Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Hitzezko harresiak

2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Aitona-amonek etxe malgua eraiki zuten Extremadurako mendilerroak arnasgunea ematen zuen orube hartan, eta askatasun-eremu bat sortu zuten. Sendiaren beharren arabera, handitu egiten zen etxea, hazi egiten zen gu hazten ginen ia erritmo berberaz, gela berriak agertzen ziren urte batetik bestera, eta den-dena librea zen han. Harresiarengatik ez balitz, etxe hura paradisua zela esan zitekeen: inguru osoa, baina, harresi handi batek zedarritu egiten zuen. Han ikasi nuen zein gozoa den aske sentitzea eta zein garratza, berriz, begitazioari eusten dion gezurra.

Etxea bera baina askoz zaharragoa omen zen harriz harri egindako inurri-lan hori. Inork ez zigun argi esan zertarako zen harresia, baina guk susmoa hartzen genion, eta deseroso sentiarazten gintuen. Izan ere, lantzean behin herri hartako haurrak inguratzen ziren gurera, eta oin-puntan jarrita zelatatzen zuten gure jolas-gunea. Aitonak animaliak ez sartzeko izango zela esaten zuen, baina orube hartan geu ginen aske zebiltzan piztia bakarrak. Guk ihes ez egiteko zela ere esaten zuen, ahaztuz-edo ate handi bat ere bazegoela, sekula ixten ez zena. Galdera tematiekin nekatuta edo, horma hori hara sartzeko tentazioa izan zezaketen bizilagun edo kanpotarrentzako altxatuko zutela erantzungo zuen.

Aitona-amonen etxea ote da Europa berria? Etxe komuna omen zen, denon artean eraiki beharrekoa, guztiok goxo hartuko gintuena. Omen.

Joan den astean, Europako Batzordeak, presidente berria Ursula von der Leyenen eskutik, bere eskumeneko arlo eta arloburuak ezagutzera eman zituen, eta horien artean «Bizimodu Europarraren Defentsa» saila iragarri zuen. Ez du, baina, argitu, Europan diren hamaika bizimodu desberdinetatik zein den defenditu behar dena, hori elipsi bat da, hutsarte bat. Esan gabe, baina, norengandik defenditu behar dugun argiro eman du aditzera.

Aitona ez zen kapaz izan esateko zertarako balio zuen gure etxeko harresiak, agian artean ez zegoelako modan deus ere esan gabe, den-dena esaten duen hizkuntza mordoilo molde berria. Hiru hitz horiek, baina, argi uzten dute non gauden gu, eta zeren beldur garen. Harresiaren barrutik, balizko askatasunaren esne-mamitan hazitakook asmatu dugu sail berriaren izendapena, itxura guztien arabera.

Agian proiektua bera baino zaharragoa da orain begien aurrean ageri zaigun hitzezko hesi hori, eta litekeena da hasieratik beretik argi izatea askatasun-eremu pribatua zela Europaren proiekzioa, baina besterik ere izan zitekeela sinistu genuen batzuk, inozook. 2000. urtean Europak «Aniztasunean bat eginda» leloa hautatu zuen herrien arteko aliantzaren zioa azaltzeko. Europa osatzen duten herrien arteko desberdintasunak ontzat ematen zituela, eta horren gainean batasun-egitasmo bat eraikitzeko promesa egin zuen. Askatasuna, aniztasuna, gizatasuna eta berdintasuna aldarrikatzen zituen egitasmo hark, eta askok sinistu egin zuten, guk aitona-amonen etxe zoragarri horretan aske eta pozik bizi izango ginela sinistu egiten genuen modu berberaz.

Egiak deskubritu egiten dira, eta gezurrak, berriz, eraiki. Harresiak bezala. Etxe hartan ikasi nuen norberarentzat gozagarri dena, beti edo ia beti, beste norbaiten bizkar izaten dela. Alde bakarreko txanponik ez dut nik ezagutzen; gauzak haize alde datozenean ere, ifrentzua nori tokatu ote zaion galdetzea, beraz, nahitaezkoa da, eta beti, edo ia beti, kaltetuak berberak dira: gotorlekuaren beste aldean begira egotera kondenatutakoak. Europa inguratzen duen harresia ez da (oraindik) fisikoa, baina harriz harri altxatzen joan dira, joan gara. Eta iritsiko da unea zeinean ez dugun jakingo zertarako gotortu ginen orube horren barruan, eta itogarri egingo zaigun. Ihes egin nahi izango dugu, eta berandu izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.