lizar begona

Gauzak

2024ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Gauza hitza testuetan saihesten ditudan berba gorri horietako bat da. Esanahi zabalegia du, hamaika testuingurutan erabil daitekeena. Zer esan ez dakigunean balio digun hitz komodina, zehaztasun bakoa eta batzuetan dena barne hartu nahian, hutsik gera daitekeena. Gaurkoan, baina, izenburuan eta hizki lodiz dakart periodiko honetara. Dianaren ituan kokatu nahi nuke, hain zuzen, gauzez mintzatu nahi dudalako. Euskaltzaindiaren Hiztegiak horrela definitzen du hitza: 1  iz. Edozein eratako izatea duen zernahi, izaki banako edo berezitzat hartua izan daitekeena. Jainkoa, gauza guztien egilea. Gauza beltz bat ikusi zuen. Gauzak eta gauzen izenak. Gauza ederra da adiskidetasuna. Alegiazko gauza guztiak. Jainkozko gauzetan. 2  iz. Izaki bizigabea. Pertsonak, animaliak eta gauzak.

Inguratzen gaituzten objektuak, etxea okupatzen diguten gauza isil horiek, uste baino gehiago hitz egiten dute gure identitateei buruz, nor eta nolakoak garen. Lekuz aldatu, erabili, tolestu, garbitu eta tarteka konpontzen ditugunak gure behar eta bizitza-estiloen isla dira hein handian. Begiratu zure ingurura eta esan zer ikusten duzun, zein objektuk inguratzen zaituzten, nola kokatuta eta zer materialez eginda dauden, zenbatean behin aldatzen eta konpontzen dituzun, zein den zure etxeko gauzen bizi-itxaropena eta zein erritmo duen gauza zahar eta berrien zirkulazioak.

Jar dezagun X adibide bezala. 30 urte herriko denda berean lanean ibilitakoa da, eta emaztearekin ezkon-hitz solidoa du. Antzinako baserrien ohiko estiloan du dekoratuta etxe-barrualdea. Oihal tapizatuekin apaindutako altzari marroi ilunak dauzka korridore bazterretan; haritz egur trinkoz eta astunez egindako aulki, mahai eta armairu mardulak dira nagusi bere etxean, heredatutakoak ia denak. Apalategietan dituen portzelanazko figura denei, familiako koadroei eta tapa gogorreko liburuei banan-banan kentzen die hautsa X-k. Sitsak jandako kamisetak eta behatzetako azazkalek zulatutako galtzerdiak josten dituzten horietakoa da.

Kontrako muturrean egon liteke Y. Lanagatik etxez etxe mudatzen da sei hilabetero, online egiten du lan eta horrek malgutasuna ematen dio hainbat zentzutan; ordutegia berak kudeatzen du, eta pijaman ere lan egin dezake nahi badu. Portatila besapean hartuta bidaiatzeko aukera izaten du tarteka, eta atzerrian zertan lan egiten duen galdetzen diotenean digital nomad dela esan dezake ahoa bete-beteta. Y-k ez du epe luzerako konpromisorik hartzen, maitale likidoak izaten ditu, aldi baterako lanak, soldata baxua, alokairuan bizi da ezagutzen ez dituen bi pisukiderekin. Eta etxea ez du ia dekoratzen, altzari gehienak Ikeako haritz-efektu tinduz eginda daude, arinak dira, erraz muntatu eta desmuntatzekoak. Kuleroen ertzak puskatu edo kolorgetzen hasten zaizkionean berriak erosteko ohitura du.

Gauzen «erabili eta bota» rankingean arroparena da lehena. Europako Batasuneko herritar bakoitzak urtean, batez beste, hamabi kilo arropa botatzen ditu eta hondakin horien hiru laurden baino gehiago erre egiten dira edo zabortegietan bukatzen dute, Europako Batzordearen arabera. Moda sektorearen barruan, moda ultra-azkarrean liderra omen da Shein enpresa. Konpainiak hiru eta zazpi egunean behin eguneratzen eta merkaturatzen ditu arropa diseinu berriak. Mota honetako enpresetan (Inditexen, kasu) bilduma edo jantzi berriek hiru hilabeteko epea behar izaten dute merkatura ateratzeko. Gainera, aliantza estua sortu du Sheinek Tiktok sare sozialarekin eta online dendaren filosofia hauspotzen du etengabe. 20.000 milioi euro inguru fakturatu omen zituen 2022an, eta aurreikusten dute litekeena dela 55.000 milioira iristea 2025ean, hau da, urtero %40 igoko dituela bere salmentak.

Eta zer esan, bukatzeko, etxeetako altzariei buruz. Y-k etxea uzten duen bakoitzean sortzen den absentzia ez da X-k utziko lukeena bezain handia. Gauza astunek eta urteetan zaindu eta maitatutakoek akaso berri eta arinek baino gehiago lotzen gaituzte denbora eta tokietara, eta alderantziz.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.