Bai emozionanteak kontaketaren azken momentuak! Erabat aztoratzailea azken eserlekuaren dantza zoroa! Bueno, finkatuta ematen du bakoitzaren ordezkaritzak hurrengo legebiltzarrerako. Behintzat, zenbakiak badakizkigu; orain zenbakien konbinazio, puzzle edota sudokuak geratzen zaizkigu eta telebisten aurrean jarriz gero, zer pentsatua badago, bai. Baina duda barik, oasia ez bagara ere, argi dagoena da gu geu garela, estatutik urrun. Bueno, gauak, segur aski, askorako emango luke, nekea eta logura agertuko ez balira. Horregatik, egun argiak bestelako freskotasuna ekarriko didan esperantzaz eta zuon baimenaz,nire gaurko solasalditxoa hemen etetea erabaki dut. Halere, seguru nago bihar ere gaur bezain pozik agertuko naizela, argiago segur aski, baina erabat pozik egin dudan aukerak sendotasunez lortu duelako Herriaren zerbitzari nagusia izatea, horrela eta horretarako ikusten baititut nik alderdi politikoak. Eta pozik ere, abertzalea naizen aldetik, hurrengo legebiltzarrean izango den abertzale ordezkaritzagatik. Eta pozik, sano, hasteko dagoen legebiltzar horretan, lehenengo aldiz, emakumeak gizonezkoak baino gehiago izango direlako. Sentsazio gozoaz beraz, egingo diot klik.
Eta klik. Esan bezala, gauak askorako eman du; zenbakiak, ikaragarriak; iritzietan, denak azti, eta emaitzak...historikoak. Horrela definitu dituzte ia alderdi guztiek lortutako emaitzak. Historikoak irabazlearentzat,eserlekuak lagun gehiagoren artean banandu behar direnean zeuzkanak baino gehiago lortzearren, historikoak bigarren indarrarentzat, bizirik daudela ozen aldarrikatuz, irabazi nahi dituzten zeru horiek zerumugan ikusten omen dituztelako, eta historikoak hirugarrenarentzat, XI. legealdian eta lehenengo aldiz,indarrez sartzen direlako. Historikoa, zalantza barik, laugarren alderdi historikoak hartutako zigorra, eta historikoa baita, «zertxobait» galduta ere bosgarrenak lortu duen babesa. Ez dakit inoiz hitz batek eskaini dizkigun hainbeste interpretazio eta zentzu ezberdin. Gau historikoa! Hauteskunde gau guztiak izaten diren bezala. Nik, baina, hauteskunde gauari, besarkaden gaua deitzen diot; zoriontasuna, poztasuna, tristura eta baita frustrazioak ere, bestelakoak izaten direlako laguna estu hartzen dugunean. Eta eskutik lotuz besoak altxatzen ditugunean garaipenak ospatzeko mundua besarkatu nahian? Denetik egon zen bart; halere, uste dut zenbait keinu hanpatu egunaren edo, hobeto, gauaren berotasunean eta gordetako tentsioen ondorio legez ulertu behar ditugula, euskaldunok ez baikara horren txeratsu.
Eta horrela ageri zaigu eguna; zenbaki hotzen aurrean, nor norekin eta batez ere zertarako da toki guztietako berbabidea. Ez dago komunikabiderik futurologia egiten ez duenik; zein bere komenentziara, zelan ez. Ni, ordea, seguru nago hasita daukagun errekuperazio bideari ekiteko aukera paregabea zabaldu zaigula izandako emaitzekin. Herriak ziurtasunaren alde, lasaitasunaren alde eta etorkizunaren alde egin du apustu, eta horregatik uste dut EAJri emandako babesaren arrazoien artean Urkullu lehendakariaren nortasuna erabat erabakigarria izan dela. Herriak istilubako agintariak nahi izaten ditu eguneroko arazoez arduratzeko bere, langileak, erronkei aurpegira begiratzen dakitenak, eta pentsatzen dutena argi esateko kapaz direnak, esaten dutena oso popularra ez bada ere. Eta hori dena egiten badakiela erakutsi digu Urkullu lehendakariak. Horregatik oraingoetan, senak edo beharrizanak bultzatuta, ematen duInazio «handiak» esaten zuenak —«sasoi gogorretan, aldaketarik ez»— herritar askorengan izan duela eragina. Eta gau historikoaren biharamunean, nire alderdientzako eskaera; has daitezela albait arinen akordio zabal eta sendoak eraikitzen, Euskadin bizi garenon bizimodua hobetzeko eta Herriago izateko bidea jorratzeko,ezinbestekoak baititugu.

ARKUPEAN
Gu geu gara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu