkoholaren aldeko publizitatea ez zegoen debekatua, artean—. Panelen azpian, haiek eraisteko ahaleginean, hamabosten bat gazte.Argazki-oinak dio: 1979-09-01. Istiluak Donostian Iñaki Quijeraren heriotzarengatik.

Espainiako polizia nazionalak hil zuen Iñaki Kijera —Antiguako hamazortzi urteko gaztea— errefuxiatuek Iparraldean bizi zuten jazarpenaren kontrako manifestazioan. Argazkiak karga metaforiko itzela dauka: gazteak, suminduta, Espainiako ikono publizitario bat suntsitu nahian. Izatez, ez da, ordea, propio egindako muntaia —agian gazteak, zalapartan, ez ziren ohartu ere egin panelek zer erakusten zuten— eguneroko errealitate gordinaren erretratuetako bat baizik.

Fernando Postigo fotokazetariaren erakusketan dago argazkia, Donostiako San Telmo Museoan. La Voz de España egunkarian eta, batez ere, El Diario Vasco-n jardun zuen Postigok 1977 eta 2003a bitartean, erreportari grafiko gisa. Langintza horretan zebilenean, motoz mugitzen zen Donostian alde batetik bestera, prentsaurrekotik manifestaziora, inauguraziotik atentatura. Izan ere, hedabideetako argazkilariaren ezaugarririk behinena ubikuotasuna baita:albistea non, erreportari grafikoa han.

Erakusketak ez dio huts egiten izenburuari: Postigo. Garai baten kronika. Garaia hiru hamarkadatan zehar doa: 70ekoaren bukaeratik 2000. urtera arte. Kronika politiko-sozialak hartzen du toki gehien eta, horren barruan, alderdi instituzionalak baino gehiago kaleak, jendarteak. Hor dago 1977an Hernaniko hilerrian gerrako fusilatuei egin zitzaien omenaldia. Edo EAJkoak beren segurtasun zerbitzu propioarekin —txaketa bizkaitar urdinez uniformatuta—, Bilbon egindako manifestazio erraldoian. Hurrena, harriz armatzen ziren gazte erreboltariak azalduko dira.Baita ETAk hildakoen gorpu izaraz estaliak. ETAkideak eta ohiak ere bai. Guardia zibilak eta haien buruzagi ezagunak. Bidasoaren inguruko galeriak EndarlatsanMikel Zabalza-. Maiatzaren Leheneko manifestari egurtuak. Hor dago emakumeen manifa bat aitzindaria benetan lan duina eskatzeko. Irakiten zegoen dena, urteetako isiltasun eta geldotasun derrigortuaren ondoren.

Garai hura ezagutu eta bizi izan genuenontzat, memoria berritzeko ariketa aparta eskaintzen du Postigoren bildumak. Geroztikakoek gidaria beharko dute ondoan —badaude bisita gidatuak egun jakin batzuetan— azalpenak jaso, garaian kokatu eta irudiek diotenaz jabetzeko. Dena dela, esango nuke historiako zenbait eskulibururi baino zuku gehiago atera dakiokeela horrelako erakusketa bati. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela dioen hori betetzen da hemen. Lan bikaina burutu du Elisa Querejeta Casares komisarioak Postigoren bilduma arakatu eta aukeraketa egitean.

Entzun izan dizkiet kexak erreportari grafikoei: egunkarietan —edo aldizkarietan— argazkia txikitu, moztu, aldrebestu egiten dela sarritan, testu idatziaren mesedetan. Telebistako kamerari eta audioko laguntzaileek aspaldi galdu zuten borroka albistegietan beren izenak azal zitezen: anonimoak dira, kazetariak ez bezala; haiek gabe, ordea, ez dago albistea taxutu eta helarazteko modurik. Irudipena daukat kazetariok ez ote garen itsutzen gure paperekin —eta jokatzen dugun paperarekin— albistegintzaren monopolio erabatekoa izango bagenu bezala. San Telmoko erakusketak agerian jartzen du fotokazetaritzaren balioa, ez bakarrik unean-unerako, historian irauteko baizik. Umiltasun lezioa letrak josten besterik ez dakigunontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.