Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Inplikazioa

2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Badator Euskaraldia. Datorren ostiralean hasi eta bi astez luzatuko da. Ez dakiguna da beste aldi honek noraino baldintzatuko duen. Ez bere ikusgarritasuna soilik, baita ariketa bera ere. Azken finean, ez dezagun ahaztu, ariketa edo praktika bat da Euskaraldia. Eta egunerokoa horrenbeste aldatu zaigunotan, non, nola eta norekin egon gaitezkeen mugatuta daukagun garaiotan, automatikoki baldintzatu digute zenbat, nola eta norekin hitz egingo dugun.

Edozein kasutan, bada fenomeno bat bi aldi-etan azaleratu dena. Itxialdian balkoietako polizia gisa ezagutu genuen fenomenoaz ari naiz. Antzerako zerbait gertatu zen orain bi urteko euskaraldian, eta litekeena da honetan ere berriz gertatzea. Eta halako fenomenoen aurrean, bestelako defentsa mekanismorik ez, eta norbere buruaren erabaki eta jokabideak justifikatzeko saiakera desatsegin eta frustragarri bati ekiten diogu, ezinbestean.

Matematikariok ohituta gaude dena justifikatzen. Alferrik da «halako egia da», «honelako ez da beti betetzen», «hau egia denero beste hau ere bada» edo «honek ez du soluziorik» gisako sententziak botatzea baldin eta ondoren justifikatzen ez baditugu. Baina bi justifikazio egoera ezberdin ematen dira. Batean, galdetzailea gu epaitzen ari da, berak badaki emaitza, seguru dago bere argumentuez, eta ea guk benetan ondo arrazoitzen ote dakigun jakin nahi du. Bestean, galdetzailea (emaitza ezagutu zein ez) guk zer azalduko zain adi-adi egoten da. Ez badaki, ulertzeko esperantzan. Baldin badaki, guk nola azaltzen dugun jakiteko asmoz. Beti ez baitago azalpen bakarra. Eta bigarren galdetzaileari denak zaizkio interesgarri. Horrek ez du esan nahi bigarrena ere mesfidati ez dagoenik eta edozein argumentu onartuko digunik. Bi entzuleen jarrera oso antzekoa izan liteke, baina helburua ezberdina da.

Gauzak justifikatzerakoan matematikan gehien erabiltzen den tresna inplikazioarena da.P sententziak Q sententzia inplikatzen duela esaten da, baldin eta P egia den guztietan derrigorrez Q egia izan behar bada. Baina kontuz, horrek ez du esan nahiQ egia denero P egia denik. Gerta liteke Q beste motiboren batengatik izatea egia. Hori bai, Q ez bada egia, orduan P ezin da egia izan.

Esaterako, P «Ane algortarra da» bada eta Q «Ane bizkaitarra da», bistakoa da P-k Q inplikatzen duela. Baina gerta daiteke Q egia izan eta P gezurra izatea. Hau da, gerta daiteke Ane bizkaitarra izatea Ortuellakoa delako, eta beraz, algortarra ez izatea. Hori bai, Ane ez bada bizkaitarra (Q gezurra), orduan bai, ziur esan dezakegu Ane ezin dela algortarra izan (P gezurra).

Nik ulertzen dudan gisan, ahobizi izateak belarriprest izatea inplikatzen du. Ahobiziak, lehen hitza beti euskaraz egin eta ulertzen duenari euskaraz egiteko konpromisoa hartzen duen unetik, berarekin euskaraz aritzeko gonbidapena egiten die ingurukoei, inplizituki. Ahobizi bat ezin da belarriprest ez izan. Alderantziz ez, belarriprestak gonbida ditzake ingurukoak euskaraz egin diezaioten berak euskaraz egin beharrik gabe derrigor. Nahiz eta ez daukan debekatuta, jakina. Belarriprest bat izan daiteke ahobizi, baina ez du zertan. Eta noski, belarriprest ez dena ezin da ahobizi izan.

Matematikan oso ohituta nago edozer gauza justifikatzen. Bizitza errealean gehiago kostatzen zait. Edo ez zait horrenbeste gustatzen. Aurtengo euskaraldian belarriprest izango naiz. Ulertu eta jakiteko asmoz galdezka datorkidanari saiatuko naiz azaltzen erabakia zerk eta erabakiak zer inplikatuko duen nire kasuan. Nire inplikazio maila epaitzeko asmoz galdezka datorrenari, ez.

Galdetzailearen intentzioa antzematea ez da beti erreza izaten, tamalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.