Maitena Salinas Beiztegi.
ARKUPEAN

Heimlich

2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ezaguna duzue Heimlich maniobra? Batzuek agian entzuna izango duzue zuen ogibidearengatik, akaso, eta beste batzuek, aldiz, ezagutu bai, baina izena agian ez zaizue hain gertukoa egingo. Heimlich maniobra, itotzen ari den eta hitz egiteko gai ez den pertsona bati laguntzeko erabiltzen den lehen sorospenetarako prozedura da. Pertsona atzetik besarkatzen duzu, zure esku betea haren zilborraren eta saihetsen artean jarriz, eta beste eskuaren laguntzarekin, itotzen ari den pertsonaren abdomenean konpresioa egiten duzu arnasbideak oztopatzen duena irten edo mugi dadin. Honek guztiak arnasari pasatzen utzi beharko lioke. Ba, idatzi nuen azkeneko artikuluaren eta honen artean, hilabete eskas pasatu den honetan, esperientzia horrek zeharkatu nau bigarrengo aldiz nire bizitzan. Hau da, neuk neuretara dakidala zer den itotzen ari dena izatea zein bestea.

Lehendabiziko aldian, nire lehengusu Titok bizitza salbatu zidan 7 urte besterik ez nituenean, madarikaziozko haran-hezur batek ia beste auzora bidali behar ninduenean. Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut zer sentitu nuen, baita pentsatu nuena ere, tatuaje baten gisan azalean itsatsita geratzen den esperientzia baita. Heimlich maniobra egin zidan, eta, zorionez, horrek izan zezakeen ondorio hoberena izan zuen, arnasteko gaitasuna berreskuratu bainuen. Egiari zor, hats hartzeari esanahi berri bat ere eman niola aitortu behar dut. Urteak igarota neronek ere hori egiten ikasi behar nuela zin egin nion neure buruari eta DYAko lehen sorospen ikastaro batean hori nola egiten den erakutsi zidaten. Hala ere, beti daukazu, momentua iritsita, behar bezala egiten jakingo ez duzun beldurra eta zalantza. Tira, ba, Karmak bultzaturiko patua bailitzan, duela aste gutxi nire lagun bati kale gorrian itolarri bizian zegoela, hilzorian hobeto esanda, mesedea itzultzeko okasioa eman zidan existentziak. Zorionez, nire lagunak eta biok urte luzez topa egiten jarraitzeko parada izango dugu, eta ile urdin batzuk gehiago besterik ez zaizkigu aterako hartutako sekulako sustoaren ondoren.

Kazetari naizenetik, gertatzen zaidan gauza txikiena ere ikertzeko joera daukat, eta zera topatu dut: munduan urteko 236.000 pertsona hiltzen direla kontrako eztarritik zerbait joatearen ondorioz, eta Estatuan heriotza ez-naturalen hirugarren kausa dela, auto-istripuen aurretik: eguneko sei pertsona hiltzen dira horrela. Badakit honek herstura eragin dezakeela, baina aurrez aurre ez begiratzeak ez du arazoa konpontzen. Denok gai izan beharko genuke horrelako egoera baten aurrean, ahal den moduan, lagungarri izateko eta gutxieneko batzuk asimilatuta edukitzeko.

Behin eta berriz galdetzen diot neure buruari, momentu honetan bizi dugun nazioarteko errealitatea ere horrelako maniobra baten beharrean ez ote dagoen. Ez dakit oraingo gerraren hezurra behar bezala ateratzen laguntzen ari ote garen. Batzuek ez dute ulertu nahi, antza, nekez gera daitekeela itoaldi bat esku batekin tripak eusten eta bestearekin lepoa estutzen ari garenean. Ez dela surik erregai gehiagorekin itzaltzen denik. Ezta uholderik ur gehiagorekin baretzen denik ere. Gure berogailuen babesarekin finantzatutako gatazka honi so gaude, bihotza izoztuta. Denbora kontran doa, eta guk itotzen ari denari penaz eta lastimaz begiratzen diogu, mirari bat gertatuko den itxaropenaz, behar bezala erantzuten ez dakigulako edo interesatzen ez zaigulako...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.