Garbiñe Ubeda Goikoetxea.
ARKUPEAN

Idatzizkoan preso

2023ko apirilaren 07a
00:00
Entzun
Hamabi edo hamahiru urte izango nituen merkataritza-zentro bat estreinakoz zapaldu nuenean. Oker ez banago, Oiartzunen izan zen, eta parke tematiko batera joango bagina bezala eraman gintuen izeba batek. Buffet librea datorkit akordura, aukeratzeko eta nahi adina hartzeko aukera ordura artesekula halakorik ikusi gabea nintzen ni, eta karikaturazko mamut baten irudi erraldoia hipermerkatuko sarrerako paretan, eslogan ospetsu hura aldamenean zuela: Mamouth aplasta los precios.

Nola asma hipermerkatu munstro hura, zalantzarik gabe alimalekoa eta guretzat bederen arrotza, hain arrunt eta txiki bilakatuko zenik hainbat urteren bueltan. Oiartzunen bertan Iruna bidean beste hipermerkatu bat ere bazela jakinik ere, nekez imajinatuko genukeen, halaber, Oarsoaldeko panorama hura prezioak zanpatu eta herri barneak suntsitu zalea, funtsean, bailara guztietara hedatuko zenik, hain aske, hain ziur. Hura gure inozentzian gehitxo imajinatzea baldin bazen, are gutxiago imajinatuko genukeen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarriko ziren hipermerkatuetan salgaien sailkapenerako izendegia euskaraz ere errotulatuta ikusiko genuenik. Urteen joanean gertatu den prozesua eta jabeen beligerantzia ezagutu dugunoi harrigarria egiten zaigu Mercadonan, Prycan, Aldin,Lidlen edo prezioak zanpatzea negozio bilakatu duen edozein hipermerkatutan sartu eta, Edari gasdunak, Izoztuak edo antzeko izendapenik idatzita ikustea.

Hain zuzen. Izatekotan, idatzizkoa da gurea. Ez da erabat mutua, baina bai isila. Baina bai isilarazia. Nori ez zaio inoiz gertatu, errotulazioa ezin ugariago eta koofizialago idatzita dagoen tokian, euskaraz hitzen bat esan eta «¡¡Qué!!» eta «¿¿Cómo??» zakar entzun beharra, esandakoa errepikatzeko galdea edo ez ulertuaren espresioa baino gehiago, «Utikan» dirudien tonuan. Nori ez zaio gertatu, hipermerkatutik erdi zorabiaturik atera eta arnasa hartzean, gutxienez Badajozeraino telegarraiatu dutela sentitu izana, orgari tiraka pasatu dituen apalategiak euskaraz ere titulatuak izan arren.

Idatzizkoa besterik ez delako gurea. Besteena, berriz, unibertsala eta non-nahikoa eta orobat ozena. Bozgorailuetatik harrapatuko zaitu, burutik behera, ate nagusia iragan orduko harrapatu ere, lehenik belarriak saturatzera eta jarraian mitokondrietaraino inbaditzera, eta ez naiz iragarkiez ari, musikaz baizik. Halaxe dakizkizu, kasik buruz, gaztelaniaz nahiz ingelesez sortzen diren abestien azken hit parade-ak, eta fitsik ez, berriz, euskaraz sortzen denaz. Uhinetan ez delako lekurik guretzat. Lotsarik gabe baztertzen gaituztelako. Erretzaile pasiboak bagina bezala, arnasasanoa ukatzen zaigulako.

Idatzizkoa da gurea, baina azalekoa betiere. Inoiz ez mamia. Aurkituko dituzu, liburu eta aldizkarien apalategiak alfabetikoki edo autoreka sailkatuta. Aurkituko dituzu, generoaren arabera eleberri edo nobela beltza edo erromantikoa edo autolaguntzarakoen artean kokatuta. Aurkituko dituzu, baita adinari begira 2-4 urte artekoentzat edo gazteentzat bereizita ere. Baina euskarazko sailkapen nagusi horietan inoiz ez duzu euskarazko libururik aurkituko. Horiek ez daude. Horiek ez dira. Horiek ezin dira izan. Horientzat, izenik ere ez duen izendapena asmatu dute, txoko batera kondenatzeko: De aquí.

Nor izan zen hizkuntza eta kultura arlo apartekotan bereizi zituen iluminatua? Nor, euskara mamiz eta izen propioz hustuta libre geldituko zela uste izan zuen madarikatua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.