Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Hankak, bideak eta buruak

2016ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da lehenengo aldia goi erakunde bat edo izen handidun erakundeak hanka sartzeak zuzentzera behartuta agertu direnak; gehienei, arauak txarto interpretatuz edota egia berdaderoaren jabe bailiran jokatzeagatik gertatu izan zaie. Asko dira historian zehar zenbait zentzugabekeria egindako erakundeak. Aipagarrienetako bat, 1938an Timek egindakoa. Komunikabideak,gure gaurko harridurarako, Adolf Hitler «urteko gizona» izendatu zuen; interpretazioaz aparte, hori asmatzeko abilezia! Wester Unionek ere, 1876an, G. Bellek bere telefonoaren eskubideak opatu zizkionean, ez zuen duda izpirik izan eskaintzari uko egiteko; enpresak oso argi omen zuen tramankuluak ez zeukala inolako baliorik komunikabideetarako; itzela aztien begi klinikoa! Bata zein bestea, liburuetarako; eta biak ala biak, erremediorik gabeko hutsak. Izan dira beste batzuk, ordea, zeini ez baitzaie askorik falta izan eskandalura heltzeko; eskandalagarria izan zen 2012an Bakearen Nobel sariaren epaimahaia ikertu zutenekoa. Arrazoia,ustez erabilitako irizpideak eta Nobel jaunak berak ezarritakoak bat ez etortzea. Ondorioa, gauzatu izan balitz, ez zen makala izango; zeren Gore, Kissinger edo Obama jaunei eurensariak indarrez kendu balizkiete, baina hau ere liburuetarako.

Baina hau ez da beti horrela gertatzen, eta badira euren hutsak zuzentzeko kapaz direnak ere; zuzenketak, euren gaitasun ezaren adierazgarri barregarri bezain lazgarriak badira ere. Horixe izan da Espainiako Kultura Ministerioak egin berri duena Luis Baraiazarra karmeldar jakintsu, itzultzaile eta euskal akademikoarekin. Atzerritar hizkuntza batetik estatuko hizkuntza batera egindako itzulpen bakarrari eman dioten saria kendu egin diote 24 ordura. Antza, eta ministro berriaren hitzetan, zenbait nahaste izan direla medio, ez ziren konturatu Teresa Jesusenaren liburuak ere estatuko hizkuntza batean idatzita zeudela. Hain zakar eta iraingarria izango ez balitz... emotikonoz beteko nituzke lerroak. Gauza da horrela estreinatu zaizkigula gobernu ordezkari berriak; batek kulturari ostikada bat ematen dion bitartean, takoidun beste ordezkari bat orkatilak elkartzen ikusi dugu armen kulturaren eredu gorenaren aurrean. Beno, batak zein besteak gauza bat utzi digute argi; hankak behintzat, eduki dauzkatela. Buruarena, ordea, ikusi egin behar.

Dagoeneko, hala edo hola bada ere, egiteko bat eginda. Orain, hemengoa burutzea falta zaigu. Eta batzuk gogobetez akordioetara heltzeko ahaleginetan dabiltzan bitartean, beste batzuk eurena ez den akordioa aho betez suntsitzen saiatzen dira; betiko ezin ikusia. Trabak gorabehera eta ez nola ez nortzuk amaituko duten lana ez dakidala, elkarrekin hitz egitea eta bakoitzarena ezagutzeko egindako hurbilketa, mereziko duelakoan nago, bideak elkartuko ez badira ere. Herritarrontzat, jakitea, bistan dugun ibilbidean aurrera egiteko, ordezkarien gehiengo handi bat lanean dabilela pozgarria da. Eta hitz gurutzatuetan gertatzen den moduan, goitik-behera, ezker-eskuin zein trabez, batzuetan solte eta beste batzuetan konbinatuz, helburua, laukia ondo burutzea da;tranparik egin gabe, ahal dela.

Bitartean, begi guztiak itsasoaren beste aldean martitzen honetan gerta daitekeenari so. Lehian, bizitza osoa politikan murgilduta daraman zorte gabeko emakumea eta politikaz ezer gutxi dakien gizon harroputza. Eta ni, lehiaren ingurukoekin, tristura eta larritasun sentsazioa ezin uxatu nabil. Tristura, migratutako askok, zenbait euskaldunek tartean, migratuekin duten jarrerarekin. Nola liteke sarrailak apurtu dituztenek ateak zarratzeko aldarrikatzailearekin egotea? Eta larritasuna; historiaren borobiltasuna gerta daitekeela pentsatzean sortzen zaidana. Biharko egunari itxaron behar; oxala hasperen batek eroango balitu biak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.