Inaki Galdos
ARKUPEAN

Gainbehera eta haustura

2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun

Erabat gaude denok murgilduta Pedro Sanchezen balizko inbestidurak emango duenaren inguruan, batez ere amnistia hizpide. Gai serioa ez balitz, txantxarako ere emango luke hitza bera (amnistia) saihesteko edota ordezkatzeko egiten ari diren ahalegin perifrastikoen errepasoak. Espainiarrak izanda, Francisco de Quevedoren testuetara jo dezakete, bera izan baita seguruenez eufemismoen inguruan ironia hobekien erabili duena. Markel Susaeta Athletic-eko jokalari ohia ere etorri zaigu batzuoi gogora, duela dozena bat urte inguru Espainiako futbol selekzioko kide zenean, prentsaurreko batean gauza bat defendatzen ari zela aipatu zuenean, komunikabide askoren haserrerako.

 

Amnistiarena aipatuena den arren, badaude beste zenbait gai xextra sutsuak pizten ari direnak Madrilgo Gorteetako bi blokeen artean, eta eztabaidak orain arteko gobernuak jarraipena izan dezan negoziatzeko borondatea erakutsi duten alderdien artean. Galdeketak eta Estatuaren eredua tarteko. Baina, foku guztiak horra begira egonik, iruditzen zaigu merezi duena baino garrantzi txikiagoa ematen ari garela Estatuan PSOEren ezkerrera dagoen espazio politikoan gertatzen ari den borrokari, gero eta gordinagoa eta gero eta ageriago azaltzen ari dena. Are okerrago, gaizki bukatzeko itxura duena.

Gogora dezagun Podemos alderdiaren eta Unidas Podemos koalizioaren gainbeheraren ondorioz sortutako operazioa izan zela Yolanda Diazena, neurri handi batean —edo osoki— Pablo Iglesiasek berak proposatua. Inposatua, esango lukete beste batzuek. Baina politikaren historian sarri gertatu ohi den bezala, berehala hasi ziren izendatzailearen eta izendatuaren arteko desadostasunak, egungo egoera garratzera ekarri dituztenak; euren zorionerako, inbestiduraren inguruko berriek momentuz bigarren edo hirugarren maila batean ezkutatzen duten egoera.

Pablo Iglesiasi berari ere bumeranaren gisa etorri zitzaizkion bueltan hautagai berriaren inguruan sortu zituen espektatibak, hiru sektorek ederki aprobetxatu nahi izan zutelako egoera: alde batetik, Podemosen kontra jo nahi zuten botere mediatiko eta politikoek Yolanda Diazen irudia puzten jarraitu zuten. Bestetik, Podemosen bertan etorkizun (pertsonal) beltza sumatzen zutenek traizioari ekin zioten. Azkenik, historikoki Podemosen gehiegikerien biktimak izanak ziren zenbait aliatu eta kide ohik mendekuari ekin zioten disimulurik gabe, izar berriaren magalean hori posible izango zela sinetsita. Lider zaharraren ipurtzuri asko lider berriaren losintxari bihurtu ziren supituan, betiere mesianismotik hurbilegi.

Begien bistako harrokeria puntuarekin ekin zion lider berriak ibilbideari eta hasiera-hasieratik izan zituen hanka-sartze nabarmenak, batez ere Podemosekiko, errespetu falta izugarriak eta mespretxuak tarteko. Sumar koalizioaren aurkezpena, zerrenden osaketa eta abar. Indarrarekin ikusten zuen bere burua horrela jarduteko, besteak beste hedabide askok ematen zioten hauspo interesatuarekin itsututa. Akatsekin jabetuta agian, saiatu zen harrotutako hautsak bere onera ekartzen, baina agian berandu zen. Hauteskundeen emaitzak ontzat eman zituen arren, Pedro Sanchezek salbatu zuen berak sortutako koalizioa.

Hauteskundeen hurrengo egunetik hasi zen Podemos ordura arte hobe beharrez isilik (isilago) izan zituenak botatzen, hauteskundeen emaitzen baloraziotik hasita. Ordutik eztenkadak areagotu egin dira, bai alderdiak organikoki baina baita Iglesiasek bere kate sortu berritik botatakoak ere. Azken(aurreko)a, Yolanda Diazek Alemaniako berdeekin ezarri duen harremana tarteko. Talde parlamentarioaren eta gobernuaren osaketaren inguruan (osatzen bada) gero eta ageriagoa da polemika. Agian gutxietsi egin du ministroak Podemosek oraindik daukan gaitasuna eragile politikoa izateko. Ez dauka itxura onik honek guztiak, baina inoiz botoa eman ez dion arkupeko honetako bisitari honek uste du sekulako hanka-sartze historiko eta kolektiboa izango litzatekeela eraikitakoa deuseztatzen uzten badute. Espainiak behar ditu. Guk ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.