oihana arana

Futbolzale egingo naiz

2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Martxoaren hasieran, aurten ere, gainezka egin dit agendak. Korrika kulturala eta Martxoaren 8a. Euskaltzalea eta feminista ez izateko gogo handia izan dut goizero, egiari zor. Urte osoan agerpen publiko gehien egin dudan astea izango da seguruenik. Ez naiz apenas etxean egon eta ez dut nire otorduak prestatzeko astirik ere izan. Eskerrak ez naizen bakarrik bizi.

Han eta hemen zaintzari buruz kantuan ari nintzen bitartean beste batzuk ari ziren niretzat zopa prestatzen. Eta uste dut ez zaidala okurritzen inori janaria prestatzea baino ekintza zaintzaileagorik. Goxo afaltzeak sortzen didan konfort sentsazioa ordezkatuko duen ekintzarik ez da existitzen.

Bizitza sostengatzen laguntzen didaten bizikideengatik ez balitz, artikulu hau idaztea ere ezinezkoa zatekeen. Etxera heldu eta arropa garbia ohe-gainean. Etxera heldu eta komuna garbi. Etxera heldu eta besarkada bat. Etxera heldu eta «Bihar ere bazoaz? Segi ohera. Egingo dut nik harrikoa».

Etxetik kotxerainoko bidean izan dut kalearen berri. Gizonezkoen Reala eta PSG. Ultrak. Armak. Biolentzia. Sasimanifa bat Alderdi Ederretik Anoetara. Diruagatik legitimatutako biolentzia hori guztia. Pioletak. Golfeko makilak. Ertzaintza eskolta lanetan. Kotxetik etxerako bidean irakurri dut egunkaria. Erkoreka. Udaltzainak. Suzko armak. 13 bala. Bizitza. Integritate fisikoa. Segurtasuna. Izango ziren berri etsigarri gehiago ere. Baina gure etxea ez dago kotxea aparkatzen dudan lekutik horren urruti.

Ohi bezala, notiziak ezagutzearekin batera deseroso sentitu naiz nire gorputzean. Ohe barruan galtzerdiek sortzen didaten deserosotasun zehatz hori sortu dit azalak. Azala eranzteko gogoa izan dut. Esfoliatzearekin ez da nahikoa. Ez dakit jotzeko gogoa izan den ala negar egitekoa. Biak seguru asko.

Biolentziari buruz hausnartu dut. Biolentzia estrukturalek, ultrek, karga polizialek... Jotzearekin dudan harremanari buruz pentsarazi didate. Biolentzia ez da jotzea bakarrik. Are, zaplasteko bat gurago dut elkarrizketa pasibo-agresibo bat baino. Eta ekintza bat biolentoa izateak ez du zapaltzaile bilakatzen. Zapaltzeko goian egon beharra dago.

Kontu hauetaz ari ginela, gure ahizpekin umetan izandako borrokak oroitu ditugu mahai-bueltan pisukideok. Ez naiz atximur egiteaz edo elkarri iletik tiratzeaz ari.

Femeninotzat hartzen diren ekintza biolentoetatik haratago joan ginen gu umetan. Fuerte jotzeaz ari naiz. Agresibitateaz. Ezinegonaz. Minaz. Adrenalinaz.

Jotzeko ohitura galdu dudanetik beste leku batean kokatzen naiz munduarekiko. Eta ez nago inor jo izanaz harro. Ez dut uste inor jotzeak ezer onik dakarrenik, ez bada aurrez erabakia eta onartua, noski. Baina ulertzen dut gorputza erregulatzeko jo behar izatea. Ulertzen dut Sin Chaneko Neneren ama. Ulertzen dut pelutxeei jotzeko beharrizan basa hori. Agresibitatea kanporatzea osasungarria da. Beste kontu bat da nola. Beste kontu bat da nori erakutsi zaion hori egiten eta nori ez. Beste kontu bat da biolentzia helburu zapaltzaileekin erabiltzea. Beste kontu bat da biolentzia erabiltzea jendea kontrolatzeko. Beste kontu bat da zaintza eta segurtasuna berben aterkipean babestea biolentzia poliziala. Beste kontu asko daude.

Besterik gabe jotzeak, praktika korporal gisa, funtzio positibo batzuk betetzen dituela esaten ari naiz, agresibitatea emozioak kudeatzeko modu legitimo bat izan daitekeela. Baina ez dut biolentziaren alde nagoenik esango. Ez dut biolentzia erromantizatzeko inongo asmorik. Nik gurago dut norbait zaintzeko zopa kozinatzen duen jendea.

Oihu egiteko, suharki haserretzeko, paretari ostikadak modu sozialki onartuan emateko... kirola egiten hasi beharko nuke, akaso. Crossfit edo karate edo ez dakit oso ondo zer. Futbolzale egin naiteke bestela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.