Gogoan dut hamar bat urte nituela, uztaileko egun luzeetan zerbait probetxugarria egiten pasatzeko asmoz teniseko eskoletara eraman nindutela gurasoek. Ikasgelako zenbait lagunekin batera eman nuen izena, eta auzoko kirol-denda hartako erakusleihoan argazki moduan ipini zuten John McEnroe hura bezala izan nahi nuela oso gogoan dut. Pentsa, hark bezala, nik ere elastikoa jarri nuen kopetan; hark sosak irabazten zituen kirol-arropa etxe baten izena bekokian eramateagatik eta neronek ere publizitatea egiten nuen, Kilometroak 90 leloarekin. Zalaparta ugari egiten zuelako nuen maite McEnroe, antzezlan bateko aktorea baitzen niretzat, eta ederki pasatzen nuen aulkiko epaileari bereak eta bi esaten zizkionean, piperrik ulertzen ez nuen arren.
Ulermen eskasia izan nuen uztail hartako goiz batean. Teniseko irakasleak sarearen beste aldetik botatzen zigun pilota guk erraketarekin ahal genuen moduan berari bueltatzeko. Egin genuen saio bat, eman nion gogoz pilotari eta berriz nire txanda irits zedin lerrora itzuli nintzen. Bertan zain nengoela, atzean nuen neska batek galdera bota zidan: ¿Eres zurda? (Ezkerra al zara?). Ez nekien zer zen zurda hura, eta, auskalo nondik eskuratu nuen erreflexu gaitasun nanoarekin, ez-entzunarena egitea erabaki nuen. Nik ere, ostruken antzera, irudimenean nuen lurraren azpira eraman nuen neure burua, neska hark galdera berriz egin ez ziezadala auskalo nori erregutuz.
Oso presente dut etxera itzuli nintzenean amari galdetu niola hiztegian berria zitzaidan hitz hura. Logika txatxuaz gaztelaniazko zerriaren antza hartu nion hitz hari, eta lasaitu egin nintzen amak benetako esanahia jakinarazi zidanean. Eskuina nola esaten zen galdetu nion, eta buruan diestra hitza iltzatua nuela hurrengo egunean neska hari eskuina al zen galdetu nion. Egoera erabat inozoa zen, eta inozo izan ginen era berean gure bigarren hizkuntza kalean ikasi genuenean. Asteon etorri zait kopetaren lehen lerrora oroimen galdutik pasarte hura, berez irri txikia sortzen duena, berriz oroitzearen arrazoia guztiz kontrakoa izan arren.
Gartxotek ez du oraindik tenisa gustuko; batera eta bestera ibiltzen da jolasean, baloiaren tentazioak erabat harrapatu ez duela. Itzaltzuko bardoaren izena du eta, hark bezala, hizkuntza erromantze modernoa ez du oraindik menperatzen. Euskaraz bizitzeko zorte itzela izan duen haurra da, eta arrotz egiten zaio berak hain arrunt ikusten duen euskarazko irakaskuntza Mañerun, Nafarroa zabalean edo Iparraldean ezin ikasteak.
Gartxotek aurreko batean arreba zaharrenari lagundu zion ogi bat eta dozena erdi arrautza erostera. Dendako erakustokiari begira jarri zen, eta saltzaileak, gaztelaniaz, esan zion kontuz ibiltzeko, zerbait puska zezakeela. Mutikoak mezua ez zuen ulertu eta berdin jarraitu zuen erakustokian zegoenari begira. Saltzaileak, horrenbeste urtetan garatutako enpatia eta goxotasuna erabiliz, esan zion: ¿Eres tan tonto que no entiendes el español? (Hain inozoa zara, gaztelaniarik ulertzen ez duzu?). Haurrak hitzez hitz ulertu zuen gizon hark esan ziona, baina ezin izan zuen konprenitu gaztelania ondo ez jakiteagatik inozotzat hartu izana. Inguruan zituen helduek argi utzi nahi izan zioten hizkuntzek gehitu egiten dutela, eta ez kendu; berak gutxienez bi dakizkiela eta McEnroeren hizkuntzan, bi set irabazita dituela. Gartxotek ez zuen erraketarik hautsi baina helduon buruotan lurraren kontra danbadaka aritu ginen. Hau da hau inozoaren patua: elebakarrak elebiduna bi hizkuntzak jakitera behartzea, berak bakarra jakin arren.

ARKUPEAN
Inozo izatearen patua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu