Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Hariari tenk

2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehenengoak Islam zuen izena eta ez dakit bizirik egongo ote den. Demagun baietz, dena ondo atera dela eta bizirik eusteko haritxoari tenk egiten jarraitzen diola. Palestinarra da eta krudeltasunaren kasualitatez, Gazako zerrendan dagoen ospitale batean egiten du lan. Ireki dizkiote mikrofonoak komunikabideek, astebete luzez israeldarren mina besterik erakutsi nahi izan ez duten komunikabide globalizatu horiek. Astebete zazpi egun soil besterik ez da, baina limurtze klasikoarentzat nahikoa eta sobera. Ezustean harrapatu zuenarentzat edo gatazkaren berri jakin nahi ez duenarentzat beti egongo delako, komunikabide hauen arabera, sufrikarioz betetako alde bakarra: Israel. Baina izan zituen bere minutuak Islamek, eta kontatu zuen Gazako ospitalean bizi duten egoera sinestezina, literaturarik ankerrena ere motz utziko zukeen hezur-haragizko argazkia. Kontatu zuen guztia eta eskerrak eman zizkion kazetariari, istorio soil bat kontatu ahal izateagatik baino, gizabanakoak direla esaten uzteagatik. Israelek Gaza uztera behartu zituen Islam eta milioitik gora herritarrak. Hortik aurrera istorioa eteten da, baina ez dakigu hariak tenk egiten jarraitzen duen.

Bigarrena Ane Irazabal da,nazioarteko kazetaritzan azala ederki ondutako kazetaria. Lehergailu batek eztanda egin aurreko segundoan zurrupatzen duen oxigenoaren gabezia sentiarazi zigun idatzi zuenak: milaka dira Gazako zerrendan geratu diren palestinarrak: gaixo daudenak, tratamendua jaso beharko luketenak, mugitzerik ez dutenak, bakarrik eta ezinduta daudenak edo hilzorian daudenak. Eurek ezin izan dute Gazatik mugitu eta atzera-kontaketa bat izan da hari gorria atzamar artean laxatzen sentitzea: haienak egin du edo egingo du datozen orduotan. Ikusten ez den kazetaritza da, gerrak estaltzen duen aurpegi ilunetako bat.

Hau da milaka elefante trostan datozela sentitzea, tsunamiaren aurreko hondartza luze bezain arraroa, hienen barre zitala zure bizkarrezurrean gora. Ez zaizkigu atzera-kontaketaren azken segundoak erakutsiko, ezta irudimenean egoeraren piezen puzzlea lotzeko ere: erakusten ez dena ez da existitzen.

Hirugarrena marra imajinario bat da eta uneoro tenk egiten ari diren milioika hariak muturretik zabaldu eta bertatik haritxo finak ateratzen ari da: haritxo honek balio du, baina beste honek, ez. Inon marrazturik ez dagoen arrastoak emakumeak sailkatzen ditu eta, noski, batzuei gertatutakoak balio izugarria du, eta beste askori jazotakoa, aldiz, ez dezagun begiratu badaezpada taldean sartzen du. Kuriosoena da sailkatze lan hau hartu duten hainbat gizonezkoak direla eta ezinezko osagaiez osatutako zerbait erakutsi nahian dabiltzala. Esaterako, Israelek duen botere mediatikoari ondo heldu eta han eta hemen hainbat emakumeren irudiak zabaldu zituzten. Akordutan daukat bat: eskuburdinaz lotuta zegoen emakume israeldarrak frakak odolez blai zituen. Irudiarekin batera esaldi pare bat zetozen, eta, informazioaren arabera, Hamaseko kideek behin eta berriz bortxatu zuten emakumea. Lerro horiek idazten zituenak, ordea, ez zuen errukirik agertu emakume harekiko. Memoriaren hemerotekara jo eta halako zerbait idatzi zuen ondotik: «Emakumea israeldarra denez, Jenni Hermosoren aferan futbolariaren alde egon zirenek ez dute txintik esango».

Amu okaztagarria izan zen emakume israeldarrak eta palestinarrak bi taldetan jarri nahi izatea. Marra imajinarioaren alde banatan paratu zituzten, bakoitza sufrikarioaren eskalarekin neurtuz. Oinazearen partida dirudi, amaierako musu nardagarri eta guzti.

Azaroaren 30a urrun ikusten dut oraindik baina hariak hasi dira tinko txirikordatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.