Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Herrigintza ala estatugintza

2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Herrigintza eta estatugintza beti kontrajarriak direla pentsatzen dutenak anarkismoaren XVII. mendeko zuztar liberalean itsatsirik geratu dira. Sistema demokratikoetako gizarteak estatalizatuak baitira. Estatua ez da justizia sistema, aldundiak, polizia eta ogasuna soilik, epaileek, poliziek, gurasoek, irakasleek, garbitzaileek, sindikalistek, etxekoandreek, laburbilduz, herritarrek hezurmamitzen dute Estatua. Estatuak ezarritako ordutegian lanera joatea da estatugintza, supermerkatuan edo kooperatiban erositako olioa hartzea eta umeak goizero eskolara eramatea. Bourdieuk dioen moduan, puntual ailegatzen diren anarkistak ere estatugintzan dabiltza. Herrigintza XXI. mendeko Europan ez da Estatuaren kontrako praktika, Estatua demokratizatzeko praktika multzoa baizik, ezin baita demokraziarik egon herriaren eskakizunak gauzatu gabe, gauzatze hori, aldiz, erakundeen bidez egiten da, eta ahalmen politiko handiena duen erakunde multzoa Estatua da.

Herrigintza aratzean dabiltzala uste duten letxuga autogestionatuek errepideak behar dituzte bidaiatzeko, guztion zerga sistema estatalaren bidez sortutakoak. Bestetik, sarritan jartzen dira letxuga autogestionatuon jabeak gaixo, beraz, osasun sistema ere behar da, baina horretarako eskola eta goi-hezkuntza sistema publikoa, hots, estandarra, nekazari, garraiolari eta erosle gaixo horiek sendatzeko behar diren medikuak eta erizainak zein eskaner berriak asmatuko dituzten ingeniariak hezteko, ospitalea garbituko duten eta gaixoei bazkaria egingo dieten langileen multzoa sortzeko. Estatu aparatuen gune organikoa eta produktiboa gurasoek, sindikatuek, enpresari elkarteek, mugimendu sozialek, hedabideek, Osakidetzako eta Osasunbideko staffak, irakasleek, gizarte hezitzaileek eta familia heteropatriarkalak taxutzen dute. Zailtasunak sortzen omen ditu ulertzea Estatu aparatu modernorik gabe ez liratekeela gizarte zibilik, familia nuklearrik ez sindikaturik existituko, ezta garraio, eskola, osasun eta justizia sistema publikorik ere. Estatugintza gizartean sakabanatuak dauden hamaika mikro-praktika dira, horregatik, estatugintza eta herrigintzaren arteko zatiketak ez du, zenbait eremuetan, inolako esanahirik, batetik, herria estatalizatua dagoelako, eta, bestetik, estatugintza herritarrek egiten dutelako.

Hegoaldean ditugun Euskal Estatu Erakundeek (EEE), oraingoz espainiarrak direnak europarrak eta euskaldunak bezain beste, baliabide eta ahalmen politiko, ekonomiko eta sozial zehatzak dituzte, baina baliabide horiek gure lurraldeetan bizi diren herritarren egungo mobilizazio eta ekoizpen mailaren araberakoak dira, ez soilik konstituzio, menderatze eta eskubide historikoek diotenaren araberakoak. Jakin badakigu EEEn ahalmen politikoa oso prekarioa dela Estatu soberanoekin alderatuta, baina berebizikoa da ulertzea NFE eta EAE bezalako unitate administratiboek dituzten ahalmen eta ondorio juridiko eta politikoak, identitate berriak sortu eta zaharrak desberdinki birsortzen dituzten sistemak baitira, demokratizazio ororen zutabe, alegia. Nola erabili erakundeok euskal estatugintzarako? Espai niarrak direnez Euskal estatugintzarako balio ez dutela erantzuten duenak, egin dezala lagunez eta ez politologoz inguratuta, milesker. Politika beti da politika alderatua. Jakiteko zergatik duten batzuek ongizate maila altuagoa edo jabekuntza murritzagoa edota zergatik den espainolagoa, euskaldunagoa edo frantsesagoa lurralde hura, ezinbestekoa da kapitalen eratze, metaketa eta distribuzio moduak azaltzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da EEEn inplikazio material eta sinbolikoak aztertu eta erabiltzea.

Hegoaldean erdietsi ditugun ongizate maila ezberdinak eta identitate anitzak EEEk lortu duten ahalmen politikoari lotuak daude eta azken hauen ahalmen politikoa, aldi berean, iraganeko eta egungo gizarte mobilizazioaren araberakoa da. Azpimarratu nahi dudana da,herriak sortzen duela estatua, demokraziarik ez dagoela estaturik gabe eta Euskal Demokraziak eskatzen duena auzolanari Estatu-senarekin ekitea dela, herrigintza estatala egitea, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.