Irati Zubia Landa.

Hautsitako hegoak

2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Antonio Altarriba ez zen ohartu bere amak ezkerreko besoan paralisia zuela harik eta erizain batek azaldu zion arte. Zainketa paliatiboen gelan izan zen. Ama ohean zelarik, honen eskuineko beso ubelduari erreparatu eta erizainari galdetu zionean ea zergatik ez zion kateterra beste besoan jartzen. Orduan galdetu zion ere amari ea noiztik zen mangu. Honek erantzun zion: «Betidanik». Aitari galdetu zion ospitaletik atera bezain pronto, eta hark ere ez zuen ideiarik. Amaren hiletan haren anaiari galdetu zion, eta honek ere ez zekien ezer.

El Ala Rota (2016) komikian bildu zuen amaren bizia Altarribak, Kimen marrazkiak lagun. Aurretik eginiko El Arte de Volar (2009) lanaren bigarren aurpegia dela esan daiteke. Obra horretan bere aitaren errelatoa egin zuen Altarribak. Errepublikak, Gerra Zibilak, deserriak, Frankismoak eta ondorengoek antolatzen dituzte komikiaren kapituluak. XX. mendeak kolpatuta eta lur-jota bizitako hamaika Espainietako baten istorioa da. Parisen komikia aurkezten ari zen batean iltzatu zioten galdera publikotik:«Eta bien bitartean, zure ama zer?». Orduan konturatu zen, besteak beste, narratiboki ere injustua izan zela amarekin. Aitaren legenda puzten zuen bigarren mailako pertsonaia bat idatzi zuen lehen komikian. Konpentsazio saiakera batetik idatzi zuen, horrela, El Ala Rota.

Amaren errelatoak ere biltzen du errepresioak kolpatutako Espainia bat. Alabaina, gerrak, maiuskulaz idatzi ohi den Historiak, zein aitaren figurak hartzen dute hirugarren dimentsio bat. Ikusten duzu aitaren figuraren atzean bazirela amak bakarrik irentsi behar izan zituen trauma eta zauriak. Edota 1931ko apirilaren 14koa izan zela ospakizun eta zirriparra merezituen gau bat, baina baita 12 urteko neskatilak aita mozkorra enegarrenez zaindu behar izan zuen gaua ere. Amaren komikiaren kapituluak ez dituzte gertakari historikoek antolatzen, haren bizitzako gizonen izenek baizik: Damian, aita; Juan Bautista Jenerala, neskame izan zen etxeko jauna; Antonio Altarriba, senarra; eta Emilio, zahar-etxeko sasi mutil-laguna. Laburbilduz: zaindu zituen gizonen sekuentziek osatzen dute errelatoa. Aita salbu, bakar bat ere ez zen jabetu beso bakarra mugitu zezakeela. Aitaren jipoi batek eragin zion lesioa.

Petra Ordoñez du izena ama honek. Imajinario sozialean bere garaiko emakume deritzen duten horietako bat izan zen.Zaildua, kexatzen ez direla esaten den horietakoa. Zaintzailea. Eta zaintzaren erromantizazio zein ikusezintasuna medio, kontuan hartu gabekoa. Biñetaz biñeta, ordea, deskubritzen duzu Petra ez zela beti isilik geratu, kexatu eta aldarrikatu zuela bere burua. Isilunez betetako kontakizuna da berea, baina altxatu zuen inoiz ahotsik ere. Indiferentziaren bortxa da hego hautsia ezabatu ziona.

El Ala Rota motibo askogatik egin zitzaidan irakurketa deserosoa. Baita garai hartakotzat jo ohi diren biolentziak modu eguneratuan itzuli zizkidalako ere. Lan feminizatuak norbere mina eta zaurgarritasuna disimulatzeko betebeharra baitu peajetzat sarri. Donostiako hoteletako garbitzaileek nolotilak eta ibuprofenoak trukatuz abiatzen dute eguna, isildutako lanak dakarren kostua disimulatzeko. Plataforma de Organizaciones de Pacientes-en arabera, norbere sintomak gutxiestera daramatzan zaintzaile rola da emakume askoren diagnostikoa atzeratzen duen faktore bat, gaixotasun kronikoen kasuan. Nire amak ezkutatu zidan behin berriro ospitalera eraman zezakeen bronkitisa. Nik ere ez nion galdetu. Ezagutu nuen behin emakume bat bularreko minbizia izan zezakeenaren susmoa bazuena, baina hala ere tarte batez ingurukoei ezer esan ez ziena. Haren hiletan izan nintzen.

Hautsitako zenbat hegal ote diren sistemaren sostengu. Ikusten ez baditugu, begiratzen ez diegulako da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.