ARKUPEAN

Hitzak lupaz begiratzeagatik

Lizar BegoƱa
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Bruselako GaleriesRoyales Saint-Hubert erdian yoik izeneko abesti tradizionalak entzun zitezkeen joan den ostiralean. XIX. mendeko galeria enblematikoan a capella abesten jarri zen emakume batek europar jendearen arreta piztu zuen, mugikorretako kamerak ateratzeraino. Banda koloretsuz brodatutako soineko tradizionalaz jantzita, urre koloreko lepoko altua, belarritako astunak eta txirikordak zeramatzan Sara Hermansson poeta samiak. Vilhelminako mendietako kanta zaharrak Bruselako turisten txoko faboritoenean entzutea nahasgarria gerta zitekeen askorentzat. Sami herriaren musika adierazpide zaharrenetakoa da yoik-a, Suediako iparraldeko hizkuntza gutxituan kantatzen dena.

Hizkuntza Aniztasunaren Egunean urtero Bruselan ospatzen den literatur jaialdia da Transpoesie. 2011 urteaz geroztik, jarduera ugari antolatzen dira irailean eta urrian zehar, literatur aberastasuna eta aniztasuna aurkezteko eta balioesteko helburuarekin. Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Leire Bilbao izan dira, besteak beste, aurreko edizioetan parte hartu duten euskal poesiaren ordezko batzuk. Hamahirugarren edizioa izan da 2023ko hau eta hiriko hainbat txokotan punta bateko zein besteko jendeari euskaraz irakurtzeko aukera izan nuen joan den astean. Art Nouveau estiloko Maison Hannon eraikinean, taberna queer baten gaineko Munpunt liburutegian eta Pianofabriek izeneko kulturgunean elkartu ginen errezital eta solasaldi eleaniztunak tarteko.

Take Back The Stage izenburupean, emakumearen eta eszenaratzearen bueltan antolatu dira aurtengo jardunaldiak. Lerro hauetara ekartzekoa iruditzen zait, tituluarekin ez oso ase, haur baten altxamendu matxinoa iduri, take back aditzaren ordez bring proposatu izana Elizabeth McGeown idazle irlandarrak. (Badakizue hitzak nolako detailez, lupaz eta arretaz behatzen dituen poeta kolektibo pedanteak). Azaldu zuen oholtza ez dela historian galdu genuen eta berreskuratu beharreko egurrezko taula jaso bat. Agertokia ez dela inori dagokion posesio bat, norberak dakarren eta baimenik gabe har dezakeen posizio bat baizik. Europako topaketa internazionalen eslogan ofiziala aldatu eta Bring The Stage With Us izenarekin bataiatzera ausartu zen McGeown, eta txalo.

Izan take back, izan bring,galdera mardulak eta erantzun nekezak jarri ziren mahaien bueltan. Hizkuntza-talde minoritario bateko kide izatea nolakoa den azaltzera menturatu nintzen, esaterako. Aditu izatetik urrun, euskal literaturaren txikitasunari ikusten dizkiodan argi-ilunak deskribatzen saiatu nintzen.

Hitz gutxitan: Alde batetik, babestuta sentitzeko besteko altzoa izan daiteke euskal kulturarena. Poesia alorrean bereziki, ekoizpena txikia denez, lekua dago espazioak aprobetxatzeko eta gure artean ahal den neurrian zabaldu eta elkar ezagutzeko. Gainera, euskaraz idazteko hautua kontzientea eta afektiboa izan ohi dela esango nuke, proiekzio zabalago bat nahi duenak aski duela gaztelaniaz edo ingelesez idaztearekin. Bestetik, burbuila efektua ere gertatzen da eta mundu endogamiko samarra izan daiteke hein batean. Halaber, askori irakurri izan diot kritika egitea zaila dela gurean, eta kritika negatiboak isiltasuna izaten duela euskarri. Horrek zerbait esaten digu gure literaturaren osasunari buruz.

Poesiaren etorkizunari ere hitz batzuk dedikatu genizkion. Zer forma hartuko duen geroan, eta zein den berau hedatzeko biderik eraginkorrena. Online formatuan, liburuen bidez, mikro irekietan, performance modura. Baina erantzun hau lainoagoa izan zen niretzat, baita beste idazleentzat ere. Bueltako hegazkinean leihotik begira oraindik amesten jarraitu nuena. Nahiago dut azken lerro hauetan galdera bezala utzi. Baina ziur esan dezakedana da bakoitza norbere hitz eta gorputzetik aritu zela, oholtzak berreskuratu (edo, hobe, ekarri) genituen hizkuntza handi, ertain zein txikietan, eta funtzionatu zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.