Ihes egin. 1 du ad.-lok. Arrisku eta kalte bat edo batere gogoko ez den zerbait saihesteko nonbaitetik urrundu, gehienetan lasterka.
1 adb. Zikoin zuriek (Ciconia ciconia) Europara ihes egiten dute udaberrian klima beroagoaren bila. Eta udazkenean, aldiz, Saharaz Hegoaldeko Afrikara itzultzen dira.
2 adb. Ibrahim Talal Abu Saifek (Jaffa, Palestina, 1985) salatu du «inon» ez daudela seguru; «ez hegoaldean, ez iparraldean». «Ihes egiteko esaten digute, eta guk ere hori egin nahi dugu, baina ez dakigu nora».
Ihes egin. Xibarta baleak urtero 25.000 kilometro inguruko migrazio luzeak egiten ditu poloetatik ozeano tropikaletaraino. Vanessa cardui tximeleta Ozeano Atlantikoa zeharkatzen duen intsektua da, Hego Europatik edo Ipar Afrikatik Islandiaraino irits daitezke eskalarik gabe. Dortoka bobak ehunka kilometroko migrazioak egiten ditu janariaren bila, gero jaio zen hondartzara itzultzeko. Izokinak ere ibaietan jaiotzen dira eta ozeanora migratzen dute, eta horiek ere jatorrizko ur gezatara bueltatzen dira arrautzak errutera.
Baina bidea ez da beti samurra. Batzuetan arrantza sareetan trabatuta geratzen dira edo itsasontzien kontra jotzen dute itsas animalia askok. Urpeko kutsadura akustikoak edo farolen argi artifizialak desorientatzen dituzte sarri, eta migrazioa geldiarazten. Turbina eolikoetan edo dorre elektrikoetan ere hiltzen dira hegazti asko eta asko. Eta hainbatetan euren jaioterriko habitatak suntsituta eta ezezagun aurkitzen dituzte, maiz zementuz eta eraikinez estaliak.
Bidea ez da beti samurra hegazti-arrain-ugaztunentzat, mekanismo humanoetan erortzea ez baita kasualitatea: aire toxiko eta ozeano kutsatuez josita dago planeta. Baina ez hori bakarrik, gizakia da, ihes egiteko bere buruari mugak jartzen dizkion animalia bakarra.
Munstro asko datozkit burura, baina erraldoietan handienetakoa da Europar Batasunak askatasunaren eta segurtasunaren izenean Schengen espazio «librea» babesteko sortutako Frontex piztia instituzionala. Atzerritartasun legea makulu, barrukoon ongizatea kanpokoengandik babesteko dena da justifikagarria. Itsaso, zeru eta baso militarizatuak, kanpotik datorren orori ateak ixten dizkiona. Eta perimetroa ez da bereziki txikia: 12.500 km lurreko muga eta 70.000 km itsas muga ditu eta hiru mila irla inguru.
«Mugak gizakiak sortutako marra ikusezinak dira» irakurri nuen ostiral honetan estreinatu berri den Faisaien irla filmaren kredituetan. Pelikulan lerro administratibo baten absurdoa fotogramaz fotograma erakusten da. «Frantziak 2018ko udan ezarri zuen polizia-kontrol arrazistak eta Bidasoa ibaiaren mugako zubiak ixteak, Europako gainerako herrialdeetara igarotzen ari ziren etorkinak sartzea saihesteko, hamar heriotza eragin ditu dagoeneko». Ihesa zilegi balitz, kartografia ez litzateke marra-multzo hiltzailea izango.
3 adb. «Onena beste herrialde batera joatea izango da, hemen ez dago aukerarik». Bi eskuekin buruari heldu eta negarrez hasi zen. Galdetu zidan ea etxetik ihes egin nahi nuen. «Ez, ama, ez da hori».
Azkenean, nire hitzak aintzat hartu eta, «oke», esan zidan. «Oke», eta beste bi gauza. Bat, «Ibrahima, zaindu zure burua ongi». Eta bi, «egunero egingo dut otoitz jainkoak begira zaitzan». «Jaarama buy», erantzun nion, mila esker. Eta Konakryra abiatu nintzen. (Miñan, 2019)
Ihes egin. Ik. itzuri; hanka egin; eskapatu. Norbere lurraldea utzi eta beste territorioak zapaldu. Minetik, beharretik, beldurretik «itzuri», edo besterik gabe, beste bizitza baten bila partitu. Hegaztiek hotzetik ihes egiten duten eran, arrainak ur beroen bila menturatzen diren lez, ugaztun batzuk euriaren peskizan doazen moduan.