Zer esatea nahi duzue? Jaiak aurrean izan arren, mundutik jasotzen ditugun azken egunotako berriak ez dira, bada, ospatzeko modukoak. Aste osoa eman dugu urruneko herrialdeetatik autobus berdeen joan-etorriak eskaintzen dizkigun argazki gogorren menpe. Diote ia azken sei urteotan Sirian dagoen gerra odoltsuak 400.000 hildakotik gora utzi dituela eta, hori kontuan izanda, NBEk 2014an utzi ziola kontatzeari. Ikaragarria, beste tokietako sarraskiak aparte utzi barik, han gertatzen ari dena. Eta denak ala denak, munduko potentzien zurikeria lagun. Nork irabazi beharko edo noren alde egin eztabaidatzen duten bitartean, milaka herritar, euren bizia nola babestu ez dakitela, gau hotzak atzean utziz, hurrengo egunak bizirik har dezan saiatzen dira. Ignacio Alvarez Osorio irakaslearen esanetan, 2011n, Siriako biztanleen %55ek 25 urte baino gutxiago zeukan, eta, gerraren ondorioz, jaiotako milaka umek egoera gogorrak biziz, etxetik joan eta euren familiak hiltzen ikusi dituzte. Alfabetatu gabe eta esplotatuak izan dira. Horrek ekarri duena, beraz, herriaren belaunaldi baten atzerabuelta gabeko galera izan da. Ikusten ari garenak, baina, ez digu etorkizun hoberik irudikatzen, ez behintzat boterean daudenek orain arte agertu izan diguten adiskidetzearen aldeko jarrera. Eta igandean, etorkinen eguna gogoratzeaz batera, gure mundu honi itxaropenik geratuko ote zaion, denon erantzukizuna behar duen ezinbesteko galdera.
Eta bonben lainotik urrezko dorrera. Apurka-apurka ezagutzen goaz ustez datorren urtetik aurrera munduko naziorik boteretsuenak aukeratu duen presidenteak osatuko duen gobernua, Ez dakit politika mailan, nik politikaz daukadan kontzeptuan behintzat, ezer egiteko kapaz izango diren, baina negozioei dagokienez, kuadrilla ona direlakoan nago. Eta negozioekin gabiltzala, non daude eta zeintzuk diragizartearentzat negoziorik arriskutsuenak? Duda barik, bizia akabatzeko sortutakoak; armak, ingurugiroaren aurkako ekintzak, naturaren hondamendiaren aldekoak, osasunaren kontrakoak (egite eta ez-egitekoak) hezkuntza eta zientzia mespretxatzen dituztenak, azken finean, gizakia gero eta txikiago eta baliogabeago egiten dutenak. Eta gauza horien guztien arduradun esanguratsuenak AEBetako gobernuan; oilategian azeria zaindari.
Gurean, herrian bitartean, harrituta azken orduetan ezagutu dugun ekintza txapuzeroen ostean, zein gaitza den amaitutzat emandako indarkeriaren garaia amaitzea! Batzuk, armak uztea nola irudikatu saiatzen diren bitartean, besteak irudien gainean beste film bat grabatuz, aurrekoaren helburuak lainotzen saiatzen dira. Halere, ez dagoenez atzerabiderik, erabakia hartua dutenek bide eraginkorrak topatu beharko dituzte, are gehiago Madrilgo gobernutik zer espero daitekeen ikusita.
Eta bai, hemen ditugu Gabonak. Pluralean, J.M. Etxebarriak esaten duen bezala Errege egunera arte denak Gabonak direlako. Eta Gabonak ospatzeko, ezinbestekoak gabonkariak, lekuan lekuko ezberdinak, baina bakoitzean esanguratsuenak; gaziak zein gozoak. Eta janariak osatze aldera, ohikoa izaten da maitasuna eta bakea opatzea. Halere, nahiak gorabehera, ez dira istiluak eta gerrak faltako, ezta hiltzaile matxista madarikatuak ere. Asteburuan, hiru izan dira borreroen tregoa bakoen gorrotoa jasan behar izan duten emakumeak. Kandela bat piztu dut arbolaren ondoan, eta Olentzeroari, aurtengoan ere, milagarren aldiz luzatutako eskaria berritu nahi izan diot; bakea munduko bakezaleentzat, justizia biktimentzat, eta zigorrik gogorrena munduan diren hezigabeko borreroentzat.

ARKUPEAN
Gabon zoriontsuak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu