Berlingo harresiaren gainbeheratik hona, horma eta harresien eraikuntzak etengabe egin du gora. Gaur egun dauden hormen erdiak 2010az geroztik eraikiak izan dira mugen fortifikazio logikari segituz, helburua ez baita gehiago lurralde baten defendatzea, blindatzea baizik, super-muga bilakatzea hots.
Azken bi hamarkadetan izan den fenomenoa da mugen zerratzearena, eta ondorioz Europan ere alanbre ziztadunak arrakasta berezia hartzen ari dira garai honetan.
Ekonomiarentzat mundializazioa baldin bada lege, kontrakoa gertatzen ari da mugekin, pertsonen arteko demarkazio mugak ugaritzen ari dira. Horma defentsiboak, ideologikoak, etnikoak zein erlijiozkoak, migratzaileen aurkakoak hamaika besterik ez ziren lurrazalean 1989an. Hirurogeita bost dira egun, eta beste hamabost bat bidean...
Lotsaren horma Gazan, bakearen horma Irlandan, hondarrezko horma Saharan, Tijuanako horma, bi Koreen artekoa, Ceuta eta Melillakoa... zerrenda luzatzen ari da urtetik urtera.
Edozein izanik ere, horma mugatzen duen zerbait da, espazioa zatikatzen, aiher den ingurumenaren arabera segurtasunezko espazioa asmatzen duena, kanpoa eta barna definitzen dituena, pertsonen, eta batez ere migratzen duten pertsonen joan-jinak hobekiago kontrolatu nahian beti.
Bada inbasioetatik babesten duen harresia, bada India eta Bangladeshen artean milaka kilometrotan herriak erditik mozten dituen horma, etxekoak banandurik, hauek horma arbitrarioa zeharkatuz geroz tirokatuak direlarik.
Bada munduko hormarik altuena, Himalaia mendebalean kokatua, Kaxmir erditik zatitzen duena, bada bere burua hormaz eta harresiz inguratu duen Uzbekistan herria, berak eraikitako murruen artean preso.
Bada Calaisen eraiki den migratzaileen aurkako azkenetakoa, landarez jantziko dutena ingurabidean dabiltzan ibilgailuen ikuspegia zaintzeko... kontzientzia landarez estali eta zinismoak nolako lorea ematen duen ikusterik izanen dugu hain segur laster.
Hormara buruz goaz itsu-itsuan, hainbeste horma eraiki behar horretan, kopetak paretaren kontra joka ari gara behin eta berriz. Auhenen horma ez da ez aise malkorik gabe geldituko.
Eta bada hormara eramaten zuen eskailera, Itziarko taberna batean sartu eta berehala ezkerretara zegoena, hantxe, lauzpabost maila zuen zurezko eskailera, mailak igo eta hormara eramaten zuena, besterik gabe.
Bazuen absurdotik aski, poetikotik asko. Niri bederen ametserako leihoa ireki zidan aterabiderik gabeko eskailera hark.
Zergatik eraiki ote zen horma itsu hura? Zer sekretu gordetzen ote zuen pareta hark? Eta zertarako atxiki inora ez daraman eskailera bat? Azken galdera da agian gehien gustatzen zaidana, gutitan gertatzen baita deusetarako balio ez duenari lekua egitea, nik uste.
Litekeena da tabernaria poeta-filosofoa zela eta bezeroei gogoetarako espazioa eskaini nahi izan ziela, Sisiforen gisan gora eta behera zentzurik gabe eta etengabe gabiltzala oroitarazteko agian, edo hormaren gibelean preso harturiko istorio politena kontatuko zionari afaria eskainiko ziola bestela.
Litekeena da hainbestetan alaiki igotako eskaileraz gupida hartu eta bertan utzi zuela tabernariak, inork erabilerarik atzemanen ziolakoan. Haurrentzat jarleku erosoa zitekeen, edo liburutegi originala, baita edalontziak pausatzeko apal inprobisatua ere.
Irailean Itziarko tabernatik pasatu naiz, eta eskailera kendua zuten jabe berriek. Taberna berritua dago, ederra, garbia. Hormak bertan dirau haatik, eta eskailerarik ez badu ere, begia hormara buruz joan zait, irudimenezko espazio librea zabaltzen duen hormara buruz.

ARKUPEAN
Hormara buruz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu